Aitor Mendilibarrek eta Jon Aramendik bide luzea daukate oraindik jaialdiz jaialdi aritzeko. Izan ere, 46. Euskal Zine Bileran zuzendaririk onenaren saria jaso ondoren, Habana Glass film laburra bateko eta besteko jaialdietan aurkeztea espero dute. Gabonetara bitarte, baina, publikoak Habana Glass ikusteko aukera bakarra izango du: hain zuzen ere, Durangoko Azokan.
Hamarkada ezberdinak, hainbat kokaleku, tortura… Zer kontatzen da ‘Habana Glass’ lanean?
Nolabait, 90eko hamarkadako road movie baten gisara landu dugu film laburra. Benetako pasarte batean oinarritu nahi izan dugu, hartara, ikusleak kokatzeko edo enpatia sentitzeko, filmean sartzeko… Alegia, gai ezagun bat ardatz, gure fikzio gaia landu dugu. “Ez-leku” bat sortu dugu, gaztelerazko “no lugar” esamoldeari dagokiona. Zentzu horretan, benetako pasarte baten bitartez, fikziozko istorio bat landu dugu.
Euskal Herrian aski ezaguna da torturaren gaia, baina AEBetako basamortuak gogora ekartzen dituzten paisaietan kokatu duzue. Zergatik horrela?
Horregatik esan dut hemen ere kokatu dugula pixka bat lana: hemengo pasarte batekin eta, nolabait, gaiaren nondik norako muinak sortuz. Gero, baina, fikzioa sortzerakoan, erabaki genuen desertura, klima lehorrera edo leku bero batera mugitzea. Zentzu horretan kokatu gara “ez-leku” baten. Jende askok esaten du AEBetako irudiak diruditela, baina egia esan, hemen grabatu dugu: Monegrosen ibili gara, Miranda de Ebron, eta hainbat leku ezberdinetan.
Western itxura badu ere, Euskal ‘road movie’ bat dela ezan dezakegu?
Bai, hori da. Guk Euskal Road Movie deitu diogu pelikulari. Orain, esaterako, kamiseta ba-tzuk atera ditugu Basque road movie esaldiarekin. Ni neu genero horren eta hamarkada horren jarraitzaile sutsua naiz, eta lana proposatu genuenean pentsatu genuen: “Road movie asko daude”. Baina hemen ikusten diren azken hamarkadako road movie-etan, furgoneta batekin bidaia bat egiten dute errepidean barrena, eta horietan, istorioak pisu asko izaten du. Guk gauza klasiko baten alde egin nahi genuen, zeinek oinarrian benetako road movie baten kokalekua izan behar zuen. Road movie deitu diogu ikusten dugulako genero hori hemen ez dela lantzen, denboran ahaztuta gelditu den generoa delako. Guk, aldiz, ikusi dugu gure istoriotxoa kontatu genezakeela generoan oinarrituz eta genero horrek daukan ezaugarriekin: errepideak, desertua, giro bero samarra, eta zelan ez, road movie guztietan agertzen dena: musika asko, sentsazioak irudikatuta.
Kutsu amerikarra, baina film laburrean musikak duen pisuarekin, euskal musika erabili duzue…
Bai, genero honetako pelikulak musikarekin laguntzen dira, eta nahiz eta jakin pelikula hemen kokatu eta grabatuko genuela, kanpoko musika asko etorri zitzaigun burura, baina hau Euskal Road Movie gisa hartzen badugu, eta hemen egingo badugu, lagunen musika soinu-banda egiteko erabiltzea ideia ona iruditu zitzaigun. Horrek, azken finean, beste sentsazio bat ematen dio, irudietan nabari daitekeen moduan: basamortuan gaude, AEBetan, bada, musikarekin zergatik ez tokian gelditu, hemen kalitatezko gauza asko dauzkagunean? Musikarekin ondo irudikatzen da kontatu nahi genuena eta ikusten dugu kalitatezko musika jorratzen dugula; oso eskertuta gaude talde honek baimena eman digulako eta gure proiektuan parte hartu dutelako.
“Ez-lekua” sortu duzue, baina musika ez da euskal izaera duen bakarra. Nola izan da formatu hau lantzea, Euskal Herrian hain ezagunak diren elementuekin?
Gaia kokatu nahi izan dugu ikusleak nolabait argudioarekin lotu daitezen. Gero, egia da, jendea atzerrira, erbestera, joaten denean, nolabait, leku berri batera doala, denontzako dena ezberdina eta berria den leku horretara. Eta toki berri horretara moldatzera behartuta daude erbestera joandako horiek. Gu, gure aldetik, saiatu gara gure protagonistarentzako leku berri hori bere betiko lekuen ezberdina izan dadin. Modu koherentean egiten saiatu gara hasierako planteamenduarekin. Hasiera baten, gai serio bat jorratu dugu eta denborarekin ikusten da, aurrera joan ahala eta denbora tarte ezberdinetan finkatuz, gauzek beste erritmo bat eta beste tonu bat hartzen dutela, bestelako egoera bat sortzen dela. Dena den, ku-tsu umoretsua ere badauka, eta horrek lana akzio gehiagorekin sortzea egiten du, bihurrikeria puntu bat azalaraziz.
