John Andueza ikus-entzunezkoaren munduari lotuta egon da betidanik. Gidoigile, zinema zuzendari edo telebista aurkezle aritu da, baina bere beste ogibide oparoenetariko bat idazlearena da. Para Bellum eleberria kaleratu berri du, bere hamargarren argitalpena, hain zuzen ere. Fikziozko nobela bat da azkena, baina Euskal Herriko azken mendeko gertakizunak ditu oinarri kontakizunean.
Nola laburtuko zenuke ‘Para Bellum’ liburua hitz gutxitan?
Liburu honek aspaldian lagunak izandako Elgetako bi familiaren istorioa kontatzen du. Halako batean 1936ko altxamendua gertatzen da eta hortik aurrera bi familia horiek erabat bana-tzen dira. Geroztik, eta urteetan zehar, elkarri kaltea eragiten dihardute. Askotan, indarkeriaren dinamika martxan jartzen denean, badakizu nola hasten den, baina ez nola jarraituko duen eta nola bukatuko den.
Liburuak Euskal Herriko azken mendearen errepaso bat egiten du. Hortaz, nork darama istorioaren pisua, pertsonaiek edo gertaerek?
Lehenik eta behin, fikziozko liburua dela esango nuke. Egia da atzetik Euskal Herrian azken ehun urteetan gertatu diren eta bizi izan ditugun hainbat konturen kronika agertzen dela. Baina ez da entsegu bat, ez da historia liburu bat; hemen dagoena da horrekin guztiarekin jolastuz sortutako fikzio bat. Esango nuke pertsonaiak erabili izan ditudala ibilbide hori egiteko.
Liburuan hainbat hilketa daude. Inflexio puntu bezala erabili dituzu kontakizunean?
Bai, nire literaturan, orokorrean, pasarte indartsu bakoitzaren amaieran beti klimax bat egotea bilatzen dut. Kasu honetan, etapa desberdinak jorratzen dira, baina klimaxa beti heltzen da heriotza baten bitartez. Azken finean, indarkeriaren eragina adierazteko modu eraginkorrena da. Beste gauza batzuek konponbidea daukate, baina heriotzak ez dauka bueltarik, eta horrek atzetik ekartzen duen guztia...
Indarkeria liburuaren hasieratik bukaeraraino dago, baina indarkeriaren aurkako iritzi argiena pertsonaietariko bat ETAn sartzear dagoela agertzen da. Hurbilago izan dugun gai bat delako da?
Inor ez da bizi inguruko ekintzekiko egoera neutro batean. Denok daukagu gure testuingurua, familia, lagunak, eta abar. Oso zaila egin zait liburu hau idaztea ez nuelako inoren alde egin nahi. Ez nuen alegatu bat egin nahi. Ni 1966koa naiz, imajinatu haurtzaro eta gaztaroa Arrasaten nolakoa izan zen. Beharbada, batzuetan, zugan eragina sor dezake, eta gauza batzuk justifikatzeko joera izan dezakezu, baina asmoa ez da inoiz hori izan. Liburua bere osotasunean hartzen baduzu, ikus dezakezu ez duela inor justifikatzen ezta inoren alde egiten. Soilik kontatzen du zeinen bide latza den eta zenbat min sentitzen den alde batean zein bestean. Hori zen helburua.
Ez dugu euskaldunok gure historia gehiago kontatu behar eta ez hainbeste kanpokoek?
Kontakizuna gerra irabazleek idazten dute. Uste dut euskaldunok kontatu baino gehiago hausnartu egin behar dugula. Askotan, errua beste bati botatzeko ohitura izaten da. Guk geuk egin ditugun gauza askori buruz idazteak, hausnartzeak edo irakur-tzeak ikasteko lagunduko liguke. Adibidez, Israel eta Palestina ahaztuta geneuzkan, eta begira nola gauden. Dena atzetik datorren guztiagatik; sua egon den lekuan txinparta batzuk geratzen dira beti. Denok izan gara historiako protagonistak onerako eta txarrerako.
Hainbeste pertsonaia ageri dira liburuan eta denbora desberdinean, gainera; zaila egin zaizu kontatzen denaren pisua hainbeste pertsonaiaren artean banatzea?
Bai, dudarik gabe. Beharbada, hori egin zait gauzarik zailena. Idazten hasi nintzenean lehenengo pasartea askoz ere landuagoa zegoen eta pisu handiagoa zeukan. Hori etapa bakoi-tzean egin izan banu, Eraztunen Jaunaren trilogia aterako litzateke. Dena liburu batean sartzea, irakurleak dena ulertzea eta ez nahastea nahi nuen. Liburuan zehar, arbola genealogiko bat zabaltzen da, eta hainbeste pertsonaiarekin oreka mantentzea zaila egin zait.
Telebistan hainbat urtez lanean ibilitakoa zara, zuzendari edo gidoilari bezala, adibidez. Idazterako orduan, lengoaia zinematografiko hori ematen saiatu zara akziozko pasarteei gehienbat edo hortik aldentzeko joera izan duzu?
Formakuntzaz kazetaria naiz eta oso gazte sartu nintzen Euskal Telebistan. Film laburrekin, film luzeekin edo zinearekin lotura estua izan dut. Agian, nire helburuak ez dira oso literarioak hizkuntzarekin edo sentimenduekin jolasteko. Gehiago zentratzen naiz gertakizunean, pasarte konkretuak erabiliz. Kode hori bai izan daiteke nire literaturaren ezaugarri bat, onerako eta txarrerako. Nik zerbait ona badaukat liburuak hasi eta amaitzeko erraztasuna da, irakurlearen lekuan jarrita. Beharbada, telebistatik datorren zerbait da, beldurrik handiena jendea aspertzea izaten baita. Nik oso presente daukat hori idazterakoan. Baina zaindu behar ditugu, beharbada, lehen aldiz liburu bat esku artean hartzen dituzten irakurleak. Nik badauzkat istorioak kontatzeko eta gai naiz liburu atseginak egiteko hainbat pertsonen-tzat, eta horien bila ibiltzen naiz.