Azken 30 urteetan egindako lanekin erakusketa bat sortu du Arkaitz Barriola artistak: “Sorpresa handia izan da asko miresten dudan jendeak erakusketak jarri dituen txoko berean nire erakusketa jartzea”. Donostiako Aiete kultur etxeko Ilustratzailearen Txokoan ikusgai egonen da abenduaren 10era arte.
Barriola erakusketa egiteagatik kontent da, txokoa “polita” delako. Hala ere, espazioa “txikia” denez, “asko” kostatu zaio erakusketarako obrak aukeratzea: “Lan handiko garaia da, eta arrapaladan harrapatu nau”. Horregatik, batzuetan zalantzan jartzen du aukeratutako obrak egokiak diren: “Egun batean pozten naiz aukeratu ditudan obrengatik eta hurrengoan damutzen naiz. Espero dut erakusketa pixka bat aldatu ahal izatea”.
Lanean hasi zenetik mota askotako proiektuak egin ditu; hala nola, ETBko sormen departamentuan aritu zen, Donostiako Zinemaldiko Aldizkari Ofizialaren maketatzailea izan zen, Bit&mina estudioa sortu zuen lagun batzuekin, haur eta gazteentzako ilustrazioak eta komunikazio kanpainak egiten ditu... Nostalgiaz gogoratu du estudioa sortu zuteneko garaia: “Gauza askoren artean, Euskal klasikoen txokoa sortu genuen. Gure-tzat klasikoak ziren zenbait istorio hartu, eta animazio bidez erreproduzitu genituen. Gustura eginen nuke berriz”.
Orain arte egindako lanak euren artean desberdinak izateaz gain, lan egiteko euskarriak ere desberdinak dira: “Erakutsi nahi izan dut lan egiteko modu asko ditudala, eta erronkak gustuko ditudanez, beti irekita nagoela”. Erakusketan dauden ilustrazio asko lapitzaz eta paperean egin, eta digitalizatu ditu, eta beste batzuk, aldiz, akuarelaz egindakoak dira. Horrez gain, eskuz marraztu eta ordenagailuz koloreztatu ditu batzuk: “Gustuko dut zenbait atzealderekin lan egitea, eta collage moduko bat egitea”. Marrazkietako batzuk errealitate areagoturako edo animaziorako prestatu ditu ere.
Teknologia berriei esker ilustra-tzeko tresna eta aukera “asko” izan arren, bidean gauza batzuk ere galdu dituztela uste du Barriolak; esate baterako, marraztean istripu bat izateko, eta okertzeko aukera dago: “Marraztean okertzen bazara, espero ez duzun zerbait agertu daiteke. Informatikan gehien erabiltzen dugun tekla Ctrl + Z da”.
Lan egiteko teknikak aldatzeaz aparte, publikoaren araberako lanak egiten ditu, eta azken aldian, haurrei eta nerabeei lotutako eduki gehiago sortzen ari da: “Helduekin konekta-tzea errazagoa egiten zait, baina erronkak gustuko ditudanez, haur eta nerabeentzat sortzen jarraitu nahi dut”. Gazteek irudiak “oso azkar” interpretatzen dituztenez, obrak sinplifikatzen saiatu behar dela uste du Barriolak: “Animazioen kasuan adibidez, oso motelak direnez, aspertu egiten dira; horregatik, haurrei zuzenduta egoten dira”.
Obra guzien arteko lotura lan ibilbidea izan arren, Barriolak ez du sentitzen lanak lotzen dituen hari bat dagoenik: “Iruditzen zait ez daukala estilo propiorik, baina jendeak askotan esaten dit obra baten egilea nor den jakin gabe nire lana dela sumatzen dela”.
Sormenarekin zerikusia duten proiektu “asko” eta “oso desberdinak” egiten dituenez aldi berean, zerrenda sistema bat dauka antola-tzeko: “Zerrenda begiratu dut, eta hamazazpi proiektu ditut esku artean orain”. Horregatik, leku guztietara koaderno batekin joaten saiatzen da: “Ideia bat apuntatzen badut ez zait ahazten”. Lanak gaina hartzen dionean igerilekura joaten da deskonektatzera: “Albo batetik bestera ibiltzen naiz, eta burua baretzen da”.
Ezagutzera emateko aukera
Orokorrean erakusketari buruzko iritzi onak jaso ditu Barriolak; hala ere, gehienak gertukoenak direla kontatu du: “Kosta egiten zaigu iri-tzia ematea, uste baino gehiago. Nire kasuan, gehienak gertuko jendearenak izan dira, eta maite nautenez iritzi onak eman dituzte. Eskerrak horrelako lagunak ditugula, bestela, nola egingo genuke aurrera?”. Gaineratu du Donostiako irudi asko agertzen direnez, Aiete kultur etxean eta Donostiako Udalean harrera “ona” izan dutela.
Gainera, kontaktu berriak ere egiten lagundu dio erakusketak: “Ez nuen espero, baina nahiz eta txoko txikia izan, enkargu berriak lortu ditut”. Orokorrean, bizitzarako kontaktuak izatea lagungarria dela uste du Barriolak; bereziki, ilustra-tzaileen munduan: “Kontaktu zuzenei esker ez gaude argitaletxe eta udaletxeen menpe”.
Ilustratzaile askorentzat sare sozialak - batez ere, Instagram- bezero berriak lortzeko erakusleiho garrantzitsuak izaten dira. Hala ere, Barriolak ez du horrelako sare sozialik: “Jende guztiak esaten dit egiteko, baina ez dut astirik. Gainera, pentsa, ikasketak bukatzen ari nintzenean jarri zituzten ordenagailuak unibertsitatean”. Oso gustuko ez dituen arren, lagungarriak direnez, etorkizunari begira sare sozialak sortzeko asmoa dauka: “Oso eskertuta nago orain arte ez dudalako lan egiteko arazorik izan, baina egia da, agian, nire gustuko lan gehiago egiteko aukera izan daitekeela”.