Maite Larburu musikari polifazetikoa da. Biolina ikasi zuen Donostia, Madril eta Amsterdamen. Azken hiri honetan, antzinako musika klasikoan espezializatzeaz gain, 16 urtez bizi izan zen, 2018ra arte. Europa erdialdeko talde esanguratsuenekin aritzen da lanean, freelance modura. Horrez gain, sortzaile sen indartsu batek bultzatuta, kantugintza ere garatu du Larburuk. Euskal Herrian lau disko plazaratu ditu: lehen biak Neighbor deiturapean ('Ura patrikan', 2013; 'HAU', 2016), eta azken biak, bakarkakoak ('Hezurren azpian', 2018; 'KRAK', 2020).
Biolina, ahotsa eta gitarra elektrikoa ditu oinarri Larburuk kantugintzan eta Carlos Taroncher klarinete baxu jotzailearekin eta Karlos Arancegui bateria jotzailearekin partekatzen du oholtza zuzenekoetan. 2020tik antzerkian ere badihardu 'Amua' antzezlanean, musika eta aktore lanak elkartrukatuaz, Fuchs anaiekin. Biografia hau idazten ari delarik, Belgikan dago, Anima Eterna orkestrarekin Schumann eta Brahms-en musikaren kontzertuak eskainiaz, instrumentu originaletan.
Maite Larbururen kultur gomendioak:
Abesti bat: 'Nola ezetz?' (Petti-Harkaitz Cano, 'Manipulazio estrategiak' diskoan)
Musika talde bat: 'XVIII. mendeko orkestra', Amsterdam
Liburu bat: Maggie Ofarrel-en 'Hamnet'
Antzezlan bat: 'Cyrano de Bergerac' (Edmond Rostand)
Film bat: Carol Reed-en 'The third man'
Kultur espazio bat: Aiaraldea Ekintzen Faktoria (Laudio)