Jon Urzelaik Su festak saiakera liburua (Susa, 2023) idatzi du XXI. mendeko euskal musika jaialdiak aztertuz. Hasierako asmoa ez zen euskal musika festibalei buruz hitz egitea, baizik eta inguratzen gaituzten jaialdiei buruz orokorrean. Egilearen hitzetan, “irakurketa kritiko bat” falta zen gaiaren inguruan, normalean bakarrik hitz egiten zelako zifrei buruz edo etorritako izarrei buruz. Beraz, Su festak behar batetik sortzen da, musika jaialdiek gaur egungo gizartean ze paper duten ulertzeko beharra, zehazki. Hortik, Urzelaik egin behar bazuen horrelako ikerketa bat, Euskal Herritik egingo zuen ezinbestez. Helburua musika festibal bat, musika emanaldi bat izatetik haratago zer den aztertzea izan da.

Festibalak bere horretan aztertu beharrean, zuk fenomeno bezala deskribatu duzun horren azterketari heldu diozu.

Bai, asmoa ez da izan festibalak barrutik zelakoak diren aztertzea, ez nion zentzu hori eman nahi. Gure gizartean ze paper duten eta nola txertatzen diren testuinguru zabalago batean izan da azterketa lana. Askotan, iraganeko jaialdiekin hori egin da, ezta? 70eko eta 80kohamarkadetako festibalek ze esangura izan duten aztertu da. Kasu honetan, nik gaur egungo festibalen esangura sozialari heldu diot.

Nolakoa izan da ikerketa prozesu hori? 

Jatorria ulertzeko behar horretan, pop musika festibal handiak non, nola eta zergatik jaiotzen diren ikertu behar izan dut, eta horrek ezinbestean atzerrira eraman nau, kontrakultura estatubatuarrera. Publikoaren ikuspegitik ulertu nahi izan ditut festibalak, nire sentsazioa bazelako publikoa zela festibal mitiko horietako benetako gakoa. Fenomeno sozial batzuei erantzuten diete festibalek. Ziur aski Woodstocken hainbeste jende batu bazen ez zen bakarrik eskaintza musikalagatik izan.

“Jaialdi handiek esperientzia bat eskaintzen dute, kontsumitu ahal duzuna, eta hori da erosten duzuna. Orain hautu indibidual bat da”

Elementurik badago euskal jaialdien eta atzerriko jaialdien artean konparaketa egiteko?

Fenomeno global bat diren heinean, ezin ditugu festibalak gune konkretuko fenomenoak bezala identifikatu. Ezinbestean, hemengo festibalek ere Estatu Batuetako festibaletatik edan zuten. Ez Dok Amairukoek Joan Báez eta Bob Dylan ezagutuko zituzten. Hemen musika festibalek lotura handia izan dute beti euskal identitatearekin. 70-80ko hamarkadetan euskal identitatea moldatu zuen hein handi batean musikak Ez Dok Amairuren eta ‘RRV’-ren bitartez. Hasieran bazirudien euskalduna izateko folk-a gustatu behar zitzaizula eta handik hamarkada batzuetara ematen zuen euskaldun guztiak punkak ginela, pixka bat esajeratuz. Lotura estu bat egon da musika festibalen, kontzertuen eta euskal kulturaren artean.

II. Mundu Gerra osteko garaian kokatzen duzu festibalen jatorria. Kontsumismo garaiarekin lotuko zenuke fenomenoa?

Bi gauza nahasten dira, gatazkatsua dena. Kontrakultura estatubatuarrak giza beharrak asetzeko bestelako asmo batzuk aldarrikatzen zituen, esperientzia komunitarioak bilatzen zituen, askapen sexuala... Liburuan zehazten da hori, paraleloan gertatzen diren gauzak dira, baina sinplifikatzea litzateke esatea mugimendu kontrakultural haiek kontsumismo eta indibidualismo hutsa aldarrikatzen zutenik, bazituzten gogo batzuk, askotan iraultzaileak zirenak, asmoak behintzat.

Badago Euskal Herrian elementu bereizgarririk festibal kategoria zehatz bat sortzeko horren inguruan?

Identitate nazionalaz aparte, nik esango nuke hemen euskal kultura, orokorrean, oso modu militantean eraiki dela. Musikari dagokionez, oraindik talde handiek aretoetan jo nahi dutenetan gaztetxeetara jo behar dute. Badago boluntarioen lan garrantzitsu bat euskal kulturan eta hemengo jaialdieta kontzertu asko horretan oinarritu izan dira eta oinarritzen dira oraindik ere.

Euskal kulturak sortu ditu euskal musika festibalak, edo jaialdiek lortu dute euskal kulturan toki bat?

Harremana bi bidekoa izan da. 70eko hamarkadako jaialdietara jendea joaten zen ia mitin politiko bat entzutera joango balitz bezala, musika entzutera baino. Ziur aski jaialdi horiek moldatu zuten zer zen euskaldun izatea, eta gero sortu da lotura bat euskaltasunaren eta musikaren artean. Askotan jendeak musika taldeei edota jaialdiei Euskal Herriari edo euskarari berrikuntzak ekartzea eskatzen die.

Musika festibal bat emanaldi bat izatetik haratago zer den aztertzea izan da Urzelairen helburua. Ruben Plaza

“Hirigintza” edo “nazio marka” ere kontzeptu gisa erabili dituzu azterketan.

