Dena eta dirudiena, ikusgai dagoena eta ikusi nahiko genukeena. Halako iradokizun ariketa batean murgildu nahi du ikuslea Mar de Dios (Bilbao, 1992) artistak. Tresna edo objektu funtzionalen zantzuak dituzten, edo izan ditzaketen, 32 zeramika piezaz osatutako erakusketa ondu du sortzaileak. Apirilaren 16ra arte bisitatu daiteke.
‘Batzuk’ erakusketa duzu erakusgai, zein izan da zure asmoa erakusketa honetan?
%100 zeramikaz osatutako proiektua da; ez dago iltzerik, edota zurezko listoirik erakusketan. Nire lanak, funtsean, bi alderdi uztartzen ditu: eskultura-artearen ildo formala eta zeramikazko objektu erabilgarrien ildoa. Bikoiztasuna nabari da, nire alde eskultorikoenak kutsatuta daude alderdi funtzionalarekin: piezetan tresna eta objektu erabilgarrien zantzuak daude.
‘Batzuk’ du izenburu, zeri egiten dio erreferentzia kontzeptu zehaztugabeak?
Zerbait adierazten duen hitza da, baina aldi berean ez dizu esaten zer adierazten ari den. Biltzen eta elkartzen duen hitza aukeratu nahi genuen. Funtsean, gure helburu nagusia zen hurbilduko diren bisitariei interpretazio oso irekia uztea, dena murtxikatuta ez ematea eta guk ez esatea zer ikusi behar duten, zer interpretatu behar duten. Piezek ere ez dute titulurik, ezta fitxa teknikorik.
Izan ere, Tabakalerak Lau Pareta gunean “euskal testuinguruko” komisario eta artistei bideratutako programa berriaren parte da proiektua. Nola heldu zitzaizun proposamena?
Tabakalerak komisario berriei egindako deialditik abiatzen da, kasu honetan Ane Lekuonari, 28 urteko EHUko ikertzailea eta irakasleari. Anek ni aukeratu ninduen artista gisa.
Nolako izan da komisario artista elkarlana Anerekin?
Nik ez nuen Ane aldez aurretik ezagutzen. Nire estudiora etortzen hasi zen eta galderak egiten zizkidan nire lana eta ni ezagutzeko. Uneoro oso argi izan du nire egiteko eta ikusteko modua errespetatu nahi zituela. Berdin nik berarekin, ez batak ez besteak ez dugu nahi izan bestearen saila edo egitekoa zapaldu.
Beraz, hemen ez da sortu eta gero bilatu non erakutsi, baizik eta erakusketa bat sortzeko beharretik sortu dira piezak?
Pieza batzuk eginak nituen, baina erakusketa osatzen duten 32 piezetatik 16-17 berriak dira. Ez zait beste erremediorik geratu, proposamena azkar samar etorri zitzaidan: urriaren amaieran bota zidan Anek proposamena, otsailean inauguratzeko. Lau hilabete eskas izan ditut 200 metro koadroko areto batean erakusketa bat egiteko.
Erronka bat izan da, batez ere, denboragatik?
Edozein diziplina artistikok denbora eskatzen du, baina bereziki zeramikaz ari garenean materialak berak markatzen ditu denborak; materiala lehorra ez badago ezin baduzu labean sartu, denbora asko egon behar duzu zain, itxaroten. Orain arteko erronka handiena izan da inoiz ez bainuen hain areto handian hain denbora laburrean erakutsi nire artea.
“Herentzia batetik gatoz, non konnotazio artisaua duen guztia gutxietsita dago. Zeramika urte askoan baztertua izan da”
Zeramika hutsez osatutako proiektua da, eta oro har, hala da zure artista lana ere. Zer topatzen duzu zeramikan?
Zeramikan aurkitu dut lan egiteko modu bat, non adimena ez den hainbeste sartzen. Eskulangintzatik asko du zeramikak; senari jarraiki lantzen da, erraietatik. Ez dut azalpen arrazionalik aurkitzen egiten dudana zergatik egiten dudan azaltzeko, eta ez zait beharrezkoa iruditzen. Artea hizkuntza autonomoa da bere horretan, eta edozein azalpen edo argudio arrazoizkoago hizkuntza batetik bestera itzultzeko saiakera bat da. Eta itzulpen oro bezala, jatorrizko hizkuntzatik zerbait galtzen da. Modu primitiboan mugitzen naiz, alde arrazionalari jaramonik egin gabe.
Zeramika zokoratutako diziplina artistikoa da?
Herentzia batetik gatoz, non konnotazio artisaua duen guztia gutxietsita dago. Zeramika urte askoan baztertua izan da, bigarren mailako arte izendatua eta funtzionalitatearen eta diseinuaren alorretara mugatua. Orain, apurka, arte garaikidearen esparrura itzultzen ari da, artista gazte asko ari direlako berau erabiltzen baliabide edo hizkuntza nagusi gisa.
Artista gisa, artearen eta funtzionaltasunaren artean dabitza dira zure zeramika piezak?
Nahiko modu ez mentalean egiten dut lan. Zeramika egiten hasi nintzenean, objektu funtzionalak diseinatzen hasi nintzen: lanparak, pitxerrak… gerora ekin nion piezak sortzeari, inolako funtzionaltasunik gabe. Badago nolabaiteko kutsadura hori, baina ez da nahita egindako zerbait. Beste elementu deigarri bat koloreak dira, objektu guztiak oso koloretsuak dira Ez dut bozetoekin lan egiten, lokatzarekin lanean hasten naiz zuzenean. Prozesu honetan ez naiz kolorean pentsatzen egon, lokatzean eta forman pentsatzen aritu naiz. Oso amaieran, pieza familia bat osatu dudanean, orduan margoztu ditut.
Nola antolatu dituzu piezak espazioan?
Zorutik oso gertu ere kokatu ditugu piezak, arte erakundeetan ohi ez bezala. Normalean, begien lerroarekin bat egiteko altueran egoten dira piezak, askoz gorago. Asmoa zen piezak literalki jaistearekin batera, artelanaren aura ere jaistea. Lurrera jaitsi piezak begira-tzen dituenaren eskura egon daitezen, eta ez alderantziz.