Bere lehen lan luzea argitaratu berri du Sara Zozaya (1995, Donostia) musikariak: Nara. Jada publikoak ezagutzen dituen hiru aurrerapen-abestiekin batera, beste zazpi lan gehitu dizkio disko berriari. Artista ezberdinen kolaborazioak biltzen ditu lanean: Bengo, amorante, Liam eta Valdivia. Azaroaren 2an Bilboko Kafe Antzokian emango du lehen zuzenekoa. Multi-instrumentistaren eta konpositorearen letrak eta melodiak askatu, agerrarazi eta loratzen dira artista donostiarraren lan honetan. Slow Musica egin nahi izan du eta bere hamar abestiak mimoz landu ditu, beharrezko denbora eskainiz.
Duela abeste kaleratu duzu zure lehen luzea. Zer moduz zaude?
Alde batetik, liberatuta sentitzen naiz, denbora luzez lantzen aritu naizen lana baita, baina, bestalde, gogotsu ere sentitzen naiz. Hasteko gogoa daukat, martxa hartzekoa, diskoa kaleratzeak esan nahi duen guzti hori bideratzeko gogoa, kontzertuak ematen hasteko gogoa. Geldirik egon den proiektu hau aktibatzeko nahia dut.
Denbora luzez egon al zara zu geldirik?
Pandemian, 2020. urtean atera nuen nire bigarren EPa eta orduan bai, orduan eman nituen kontzertuak, baina hortik aurrera, disko honen prestakuntzan zentratu naiz. Tarte horretan ez dut gehiegirik jo, eta horregatik diot ez naizela aktibo egon. Badut gogoa makinaria martxan jar-tzeko.
Lan luzea osatzeko gogoa zenuen?
Nire musika beti imajinatu izan dut binilo batean. Ideia hori erromantizatuta eduki dut beti. Hori dela eta, nire lehen disko luzea biniloan ikusi nahi nuen, lehen entzuten zen moduan, oraingo momentu honetara ekarrita. Egia da Spotify eta musikarako dauden plataformetan entzuten dela gehienbat, bertatik kontsumitzen dela, baina slow music hori lortu nahi nuen, eta hori hobekien ordezkatzen duena lan luzea da. Gauzak horrela, abesti ugari batu eta horrela argitaratu dut.
Gaur egungo musika industrian lekurik du horrek?
Zintzoa izango naiz. Nire burua entzule bezala analizatuz gero, gutxitan entzuten ditut diskoak hasieratik amaierara arte. Spotify plataforman nire zerrenda daukat eta horra bideratzen ditut entzuten ditudan nobedadeak. Hori da egunerokoan kontsumitzen dudana. Bestalde, gaur egun nola kontsumitzen dugun ikusita, nostalgia pixka bat sentitzen dut, eta, horrekin batera, baita haserrea ere. Eta orduan bai, batzuetan, artista bat hartu eta bere lehen lanetik gaur egungora arteko diskografia osoa entzuten dut. Baina egia esan, egunerokotasun honetan oso barneratuta dugu azkar entzutearena, azkar kontsumitzearena.
Diskoa kaleratu berri duzu eta denborarik agian ez duzu izan, baina zeintzuk izan dira lehen sentsazioak?
Diskoa oraintsu kaleratu den arren, lehen singlea publikatu nuenean, orduan hasi nintzen jendearen sentsazioak jasotzen. Uste dut single bakoi-tzak erakutsi didala entzulearen perspektiba bat, eta positiboa izan da orokorrean. Esango nuke askotariko publikoa hurbildu dela aurretik argitaratutakoak entzutera eta orain disko honek barnean biltzen dituen abesti guztiak entzungai, beste unibertso batzuk ireki dituela iruditzen zait. Ausartuko naiz feedbacka ona dela esatera, nahiz eta oraindik denbora eta ibilbidea eman behar diodan jendearen iritzia bere osotasunean zein den jakiteko.
‘Nara’ du izena lan luze berriak. Nondik dator?
Horrelakoak nire burutapenak izaten dira, buruari buelta dezente ematen dizkiot. Kasu honetan, hitz bati, Narari, esanahia eman diot. Kontatzen du nola heltzen ari garen momentu horretara, zeinetan urteak aurrera doazen heinean, ginen ume hori eraldatu egiten den. Eraldaketa horretan gaudela, izan ginen ume horretara iritsi nahi dugu berriro, atzera egin, itzuli. Baina, batzuetan, bide horretan galdu egiten gara. Bizipenek kapa bat jartzen digute gainean, zarakarra sortzen dute. Horrenbestez, ginen horretara berriro ere itzultzeko egin behar den bidea desikaskuntza lan bat da. Eta hori da Saratik Narara egiten den bidea, une hori, momentu hori, perspektiba bat non toki batean zauden, baina nahi duzuna atzera itzultzea den.
Nola sortu duzu ‘Nara’?