Hirigintzaren kasuan, adibide ezberdinak daude. Iruñea eta Bilboren arteko konparaketa egokia izan ahal da. Hirian festibalak, adibidez, Bilboko auzo bat aukeratzen du dekoratu moduan. Iruñean, berriz, Iruñea Nola?-ren bidez hiritarrak kontuan hartzen dira, horiekin ere harremanduz eta ez bakarrik auzoko estetikaren parte bailiran ulertuz. Administrazioentzat festibalak lurralde zehatz bat mapan kokatzen erremintak bihurtu dira.

Nazio markarekin berdina gertatzen da: “Euskadi Basque Country” marka sortu da euskal identitate jakin bat sustatzeko, elementu folklorikoetan oinarritzen dena asmo kolektiboetan baino gehiago. Bay of Biscay adibide ona da, “lifestyle” bat saltzen diguna, ezta? Hemengo euskaldunak gara ondo bizitzen dakigunak. Gatazkatsua da gaia.

Ez da kasualitatea XXI. mendeko jaialdiei buruz aritzea, musika jaialdiek eta momentuko gizarteak lotura dutelako, ezta?

Bai, ezinbestean. Musika jaialdiak erantzuten dio gizarte horri. Horregatik aztertzeko interesgarriak dira, ematen digutelako gizarte horren berri, zeharka bada ere. Gizarte oso bat aztertzea zaila izan daiteke, baina jaialdiak aztertzeak gizartean modu orokortuago baten gertatzen diren fenomeno batzuen berri ezagutzeko aukera ematen digu.

Eta zer esaten digute euskal musika jaialdiek gaur egungo gizarteari buruz?

Ingrid Guardiolaren aipua erabiliz, esan genezake bizitza komunitarioa murgiltze indibidualagatik ordezkatu dugula. Jaialdi handiek hori eskaintzen dute, esperientzia bat, kontsumitu ahal duzuna, eta hori da erosten duzuna. Bat batean bazara, ustez, esperientzia askatzaile eta komunitario baten parte. Duela hamarkada batzuk jaialdiak baziren esperientzia hori lortzeko bitartekoak, baina oinarria esperientzia hori gauzatzea zen. Orain hautu indibidual bat da festibal batera joatea, kontsumoari guztiz lotua.

Jaialdien lan-baldintzei buruz ere aritu zara.

Jaialdiei buruz hitz egitea eta gai hori ez lan-tzea ez litzateke zintzoa izango. BBK Live festibalean egondako langileen kexak eta salatutako baldintzak lotsagarriak izan dira, subkontratazioaren ondorioz gertatzen dena eta langile xumeei eragiten diona. Niri interesatuko litzaidake hai honi buruz musikarien iritzia jasotzea noizbait liburua irakurtzen badute. Festibal handiak mesedegarriak dira haientzat? Ez litzateke osasuntsuagoa izango sare egonkor bat osatzea eta aretoen zirkuitua zaintzea?

“Nahi beste oztopo jarrita ere, beti egongo da musikaren inguruan beste modu batean antolatzeko etengabeko bilaketa hori”

Arizkun Rock jaialdiaren agurrari helduz, zer ondorioztatu daiteke eredu militante hori jarraitzen duten festibalei buruz?

Uste dut oraindik zorionez badaudela horrelako festibalak aurrera ateratzeko bideak. Epilogoan aipatzen ditut sute txikietan eta eztanda kolektiboetan sortzen diren festibalak. Baina hori mantentzea zaila da, eta instituzionalizatzen ez badira, desagertu egiten dira. Ez dut esan nahi instituzioen arabera jokatu behar dutenik, baina egonkortu eta hezurdura bat ez badute osatzen, desagertu egiten dira sarri. Hori kontrajartzen dut Gipuzkoan dagoen gaztetxe sarearekin. Sarea dago, baina ez dago musikaren eztanda sozial hori, eta Iruñean kontrakoa gertatzen da: sua bai, baina hezurdurarik ez. Indartu behar da azpiegitura horiek lortzea, mantentzea eta, agintariei dagokionez, gutxienez trabarik ez jartzea bidean. 

Kapitalismoaren eragina aipatu duzu liburuan. Zertan antzeman dezakegu?

Mundu honetan gertatzen den edozein fenomenok kapitalismoarekin zerikusia dauka, nahi ala ez. Festibalak ez dira salbuespena, dena salgai bihurtu da. Festibal batera joaten zarenean, kontsumitzailea bihurtzen zara ezinbestez. Musikak eskaini du eta oraindik eskaintzen du modu ez merkantilistan funtzionatzeko beste modu bat. Oraindik horrelako kasuak aurkitzen dira, harremanetan eta beste funtzionamendu mota batean oinarritzen direnak. Hori musikan gertatzen da giza behar garrantzitsu bat delako, kultura bizi behar dugulako, intrintsekoa baita gizakiarentzat. Nahi beste oztopo jarrita ere, beti egongo da musikaren inguruan beste modu batean antolatzeko etengabeko bilaketa hori.

XXI. mendeko euskal musika jaialdien etorkizunari buruz zer esan genezake?

Orain arte indarrean egon diren jaialdiak gero eta indartsuago egongo direla uste dut, joera hori antzeman daiteke, egoera muturreraino eramango da. Jaialdi handiak sendo ikusten ditut eta berriak sortzea ez nuke baztertuko, talde gazte asko ikusten ditut Last Tour-ekin… Proposamen handienak gailenduko dira eta bestelako festibalek eredu horrekin lehiatzea zailagoa izango dutela iruditzen zait.