Gaur egun, sare sozialek gure egunerokotasuna bideratzen duten garaian, bizitza argazkien bitartez jasotzen dugu. Gure inguruan duguna eta kanpoan ezagutzen duguna irudi bihurtzen da ikusi bezain laster, askotan oroitzapenen gainetik ere. Egiten eta ikusten dugun guztiaren edertasuna erakutsi nahi izaten da publikoki eta errealitateak laguntzen ez duenean, teknologia berriek egiten dute filtro edo bestelako trikimailuen bitartez. Baina zer da benetan ederra dena? Zer dago erakusten diguten edertasun normatibo horren atzean? Naturak eskaintzen dizkigun paisaia asko ikusgarriak dira, baina ez al da edertasunik etxebizitza abandonatu baten leiho batean adibidez? Inguruko edertasun bilaketa horretan aritzen da Mikel Ibarluzea. Argazkilari bilbotarrak azken urteetan bere hiriko itsasadarrak eskaintzen dituen postal desberdinak betikotu ditu argazkietan, baina baita Solokoetxe bezalako auzo zaharkitu batek bere izkinetan gordetzen dituen harribitxi txikiak ere. Uste baino gehiago baitira.

“Betidanik saiatu izan naiz fijatzen paisaia baten ondoan dagoen horretan. Postal baten ondoan beti dago horren ikusgarria ez den zerbait. Ikuspegi horretan oinarrituta, askotan, alde itsusia bilatzen dut paisaia berarekin alderatzeko edo kontrajartzeko”, azaldu du Ibarluzeak. Funtsean, “gauza polit eta itsusien arteko harremana” bilatzen du. Hamahiru urte baino gehiago diseinatzaile grafiko moduan lan egin ondoren, bere alabaren jaiotzak argazkilaritzaren mundura hurbildu zuen. Guraso askok egiten duten moduan, bere txikiaren gorabeherak dokumentatzen hasi eta hor konturatu zen irrika berezi bat zeukala bere alabak eskaintzen zizkion momentu desberdinak jasotzeko. “Momentu hartan diseinatzaile grafiko lanetan ari nintzen eta irudiaren munduarekin harremana nuen arren, ez nuen argazkigile senik. Baina alabak bi urte zituenean hasi nintzen pixka bat murgiltzen argazkilaritzan. Gero, beste gorabehera batzuen ildotik serioago hartu nuen”. 

“Postal baten ondoan beti dago horren ikusgarria ez den zerbait. Askotan, alde itsusia bilatzen dut paisaia berarekin alderatzeko”

Hastapenak

Bere alabarekin hasi ondoren, Bilboko itsasadarra hartu zuen eredu bezala “bide naturaltzat” hartzen duen prozesuan. “Nire ingurua Bilbo da eta bilbotarrontzat hirigunetik kanpo zerua eta bazterrak zabaltzeko modu errazena mendietara igotzea edo itsasadarrera jaistea da. Zabalgune handiak daude, paisaiak beste itxura eta forma bat hartzen ditu eta horregatik hasi nintzen horretan interesatzen”. Baina ez zen hor geratu eta bere bizilekuan jarri zuen begirada, zaletasuna proiektu bilakatuz. Argazkilari bilbotarrarentzat “buelta moduko bat da: paisaia zabalak ateratzetik, nire etxe inguruko paisaiak ateratzera; prozesua hori da. Inguruan daukagunarekin jolastea edo horretan murgiltzean dago asuntoa”. Bide berri honetan, bere auzoa berrezagutzen ari den sentsazioa dauka; baina ez berak bakarrik, argazkiak ikusi dituzten auzokideek ere gauza bera sentitzen baitute. “Gai oso konkretua jorratzen ari naizenez, ikuspegia asko aldatu zait; auzoari beste aurpegi batzuk ikusten dizkiozu. Eta ez niri bakarrik, proiektu hau zabaltzen hasi naizenetik jende askok esan dit bertatik pasatu eta gauza batzuez ez zirela inoiz konturatu. Hortaz, jendearen ikuspegia ere aldatu daitekeela uste dut argazkien bitartez”.  

Solokoetxe auzoa

Bere argazkien bitartez jendearen ikuspegia aldatzeaz gain, ikusten ez dena edo ikusi nahi ez dena ere agerian uzten du Ibarluzeak. Solokoetxeko gune batzuek, aterpean daudenek gehienbat, iturri moduko batzuk gordetzen dituzte, etxe gabeko jendeak bertan lo egin ez dezan. Gauza hauek bere argazkietan erakusten ditu, nahiz eta salaketa lan bat bezala ere ulertu daitekeen, Ibarluzeak ez du bere burua lan horretan kokatzen. “Ni ez naiz militantea. Ez naiz inoiz aktibista izan. Pasatzen dena da nire usteak beti islatzen direla egiten ditudan gauzetan. Argi dago lan honen funtsa hori dela, nahiz eta forma ez den aktibismoak hartzen dituen forma klasikoak bezalakoa”, kontatu du. Bere esparrua argazkigintzan kokatzen du, eta ez du ukatzen bistaratu nahi duen fenomenoa karga politiko handikoa dela. “Nire proiektuaren eraginez norbaitek horri buruzko hausnarketaren bat egingo balu, helburu hori ere izango luke. Egia da ere, era honetako lanek eragin hori izatea zaila izaten dela, titular bat lortzeaz gain”, aitortu du Ibarluzeak.

Bilboko Solokoetxe auzoko aterpedun gune batzuetan iturri antzeko batzuk daude, etxegabeek bertan lo egin dezaten saihesteko. Mikel Ibarluzea

Solokoetxeko proiektua, zoritxarrez, ez dago ikusgai oraingoz. Garatzen ari den lan bat da eta ez dago ekoiztuta ere. “Argazkiak egiten jarraitzen dut, ideiak garatuz, baina ez dago bukatuta”, argazkilariak esaten duenaren arabera. Bi faktore nagusi daude Mikel Ibarluzearen proiektu honetan: “alde batetik, gauza asko egin nahiko nituzke, hor luzatzeko aukera bat dago. Baina, beste alde batetik, ekoizpen falta bat ere bada, ez baitaukat laguntzarik horretarako. Lan guztia nire kabuz egiten dudanez ekoizpen lanetan laguntza beharko nuke eta hori bilatzen ere banabil”. Hortaz, proiektuak egunen batean argia ikus dezan, Ibarluzeak asko eskertuko luke nolabaiteko kolaborazioa izango balu, jendeak hiriak gordetzen dituen altxor txikiak ezagutu ditzan.