Aldaketa klimatikoak arriskuan jarri ditu erdibideko urtaroak, eta kostata heldu zaigu udazkena aurten. Hala ere, musikak ez dauka etenik, eta jaialdien goi-denboralditik kanpo ere badago soinuaz gozatzerik. Gainera, azken urteetan ez bezala, ekitaldien ugaritzea izugarria izan da, eta ia astero kontzertu mordoaren artean aukeratu beharra dago. Uste duguna baino gehiago eskaintzen da, bai instituzionalki eta baita mugimendu autogestionatu eta asoziatiboagoetatik ere. Egia esan, gureganatu dezakeguna baino askoz ere gehiago. Horregatik, Soinutopiatik lana erraztu eta soinu-arte eta musika esperimentalaren inguruko ekimen esanguratsuenak bildu ditugu, lehen hostoak erori baino lehen prest egoteko. Edo behintzat, horrenbeste orbelen artean ez galtzeko.

MIRA FESTIVAL

Bartzelonan asteburu honetan gertatuko dena aspaldian musika esperimental eta bestelakoetan ikusi den kartelik interesgarriena da. Alva Noto artista alemaniarra da deigarrienetakoa. Tresna propioak garatzen ditu ordenagailuan, artea eta musika ikuspegi mikroskopikotik sortzeko: mikrosoundinga, minimal technoa, glitcha edo ambienta, adibidez. Squarepusher baxularia ere bertan egongo da, bere jungle jazz elektroniko bihurri eta korapilatsuzko zuzenekoa ematen. Orbital bikote aitzindaria ere han egongo da, eta baita eskola berriko Loraine Jaimes edo Caterina Barbieri sintetizatzaile azti aditua ere. Bertako artista inspiratu eta inspiratzaile asko ikusteko aukera ere izango da: Dame Area bikotea, Ivankova mantra experimentala, Somos La Herencia postpunk taldea, Beatrix Weapons muturreko ekoizle industriala… Mira Digital Arts jaialdiak azaroaren 11n eta 12an Bartzelona erdiguneko Fira de Montjuïc barruti handia hartuko du eta instalazioak, ikus-entzunezkoak eta 360º-ko fulldome esperientzia izango ditu. 

Espora Espazioa.

Espora Espazioa. Ortzadar

ESPORA ESPAZIOA

Duela urte eskas Le Larraskito Klubaren bukaera eta gero, Bilbo inguruko soinu sormenaren munduko hainbat eragilek Espora Espazioa sortu dute. Atxuri auzoan, bazkidetza eta autogestioa oinarri duen soinu esperimentazio eta gozamenerako txokotxoak zeharo motibatu ditu bertako zaleak, eta aurkezpen arrakastatsua izan zuen: feedbackean oinarritutako saioa Jana Jan, Kakofunk, Enrike Hurtado eta Mikel R. Nietoren emankizunekin. Betiko filosofia: entzutea erdian jartzea, soinuari protagonismo guztia emanez. Bazkide sistema eroso eta arrazoizkoa eratu dute: kuota maila ezberdinak, bakoitzak gero sarreretan deskontu progresiboa dakartzalarik (hileko kuota handienarekin, kontzertu guztiak debalde). Orain, azarorako egitaraua aurkeztu dute. Pauline Oliverosen Deep Listening liburuko ariketak egingo dituzte astero, disko edo bestelako lan grabatu baten entzunaldi kolektiboa eta solasaldia egingo dute hilaren 17an, eta bi kontzertu eskainiko dituzte, Siberian Improvisation Company (SIC) sortu zuen Alexander Markvart edo Maher Shalal Hash Baz kultuko pop talde bikaineko kidea den Xu Shaoyang medio.

LA CASA ENCENDIDA

Madrilgo eraikin instituzionalak egitarau oparo eta abangoardiazkoa eskaintzen du ireki zenetik, eta bertara bisita eginez gero, nahitaezko geldialdia da. Urrian She Makes Noise emakumeen musika jaialdi aparta ospatu zen, eta Generaciones estatu mailako artista berrien erakusketak bezalakoek egiten dute horren interesgarri Fundación Montemadridek bultzatutako ekimena. Eta udazken honetan, are gehiago. Izan ere, Christine Sun Kim artista estatubatuarraren obra eskainiko dute azaroaren 11tik aurrera, lehenbizikoz Espainiako Estatuan. 'Una sucesión de trampas de eco' erakusketa hainbat formaturen bidez hurbiltzen da bere praktika artistikoaren erdigunera: musika-notazioa, hizkuntza idatzia, infografia, zeinu-hizkuntza, gorputza eta umorearen hedapen estrategikoa soinu-politika eta lengoaien politika auzitan jartzeko. Benetan musika eta soinuaren ikuspuntu berezi eta interpelatiboa. Gainera, azaroaren 26an, Enrique del Castilloren Unbráfono kontzertua egongo da: zelula fotosentikorren gainean proiektatzen diren argi-estimuluak soinu bihurtzeko gai diren hiru irakurgailu optiko erabiltzen dituen performancea, nazioarteko soinu-arteko lehen POW saria irabazi zuena. 

Christine Sun Kim artistaren 'Piano Within Piano'.

Christine Sun Kim artistaren 'Piano Within Piano'. Ortzadar

MEM JAIALDIA

Musica Ex Machina jaialdiak 21 urte daramatza Bilbo nazioarteko arte esperimentalaz elikatuz eta baita bertako artistei esperimentatzeko parada eskainiz. Aurtengo edizioa hilaren 4an hasi zen eta 13ra arte luzatuko da eta Etorkizun Ziurgabea azpititulatu dute. Izan ere, Creative Scotland eta Arts Council of England erakundeek emandako Four Nations diru-laguntzari esker, zenbait sortzaile profesionalek eta sorkuntzako erakundeek elkarlan-sare malgua eratu dute, ideiak eta baliabideak saretu, erakutsi eta partekatzeko modu alternatiboak esploratu nahian, eta izen hori eman diote. Lehen emaitzak Londresen erakutsi dituzte, Filet Art Spacen eta orain Bilbon egingo dute, MEMen. Josu Rekalderen 'La sombra del plagio' soinu eskultura interaktiboaren inaugurazioarekin hasi zen (San Frantziskoko Udaltegian ikusgai), Okela Lantegiko Iker Munduateren performance interesgarri eta KeyMPiren kontzertu dibertigarriaz jarraituz. Oraindik asteburu honetan Marzana Galerian Javier Rodríguez Pérez-Curiel aka Chavecitoren eta Miren Barrenaren performanceak eta familia osorako ekimenak daude. Ez galdu egitaraua!