Egungo informazio eta ikus-entzunezkoen etengabeko bonbardaketak gure burmuinean duen eragina sumatzen goaz gutxika. Urteak aurrera doazen bitartean, buruan geroz eta informazio gutxiago atxikitzeko gai garela ikusten dugu. Duela hamarkada eskas telefono zerrendako zenbait zenbaki (bakoitzaren adimenaren arabera) gogorarazteko gai ginen, estualdi batetik irteteko prest. Adituek diotenez, burmuinak informazio hori telefonoan eskura duela badaki, atxiki edo ikasteko interesa galtzen du. Noski, honek gure atentzio eta interes mailan eragin handia du. Etengabe gabiltza irakurtzen pantailari so, baina liburu oso batek behar duen atentzioa aurkitzea kostatzen zaigu. Gauza bera gertatzen da ikus-entzunezko edukiekin eta, nola ez, musikarekin.
Gainera, musikak leku handia hartu du gizartearen egunerokoan: edonon entzun dezakegu eta mesede handia egiten dio komunikazioari. Hau da, jada ezin ditugu telebistako iragarkiak edo filmak musikarik gabe ulertu, beharrezkotzat jotzen dugu. Pascal Quignard idazle eta musikariak muturrera darama ideia hau 'Odio a la música' saiakeran. Aforismoz betea, musikaren hainbat ezaugarri eta erlazio aztertzen ditu, existitzen ez den isiltasunak bakea eta askatasuna eta musikak munduko kontrola, indarkeria, inposizioa eragiten dituenaren ideian oinarrituz. Ez da lehenengoa izan kontzeptu horien inguruan hausnarketa egiten, Jacques Atallik Ruidos ezinbestekoan musika eta boterearen arteko harremanak aztertu baitzituen 1977an.
Geroz eta musika gehiago, baina inkontzienteki entzunda
Argi dago, informazio gaindosiak eragindako atentzio denbora laburrak edukien arintasuna ekarri duela, eta horren ondorioz musikaren egitura eta luzerak aldatu dira. Musika geroz eta gehiago entzuten da (ihes egiten saiatzea alferrik da), baina musikari ematen diogun atentzioa, edo entzumen aktiboa erabat galdu da. Musika ezinbesteko osagarri bihurtu dugu, erabilgaitz.
Operaren urrezko aroan, ia egun osoa ematen zuen publikoak antzokian. Wagnerren lanak bost aktoetara arte luzatzen ziren, eta bazkaldu eta guzti egiten zuten orduko musikazaleek bertan, trama eta melodietan guztiz murgildurik. Atentzio maila jaitsiz joan da denborarekin batera: jazz inprobisatzaileek ere orduak ematen zituzten jotzen mende hasieran. Gerora LP formatua nagusitu zen, alde bakoitzean 25 bat minutu grabatu zitezkeelarik. Orain kontsumitzen denarekin alderatuta, lan luzeak egiten zituzten ordua The Beatles edo Led Zeppelin bezalako talde arrakastatsuek. Hala, digitalizazioak EP formatua hobetsi du, gehienez sei abestiko lanak nagusituz joan dira azken hamarkadetan, Youtuberen agerpenarekin singleen aro berri bat heldu den arte, bideokliparekin eta irudiarekin laguntzera behartuta.
Noski, tartean Soinutopian maite ditugun zenbait anekdota bitxi gertatu dira. Kantu laburrena aspaldi egin zuen Napalm Death grindcore taldeak (You Suffer, segundo bat eta 316 milarenetakoa, munduko errekorra), eta estilo berean egin da diskorik laburrena: The world's shortest album Earache zigiluaren bilduma; 13 abesti 83 segundotan, 5 hazbeteko binilo irrigarrian argitaratua 2013an. Barregarri geratzeko luzeak ere egin dira, Bull of Heaven bikote esperimentalaren 310: ??Px0(2^18×5^18)p*k*k*k da errekorra, eta 3.343 kintiloi urteko iraupena du! Fitxategiak irekitzeko ere arazoak ematen ditu baina entzuteko saiakera egin daiteke haien web orrian. Txantxaz gaindi, formatu luze zein laburretan lan bikainak egin daitezkeela frogatua dago. Minor Threaten Out of step disko laburrak (21 minutu) hardcorearen oinarriak ezarri zituen. Eta egun, Max Richter musikariak 'Sleep' zortzi orduko pieza argitaratu eta zuzenean jotzen du, neurozientzia eta musikaren bitartez esperientzia bakana sortuz.
Motomamiren seme-alaben tikak
Rosaliak argi ulertu ditu egungo musikaren denborak. Tik Tok eta Instagramek ahalbidetzen duten luzerara (15 segundo) moldatu ditu aurkezpen edukiak. Honek kritika nagia piztu du, diskoak merezi ez duen aurreiritzia zabalduz. Baina Rosaliaren estrategia egokia da: gehien biralizatuko diren tarteak erabili ditu. Segundo gutxitan asko esaten dutenak, eta eztabaida pizten dutenak, baina ez horregatik onenak. Chicken Teriyaki-ri buruzko iritziak COVIDa baino arinago hedatu dira. Ostean, Tik Tokerako prestatutako aurkezpenarekin gailurra jo du. Bertan abestiak era berean aurkeztu ditu (motz) baina irudi, janzkera, dantza eta produkzio zainduenarekin; lanaren maila gorena baieztatuz.
'Hijos de los hombres' film distopikoan, pertsonaiak hain daude etsita, itxaropen izpirik gabe, abestiak desagertu egiten baitira. Kale edo garraiobideetan batzuek boskimanoen hizkuntzaren antzeko tik moduko abesti edo soinu arraroak errepikatzen dituzte, hori da gizateriaren azken "musika". Ez dakit zein izango den Tik Token izenaren jatorria, baina aplikazioak dakarren edukien aldaketa erritmo azkarrak tik baten moduko kontsumoa dirudi.
Azken finean, garrantzitsuena atentzio lehia horri probetxua ateratzea da. Gustatu zaizkigun hamabost segundo horiez gain arakatzea, beste hamabost segundo irrikagarri bilatu ordez, grinatsu. Eta gozamenerako, gustuko dugunean sakondu eta merezi duen denbora eskaintzea, batez ere epaitu aurretik. Film etsikor horretan bezala ez amaitzeko, eta batez ere Motomami-k hamabost segundo baino askoz lan interesgarri gehiago duelako baitan.