Pandemiak gauza asko aldatu ditu gure inguruan. Kasu batzuetan dena eraberritu da eta beste batzuetan egoera desberdin baten aurrean jarri gaitu. Musika munduan ere horrelako zerbait gertatu da. Denbora oso laburrean panorama berri bat sortu da, talde berriak loratuz eta beste batzuen tokia hartuz. Horrez gain, zuzeneko kontzertu eskaintza aberastu da, ia hiru urteko isiltasunaren ondoren. “Normaltasun berri” deituriko honetan toki bat irabazi duen taldea da Toc. Laukote mungiarra entzutea lortzen joan da bere sorkuntza bakoitzarekin eta izaera propio bat jorratzeko bidean, beraien hirugarren lana publikatu dute Bat barik ez dauz bi izenburupean.

Taldea 2016an sortu zen eta, behin beraien bidea egiten hasiak zirela, pandemia garaia heldu zen. Egoera zail horren aurrean Toc bandak osatzen duten Mikel Bilbao (bateria), Xabier Bilbao (ahotsa), Aitor Etxebarria (gitarra) eta Ander Goitiak (baxua) erabaki bat hartu behar izan zuten. “Egia da pandemian eztabaida bat izan genuela ea zer egin pentsatzeko: gelditu edo aurreikusita geneukan diskoa grabatzea”, kontatu du Ander Goitiak. “Gure erabakia aurrera egitea izan zen eta hori klabea izan da; nahiz eta pandemia garai batean atera diskoa azkenean, pandemia ondoren euskal musikaren eszena erabat aldatu da”. Egoera latzak gaindituta, bi lan berri gehiago kaleratu dituzte eta beraien izena ezaguna bihurtzen ari da eszenatoki desberdinetan. Goitiak azaltzen duen bezala, “belaunaldi aldaketa bat gertatu da, oso potentea eta gu hor egon gara. Olatu horri esker era batera edo bestera aurrera egin dugu”. Aitor Etxebarria ere iritzi berdinekoa da; “momentu kritikoak pasatu genituen. Baina orain hura guztia perspektiba batetik begiratuta egia da lan horren fruituak jaso izan ditugula”.

Sormen prozesua

Beraien azken diskoak lau kanta biltzen ditu. Proiektua gorpuzten hasi zirenetik argi izan zuten lan labur bat nahi zutela kantitate aldetik, baina oso landua kalitateari dagokionez. “Argi izan genuen gauza bat zen. Ez agian lau kanta izango zirela, baina bai zerbait laburra izango zela. Gero, behin konposizioarekin hasi ginenetik, esango nuke ideiak nahiko arin heldu zirela eta abesti bakoitzari forma ematen joan ginen”, azaldu du Ander Goitiak. “Prozesua bera ez zen horren arina izan eta nahikotxo luzatu zitzaigun, baina guk ere horrela izatea nahi genuelako. Ideiak bai heldu ziren oso arin, eta horiek landu genituen luzaro”, Aitor Etxebarriaren hitzetan. Talde mungiarra etiketez haratago doa eta beraien bide propioa egiten saiatzen da, nahiz eta etiketak beti kanpotik jartzen diren elementu bat izan. “Pertsona bakoitzak taldean bere rola dauka eta oso argi daukagu bakoitzak zer ematen duen sormen prozesuan. Bakoitzak bere ukitua ematen dio, baina beti Toc estiloa mantenduz”, Etxebarriak dioenez. Aipatutako estilo hori inoiz iluntasun puntu batekin lotu izan dute kanpotik, baina taldekoak ez daude oso ados: “Askotan bai kontsideratu gaituzte talde ilun bat bezala, baina ni ez nago ados. Malenkonia puntu bat edo nostalgia hori bai badauka. Baina ilunak ez gara”, Goitiaren iritziz. Eta Etxebarriak gehitzen duen arabera, “normalean letrak Xabik minetik idazten ditu, abesteko modua ere bai, alde horretatik agian lotzen gaituzte ilun puntu horrekin”.

‘Bat barik ez dauz bi’ du izena mungiarren azken lanak. Toc

Azken lana

Bat barik ez dauz bi azken diskoak, besteak beste, kolaborazio berezi bat izan du kanta batean, Chill Mafiaren partaide den Kiliki Freskorena. Azken aldian talde askok egin duten zerbait da musikari nafarraren laguntza bilatzea, baina kasu honetan batu dituen arrazoia laguntasuna da. “Kontua da lagunak garela, asko flipatzen digu egiten duenak; berari guk egiten duguna gustatzen zaio eta horregatik elkartu ginen. Esklusibotasun puntu bat bilatzera joan ginen eta beste kolaborazio batzuetan ere pentsatu bagenuen ere, Kiliki makina bat da eta jendeak maite du”, azaldu du Goitiak. Batera lan egitearen ideia juerga batean otu zitzaien, baina modu berezi batean izan behar zuen kolaborazioak. “Juerga batean zerbait elkarrekin egin behar genuela pentsatu genuen. Hori bai, esan genuen baldintza bakarra dena egun batean egin behar genuela zen. Instrumentala bageneukan, baina ahotsa eta melodia egun bakarrean egin behar zen hortaz”. Kiliki ohituago dago horrela lan egitera eta horrek freskotasun bat ematen dio lanari. Hala ere, mungiarrentzat lehen horrela lan egiten zuten lehen aldia zen. Gotiaren hitzetan, “kuriosoa” izan zen musika egiteko era ezberdinak bateratzeko modu bat izan zelako.

Zuzenekoak

Emaitzari dagokionez “oso oso gustura” gelditu direla kontatu dute Toc-eko kideek. “Nik ez nuen abesti horretan horrelako zerbait espero, baina emaitza oso ona izan zen. Eta hortik sortu zen beste guztia hor dago”, azaldu du Etxebarriak. Azken emaitza entzun edo ikusi nahi duenak Hutsa bezain hotza kanta bilatu besterik ez dauka, Kilikiz gain, Ezpalakeko Juanjo Berasainen eta Belakoko Josu Ximun Billalabeitiaren parte hartzearekin. Toc taldea zuzenean ikusi nahi duenak apirilean zehar hainbat aukera izango ditu 8an Elorrion, 9an Gernika-Lumon, 15ean Zumaian eta 21ean Orion izango baitira, nahiz eta maiatzetik aurrera aukera gehiago ere izango diren.