Duela gutxi (sareetako denboran, ekainean izan bai-tzen), betikotzat jotzen diren zigilu baten bukaera iragarri zuten. PC Music zigilu eta kolektiboak haien Instagram kontuaren bitartez, “hamarkada baten ostean” jarduna geldituko zuela iragarri zuen; hala, urtea amaituta, soilik berrargitalpenak argitaratuko dituztela jakinarazi zuten, eta mezua “Personal Computer Music forever” esaldiarekin bukatu zuten. Arrazoi osoa dute: ez bakarrik ordenagailu bidezko musika betirako errealitatea izango delako, baizik eta haiek musikan izan duten eragina betierekoa izango delako. Modu pertsonalean aitortu behar dut beti liluratu nauen eszena dela PC Music-ena. Beti izan dut irakurleei sentipen hori zabaltzeko gogoa; beraz, aukera probestuko dugu: egin PC Music bilaketa soila Interneten, eta murgil gaitezen bere errealitate digital, koloretsu eta dantzagarrian. Ziurtatuko dugu bere soinu estetika musika joeran erabat txertatuta dagoela.
Soinu nahastura koloretsua
Bai, behin bilaketa eginda seguru txundituta gelditu zarela kolore, forma eta izen zaparradarekin. Horiek dira PC Music zigilu eta (gerora) generoaren ezaugarri funtsezkoenak. Alde batetik, birtualtasuna; edo, beste era batera esanda, Interneten sortu, igorri eta kontsumitu den musika eta eszena, gehienetan fisikoan argitaratu ez dena. Beste alde batetik, kontsumismo, publizitate eta 1990-2000 hamarkadako iruditeria era surrealista eta gehiegizkoan erabiltzea. Ironia karga handiko camp eta kawaii elementu samurrek sareen irenste distopikoa ohartarazi nahiko balute bezala. Letrak ere zipriztintzen ditu joera horrek: azaleko mezuak, amodiozkoak gehienetan, Internet bidezko harreman hutsak eta esaldi itsaskorrak. Gehienetan, kolektiboko kide ezberdinek sortzen dituzte taldeak edo haien artean kolabora-tzen dute, beraz, pantailan ikusten dituzun ezizen horiek guztiak jarraian ezagutuko ditugun lauzpabost artistek sortuak dira, horrela ziberkulturan oinarritutako pertsonaien bitartez identitateak digitalizatu eta itxuragabetuz.
Efektu hori ahotsen erabilerarekin areagotzen da. Ahotsak beti doaz efektuz gainezka musika estilo honetan. Identitate digital unibertsal baten atzetik doan belaunaldi bat da, baina baita atzera begira dagoena. Izan ere, 1990eko hamarkadako azken urteetako eta 2000ko hamarkadako hasierako urteetako musikaren soinu estetika bilatzen du kolektiboak. Orduko eurodance (Euskal Herrian, Hemendik At musika taldeak maisuki jorratu zuena), house, trance eta progresive estiloen arpegiatzaile hipnotiko eta ameslariak, eta bukatzeko, diva ukitu bat. Bai, PC Music-ek soilik emakumezkoen ahotsak erabiltzen ditu, eta 90eko diva estetika goraipatu eta ba-tzuetan drageraino puzten du, generoa ezabatuz. Gainerako instrumentu eta soinu aukeraketak -ehuneko ehunean ordenagailuz ekoitzitako musikaz ari gara- ere ildo berean doaz: erroan, duela hogei urtetako mainstream izateagatik baztertutako estilo musikal masiboak. Bai, edonon entzuten ziren eurodance eta pop ekoizpenak: Cascada, Kyle Minogue edo Britney Spears artistenak bezalakoak. Horri ekoizpen garaikidea gehitu, muturrekoa: grime-aren subgrabe baxuak, bubblegum bassaren erritmo saltokaria, edo happy hardcorearen bonbo bortitzak.
Horixe da, hain zuzen ere, estilo honek izan duen eraginaren gakoa: Internet-ostearen garaian -baina atzerakoian-, mainstream aurreiritzia zuten soinuek gure soinu subkon-tziente kolektiboan txertatuta dauden ezaugarri eta gako garrantzitsuenak erauzi, eta hauek uztartuz, estilo gaurkotua eta itxuraz komertzial bezain lurrazpikoa eratzea. Gaur egun, Bad Gyalek Flow 2000 ereserkiarekin liluratuta duen belaunaldi guztiak hor du 2013tik inspirazio iturri izugarria, eta behingoz mainstream-era heldu da hamarkada horiekiko nostalgia, moldatze eta gaurkotze grina, joerak ziklikoak diren heinean. Hala jaio da “hyperpop” hitza, estilo horretaz kutsatutako hotsandiko popa izendatzeko. Gainera, eragin horri esker, beste estilo batzuen birjaiotze bat ari da gertatzen: gabberra, hardcore technoa edo trancea, esaterako. Beti bezala, berandu (behintzat eztandak gehiago iraungo duen esperoan), baina gurera ere heldu da fenomenoa. Estatu mailan Gomet taldea dago, eta Luna Ki, MDA edo Orsloken estiloak ere hyperpopetik gertu daude. Gutxi dira ezaugarri horietako proiektu euskaldunak: Mirua, Kai Nakai edo Rruccullaren ekoizpenen bat, akaso.
PC Music zigilu eta kolektiboa 2013an sortu zuen AG Cook ekoizleak Ingalaterran, Soundcloud plataformaren bitartez, artista bitxien abestiak zabalduz. Baina berehala sortu zen mugimendu eta estilo orokorra Interneti esker. Bilduma digitalak zabaldu, bideoklipak ekoitzi… Baina guztia Interneterako, mundu fisikoan jarduera handirik egin gabe. Zuzenekoetan, online eszena batentzako punturik hoberena pandemiako berrogeialdia izan zen, non streaming bidezko nazioarteko jaialdiak egin zituzten. Artistek etiketei uko egiteko ohituragatik, normalean artista hasiberriak izatetik, heldutasun artistikoa ezartzean zigilutik alde egin eta musika globalaren ikur handi bilakatzeraino. Charli XCX izan daiteke adibiderik muturrekoena, Danny L Harle edo Hannah Diamondek jarraitzen dutelarik. Noski, duela urte batzuk, goizegi, zendu zen Sophie erregina ahaztu gabe; izan ere, estilo hori ulertzeko funtsezkoa da. Beragatik, soinu eta musika paradigman izan duen eraginagatik, utzi dituen artista mordoagatik eta etorriko direnengatik, bizi dadila PC Music!