Musikak presentzia handia izan du eta dauka Ana Arsuagaren (Tolosa, 1994) bizitzan; bere herrian, Tolosan, eta familian ere musikarako ohitura egon da beti, eta Verde Prato bezala ezagutzen dugun artistatik leku beretik edan du, musika beretzat ezagutzeko modu bat bilakatu delarik. Adoretua lan berria du kalean, dantzagarriagoa, argitsuagoa den momentu batean sortutako lana.
Ana Arsuaga ala Verde Prato, nor sentitzen zara gehiago?
Verde Prato musikaren proiekturako sortutako izena da. Proiektu hau sortzerakoan, ez nuen jakitera eman nahi musika entzun baino lehen norena zen proiektua: neska baten proiektua izan zitekeen, edo gizonezko batena, edo talde batena…
Zergatik ez zenuen jakinarazi nahi nor zegoen Verde Pratoren atzean? Aurreiritziak saihesteko, beharbada?
Niretzako garrantzitsua zen musika baloratzea, eta ez hainbeste aurreiritziekin jotzea musika horretara. Ez nuen nahi jendeak pentsatzea: “Neska batek egindako musika da, eta entzun egingo dut” edo “Ez dut entzungo”. Jendeak aurreiritzi horietatik kanpo entzun zezan nahi nuen.
Orain, ordea, badakigu Verde Pratoren atzean Ana Arsuaga dagoela. Nola hartu zaitu publikoak?
Egia esan, nik harrera nahiko ona sentitu dut. Azkenean, jendeak egin ditzake niri buruzko kritikak, eta ni deseroso sentitu naiteke; adibidez, jendeak nik egiten dudan musika “sinplea” dela esaten duenean. Horrekin arazoak dauzkat, ez delako beti zentzu on batean aipatzen, baizik eta hasiera batean faktore ez hain ona bezala hartzen dute. “Hasieran badirudi nahiko sinplea dela, baina gero disko ona da” bezalako kritikak irakurri izan ditut, eta horrelako aipamenekin baditut nire arazotxoak, baina bestela ez dut inolako aurreiritzirik sentitu.
“Lan hau beste momentu batean dago, momentu dantzagarriago edo argitsuago batean”
Sinplea dela diote, baina, batzuetan, dena den, gutxiago gehiago izaten da.
Nik uste dut beste ezaugarri bat dela, musika egiteko beste modu bat, eta ez dela okerragoa edo hobea izan behar. Sortzeko erabiltzen dudan lengoaia bat da. Hiru elementu erabiltzeak edo 10.000, horrek ez du ezer bermatzen. Alegia, hamar elementu erabiltzeak ez du bermatzen abesti hobea izango denik; ezaugarri bat da, besterik ez.
Zeri egin behar izan diozu aurre lanean?
Hasteko, nire buruari egin behar izan diot aurre; nire burua serio hartzeari eta gainontzekoen kontsiderazio maila berean jartzeari. Uste dut genero arazo bat dela, estrukturala, eta musikari moduan, besteek duten balio bera ematea zure buruari uste dut zailagoa dela. Eta hortik aurrera, sozialki, aurki ditzakezun eszenei aurre egitea ere badago; teknikari askorekin, zuk dakizkizunak edo zure gaitasunak zalantzan jartzen dutenekin...
‘Adoretua’ izenburupean, kalean duzu lan berria. Zer du aurreko lanarekin alderatuta, desberdin?
Beste puntu baten dagoen lana dela uste dut, dantzagarriagoa, argitsuagoa den momentu batean dagoena. Aurreko lan luzeak puntu tragiko bat zeukan, eta zentzu horretan gehiago ireki naiz beste alde batera, lehenengo diskoan zegoen leku hartara, dantzagarriago egitera.
Estilo bat eta bakarrari lotuta egotea baino, aukera berriak aztertzea duzu nahiago zuk, ezta?
Uste dut hasieratik gogo edo nahi hori izan dudala, estilo askotan aritzeko, edo estilo bakarrari lotuta egotearen muga hori ez jartzeko nire musikari. Ez dakit zer gertatuko den gero, baina oraingoz hor nago, eta gustatzen zait askatasun hori.
Abestiak pertsonalak bezain gai unibertsalak lantzen dituztenak egin dituzu oraingoan.
Oraingo honetan, ez dut disko kontzeptual bat egin nahi izan, besteetan bezala. Horietan, narrazio bat egin dut, abesti guztiak lotzen zituena, edo kontzeptu bat lantzen nuen. Oraingoan, baina, beti dauden gaiak hartu ditut oinarri, errepikatzen diren gaiak: amodioa, desira, erotismoa, nostalgia, tristura, familia, harremanak… Gai unibertsalak landu ditut, baina bizipen pertsonaletatik abiatuz; abesti bakoitzean bizipen bat, eta bata bestearekiko independentea. Eta horretariko abesti bakoitza eremu zabalago batera eramaten saiatu naiz, ez zitezen soilik nire bizitzako anekdota baten geratu.
Dena egiten duzu, zein izaten da lan egiteko prozesua?
Hasiera baten ahotsa da errazen ateratzen zaidana; melodiak telefono mugikorrean grabatu ditzaket, eta gero landu; hitzak gehiago kostatzen zaizkit. Niretzat ahotsarena da elementu garrantzitsuena eta errazena lantzeko. Gero, adibidez, beste musikari baten abestian bonbo bat entzuten badut eta asko gustatzen bazait, hortik abiatzen naiz, esaterako, oinarri bat sortuz, eta gero biak, ahotsa eta oinarria, uztartuz. Hor aritzen naiz. Baina orokorrean ahotsetik hasten naiz.