Badaude pertsonak zeintzuk egunero jartzen diren mahaiaren aurrean eta hainbat ordu jo-tzen dituzten. Ni ez naiz horrelakoa. Egia da konstantea naizela, baina beste era batera egiten dut. Egunero sortzen dut zerbait, baina oso noizbehinkakoa izaten da. Gitarra ikusten dut, akorde ba-tzuk jotzen ditut eta gustatzen bazait, mugikorrean grabatzen dut. Audioa hor geratzen da gordeta eta sei hilabete geroago entzuten dut. En-tzuten dudan hori gustatzen bazait edo zerbait transmititzen badit, berriro gitarra hartu eta zerbait gehitzen diot. Gutxinaka egiten dudan prozesua da, luzea. Beraz, egunero sortzen dut, baina gauza ezberdinak izaten dira. Ondoren, iristen da egun bat non pieza guztiak batzen ditudan; momentu horretan, argi izaten dut abestia zein izango den, zein egitura izango duen. Hala, horren gainean lanean aritzen naiz, jende gehiagorekin ondoren, eta bukatzeko, indar osoa ematen diot kantari.
Disko honetan zer aurkituko du entzuleak?
Hamar kanta aurkituko ditu, eta horietako bakoi-tzak nire bizitzako une konkretu bat kontatuko du. Orokorrean, horrela sortzen ditut abestiak, bizipen edo emozio oso zehatzetatik. Hamar kanta eta bi estilo nahasten direla esango nuke, nahastu edo elkarbizitzen dute diskoan. Alde batetik, organikoa, eta bestetik, elektronikoa. Baina beno, emozio gehiago kendu gabe, entzun dezala jendeak, eta bakoitzak ikusi eta sentituko du diskoan dagoena.
Bizitzako momentuak izanik, letra pertsonalak dira? Nola sortzen dituzu?
Adibidez, Lo kanta konfinamenduan sortu nuen. Momentu hartako etxea atiko bat zen eta ez geneukan ez balkoirik, ez leihorik; geneukan bakarra sabai-leiho bat zen. Egun osoa pasatzen nuen zerura begira. Letrak hori dio: Ate bat zeru honetan, hil nahi nuke, berez ez du nahi, berez ez du inork nahi… Aipatutako une horretan idatzitakoa eta sentitutakoa jasotzen du abestiak. Egia da kanta batzuk testuingurua azalduta errazago ulertzen direla, errazago konektatzen da kantatzen den horrekin. Nire kantuak nire memoria dira.
Barrenekoak irudira eraman dituzu; ‘Misty’ kanta, adibidez.
Bideoklipak grabatzea ez zait batere gustatzen. Aurreko egunean beti esaten dut: “Jo, zergatik egin behar dut hau?”. Gehien gustatzen zaidana abestiak kantatzea da eta trantze musikal horretan egotea. Aldiz, aurpegia eta gorputza performance bat egiteko jartzea ez zait gehiegi gustatzen. Ez da naturala, zerbait pentsatua da eta energia handia eskatzen dit, zailagoa egiten zait. Misty bezalako abesti bat oso zuzena da, gordina eta zaila egin zitzaidan, bereziki gogorra. Gainera, grabazioaren hurrengo egunean ebakuntza egin behar zidaten, elurra egin zuen, kotxea bateria gabe geratu zitzaidan... Egun konplikatua izan zen. Baina egia da, orain bideoklipa ikusten dudanean egun horretaz, geratutakoaz, oroitzen naiz eta egia da zentzu gehiago eta balio gehiago duela.
Musikagilea zara eta letrak idazten dituzu. Zerekin duzu lotura estuagoa?
Hasiera batean, musikarekin lotura hutsa nuen, eta letrak ez zuen garrantzirik. Baina hori guztia aldatzen joan da, eta geroz eta parekatuagoa daude. Letraren erabilera indartsuak, abestiak eta musika bera garrantzitsuak dira jendearengana iristeko eta horiek enpatia sentitu ahal izateko. Beraz bai, gero eta gustukoago dut letrak idaztea.
"Nik egunero sortzen dut, baina gauza ezberdinak izaten dira; gutxinaka sortzen joaten naizen prozesua da, luzea"
Instrumentuei dagokienez, sustraietara itzuli zara?
Akordeoia hartzen dudan lehen aldia izan da horrelako lan batean. Nararen helburua esen-tzia horretara itzultzea da, lehengora. Horretarako, egindako bidea onartu, eta ondoren, itzuli behar da. Hori izan da nire bidea ere: akordeoiarekin hasi nintzen eta hori izan da nire instrumentua urte luzez. Beharra neukan instrumentua hartu eta adiskidetzeko, bakeak egiteko. Horregatik sartu nahi izan dut disko honetan.
Diskoa kalean, aurkezpen birarekin hasteko gogoz al zaude?
Urduri jartzen naiz horretan pentsatzen badut, baina bai, gogotsu nago. Lehenengo kontzertua jo eta lasaitzea nahi dut, gozatzen hasi ahal izateko. Entseguetan ez dakizu zuzenekoetan zer gertatuko den, hala, lehenengoak beti ematen du bertigoa. Baina energiaz eta gogoz nago, artista ezberdinak etorriko dira kontzertuetara kolaboratzera eta niretzat zein taldearentzat berezia izango da, eta espero dut publikoarentzat ere hala izatea.
Kontzertuak
• Azaroak 2: Kafe Antzokia (Bilbo)
• Azaroak 4: Dabadaba (Donosti)
• Azaroak 23: Café la Palma, Mazo (Madrid)
• Azaroak 30: Sala Vol (Barcelona)
• Abenduak 1: Areria Aretoa (Lazkao)
• Abenduak 14: Jimmy Jazz (Gasteiz).