Iraganeko mamuekin “errotik moztu” behar duen gizon baten istorioa kontatzen da, ezta?
Inflexio puntu bat da hori. Hasieran, bizitako pasarte batek bere bizitza osoa baldintzatzen du eta ikusten da nola erbestean edo bere “ez-lekuan” dagoen bitartean, moldatu dela bere bizitza berrira. Errutina berri bat hartu du eta bat-batean errutina hori mamuen erruz aldrebestu egiten da; hala, konturatzen da garai horretan bizitakoak berriro ere bere bila datozela. Esan dezakegu filmaren puntu estrategiko bat dela, non protagonistak erabaki bat hartu behar duen. Erabakia hartuta, bizitza osoa baldintzatu dion guztiari erantzun bat eman behar dio.
Kontakizuna jarraituko dugu ez dialogo sakon batetik, baizik eta giroagatik, pertsonaien ekintzengatik…
Hori da, azkenean, istorioak kontatzeko era asko daude, eta, askotan, asko hitz egin dezakegu eta gutxi kontatu. Beste batzuetan, begirada soil batekin dena esaten dugu. Film laburra dela kontuan hartuta, eta akzio asko duen lana izanik, musika asko, dinamismo asko… dago. Hori horrela, elkarrizketak ez zirela lehentasunezkoak edo beharrezkoak konturatu ginen. Halaber, genero honetako pelikulen oinarrian, sarritan, ez dute askorik hitz egiten, normalean mugimenduen eta sentsazioen bitartez dena helarazten baitute. Gu ere konturatu ginen minutu gutxitako iraupena duen film labur batean ez genuela gure arreta elkarrizketetan jarri behar. Hala ere, pelikulan ageri diren elkarrizketak nahiko tinkoak dira, eta asko esaten dute.
Irratiak ere kokatzen gaitu kontakizunean…
Irratiaren bitartez, benetako gertakariak helarazten dira, eta hor dago askotan nondik norakoen muina. Dauden elkarrizketa gutxietan, modu paraleloan, parafraseen bitartez ez dira gauzak modu literalean esaten, baina asko esaten da. Guk beste era batera egin nahi izan dugu, askotan elkarrizketak zuzenak direlako; guk nahiago izan dugu kanpotik elkarrizketak sortu, benetako mezua zein den ikusteko.
46. Euskal Zine Bileran parte hartu duzue eta zuzendaririk onenaren izendapena jaso duzue. Zelakoa izan da esperientzia?
Kristoren esperientzia izan da. Aitor Mendilibarrekin egin dudan lehenengo film laburra da, eta baita ezaugarri hauek dituen lehen lana ere. Modu pertsonalean, oso polita izan da, Aitor mundu honetan lanean ari da, eta berarentzat sari hau beste bat gehiago izan da. Niretzat, sailkatua izatea bakarrik, sari bat izan zen. Hor egotea eta saria jasotzea izugarria izan zen. Lehenengo lana esku artean daukazunean, ondo egiten duzun zalantza duzu, ondo ulertuko den edo ez… Hala, prozesua aurrera joan ahala, joan gara ikusten jorratu duguna ondo dagoela, baina ez genekien zenbateraino, eta aitorpen hori polita izan da. Aitorri eskerrak eman nahi dizkiot, lagun minak garelako eta bikote ona egin dugulako. Bera ez zen saria jasozera etorri, eta nik jaso nuen bion partez; pozik hartu nuen, baina gustatuko li-tzaidake bera ere saria jasotzen egon izan balitz.
Aitorrekin batera, talde handi batek egin du lan proiektuan, ezta?
Azkenean hau lagun talde batek egindako proiektu bat da, eta benetan eskertzekoa da zelan lagunek proiektua bere egin duten lagun izatearren bakarrik. Beraz, esker hi-tzak ditut proiektuan parte hartu duten guztientzat.
Jaialdiz jaialdi ibilita, ibilbide luzea egiteko asmoa duzue?
Gure asmoa hasiera baten Lekeitioko Zine Bileran aurkeztea zen, baina ikusi dugu harrera ona izan duela eta saiatuko gara beste jaialdi batzuetan ere aurkezten udara bitartean. Estatu mailan eta nazioartean aurkezten hasi gara ea aukerarik daukagun beste jaialdiren batean sartzeko.
Eta publikoarentzat, estreinaldi ofizialik egongo ote da?
Itxaron egin beharko da. Durangoko azokan gure lana jasoko dute eta Irudienean ikusteko aukera egongo da. Hortik aurrera, jaialdietan aurkeztu eta gero zabalduko dugu plataforma ezberdinetara… Hemendik Gabonetara Durangoko Azoka izango da aukerarik onena Habana Glass ikusteko behar den moduan, pantaila handian Durangoko Irudienean.