Ahotsa elementu garrantzitsua da zure musikan, baina zer gehiago da ahotsa zuretzat?
Entzule bezala, niretzako elementu bat da, beharbada, instrumentu moduan, hunkigarriena. Pertsona zuzenean sentitzen duzu, eta ahotsaren dardara guztiek zuzenean sentipenetara eramaten zaituzte. Pertsona bat altxatzen dena eta abesten hasten dena… Momentu horrek, irudi horrek, indar handia hartzen du, eta proiektu honetan hor egoten saiatzen ari naiz. Sinpletasun horrek eta indar horrek daukan magia sortzen eta mantentzen saiatzen naiz.
Zer aurkitu duzu musikan? Zeren abagune duzu?
Eguneroko mundutik aparte dagoen zerbait da, espazio edo leku bat, zeinetan garatu dezakezun egoteko beste modu bat. Kontzertuetan edo abestietan beste espazio bat aurkitzen dut, non nire burua nire baitan biltzen dudan nolabait, baina, aldi berean, eta paradogikoki, besteekin konektatzeko modu sakonago edo zuzenago bat ere aurkitzen dut. Azken finean, egunerokotasunari erreparatuz, egiazkoa eta desberdina den beste modu bat da musika. Oso berezia iruditzen zait hori. Ezagutzeko modu bat da niretzat musika; emankorra eta interesgarria den eremu bat, deskubritzen jarraitzeko bide ematen duena.
Zure musikak goxotasuna eta lasaitasuna transmititzen dituen bezala, indarra ere helarazten du. Goxotasunetik ere musika indartsua sor daitekeenaren adibide.
Hala da. Uste dut oso hedatua ez den lengoaia bat dela. Uste dut hausnarketa batean sartu dudala musika egiteko modu hori; alegia, mezuak adieraztekoa edo abestiak egitekoa, gauza delikatuetatik edo modu delikatu batetik, baina zerbait boteretsua, indartsua sortuz. Uste dut generoaren eraikitzearekin zerikusia izan duela horrek; alegia, delikatua dena, zaurgarritasuna daukana, goxotasuna daukana ez da hain seriotzat hartzen gure estrukturetan, ahulagoa den zerbait bezala ezagutzen da. Eta horri buelta bat emateak, noski, zerikusia dauka nire musikarekin, edo hala izatea nahiko nuke, behintzat.
Disko berriaren izenari jarraiki, ‘Adoretua’, zuk ere adorea atera behar izan duzu taula gainera igotzeko?
Bai, hori da. Ez dut nire burua modu heroiko baten jarri nahi hori egiteagatik, baina bada zerbait nolabaiteko barne ausardia garatzea eskatzen duena; batetik, mundu osoaren aurrean eszenatoki gainera ateratzeko, eta, bestetik, zure burua leku horretan kokatzeko, bakarrik sortzen, bakarrik konposatzen, eta lan horri balio bat ematen.
Bakarlari bezala aritzeko hautua hartu zenuen. Nolako prozesua izan zen?
Prozesu naturala izan da taldetik bakarlari bezala pasatzearena. Taldeetan, teknika hartzen joaten zara, eta sortzen ikasten, hori lantzea gauza kuriosoa baita. Bakarkakoa, bestalde, beste prozesu bat da: abesti baten elementu guztiak nik egin ahal izateko ikasi egin behar izan dut; nik sortu eta abesti horiek nik neuk bukatu. Eta hori nire mugekin egiten dut, baina jakituria lortuz pixkanaka-pixkanaka.
“Zaurgarritasuna duena edo goxotasuna daukana ez da hain seriotzat hartzen gure estrukturetan”
Bada taldean aritzetik faltan botatzen duzunik?
Bai, noski. Azkenean, ez dituzu besteen bertuteak, burutazioak, gaitasunak… Beraz, zentzu horretan asko botatzen dut faltan, eta baita bidaiatzerakoan ere; momentu horietan lagunekin zaude, guztia elkarbanatzen duzu... Akatsak ere guztionak dira; ez da hain zaurgarria. Desberdina da zeharo.
Nola deskribatuko zenuke hitz gutxitan Verde Prato?
Nik uste dut berez ikusten dena dela Verde Prato, dagoena; ez nuke ezer gehituko. Neska bat da eta dena neska horrek egiten du. Abestu egiten du, eta bere ahotsa oso garrantzitsua da, eta gero musika bat dauka elektronikarekin nahasten dena, baina elektronika eta estilo askorekin. Tradizioa ukitzen du, baina gero izan daiteke reggaetona, pop alternatiboa, post-punka… Gauza asko lantzen ditu batera neska horrek.
Bada etorkizun oparoa izango duzula uste duenik. Hala izango al dela uste al duzu zuk ere?
Ni konformatuko nintzateke lanbide hau ogibide izango balitz; alegia, bizitzeko dirua emango balidake. Modu praktikoan jartzea da pixka bat elkarrizketa honetan, baina uste dut garrantzitsua dela hori ere komentatzea: mundu oso zaila dela, prekarioa. Eremu askotan gertatzen da hori, baina musikaren eta artearen mundua beste ikuspuntu batetik begiratzen da. Gustuko dugun zerbait egiten dugunez, gogo handiz egiten dugunez eta hori egiteak plazera ematen duenez, nolabait, badirudi ez dela ofizio bat, ez daukala beste ofizioen duintasun bera, baldintza praktikoetatik begiratuta, behintzat. Eta uste dut eduki beharko lukeela.