HAMAR urte, hamar abesti, disko bat. Bitakora. McOnak talde bizkaitarrak disko berriarekin ospatu du hamarkada. 2011n sortu zen taldea Lekeition (Bizkaia) eta atzera begira jarrita oroitzapen asko etortzen zaizkio burura Joseba Iturraspe taldekideari (Lekeitio, 1982): "Errepidean egin ditugun kilometro guztiak, bizitako esperientzia denak, pasatutako momentu onak, momentu txarrak, eztabaidak, barreak€".
Hastapenetara bidaiatuta, Iturraspe (ahotsak eta gitarra akustikoa) eta Kemen Antxurra (gitarra elektrikoa) elkartzen hasi ziren musika jotzeko. Hasieran bertsioak egiteko geratzen ziren, inongo konpromisorik gabe. Gutxinaka-gutxinaka kontzertuak ematen hasi ziren eta baita euren abesti propioak sortzen ere. Horrela jaio zen McOnak taldea eta horrela iritsi dira honaino.
Hamar urtean gauza asko aldatzen dira. Pertsonak denbora horretan aldatzen garen bezala proiektuak eta, kasu honetan, musika taldeak aldatzen doaz, aldi berean. Esentzia berdinarekin jarraitu arren, estilo eta gustu musikaletan ere eboluzio bat dago eta nabari da hori ere taldean. Kutsu zeltiarra dute baina estilo asko ukitzen dituzte; folk, pop, country€ Ildo komuna mantenduta, baina Iturraspek nabaritzen du riff-etan eta instrumentuetan kolore gehiago dutela o-rain, eta ahotsekin eta koroekin lanketa dezente egiten dutela. Horrez gain, taldekide berrien inkorporazioek ere doinu, ikuspuntu eta soinu berriak ekarri dituzte taldera.
Eboluzioa egon da baina hasieratik orain arte finko mantendu den gaia itsasoa izan da. Nabaria da itsasoarekiko duten harreman estu hori. Aurreko diskoak McEta (2012), Piraten Matxinada (2013), Galarrena (2015) eta Gure Naufragioak (2018) dira, eta azkenekoa, Bitakora (2021). "Kostaldeko herri bateko seme-alabak gara eta horrek beti inspiratu gaitu. Gure errebeldia puntua ere, piraten estetika hori gustatzen zaigu sar-tzea. Itsasoa eta piraten estetika hori taldeko izateko forman txertatuta dago", adierazi du musikariak.
Horrez gain, taldearen izenaren atzean dagoen istorioak ere harremana dauka urarekin, izan ere, Makona arrain baten izena da. Arrain hori ez da produktu ona kontsideratzen eta hartzerakoan berriz ere botatzen da itsasora. "Galtzaile kutsu horrekin identifikatuta sentitzen ginen". Gainera, haien musikak influentzia irlandar edo zeltiar garbia dauka eta horren omenez hasierako "Mak" hizkiak "Mc" hizkiengatik aldatu zituzten, talde irlandarren antzera. Itsasoa dago beti presente baina horrez gain protesta edo hausnarketa egiteko ere baliatzen dituzte abestiak McOnakeko taldekideek, hala kontatu du Iturraspek: "Gustatzen zaigu gai sozialak aipatzea, gai politikoak... Ekologismoa ere ukitu dugu azken diskoan. Ikaste prozesuan genero inklusio aldetik ere, orain dela hamar urte eta orain ikasi duguna prozesu horretan".
Kolaborazio bereziak
Hamar urteren ostean, hamar abesti eta hamar kolaborazio izan ditu diskoak. Horien artean, Sorotan Bele taldeko Gorka Sarriegi, Lide Hernando edota Fermin Muguruza entzun daitezke abestietan. Hori izan zen taldearen proposamena, hamarkada ospatzeko zerbait berezia egin nahi izan dutelako. "Bueltak ematen hasi ginen, edo zuzeneko bat egin, edo McEta-ko abestiak berreskuratu€ eta azkenean abesti berriak sortu dira". Taldea bizirik dagoen adierazle garbia dela uste du Iturraspek. Eurentzat erreferente diren musikariak edo inguruan izan duten jendearekin lan egin nahi izan dute. Prozesu luzea dela aitortu du: "Atea jo, zabaldu, ideia planteatu, letra pasatu, grabatzeko leku bat topatu, emaitzarekin gustura geratu€". Bide neketsua izan arren oso harro geratu direla dio, eta emaitza polita izan dela uste du.
Zuzenekoen garrantzia
Oraingoan diskoa sortzeko eta produzitzeko modua desberdina izan da aurrekoekin alderatuz eta pandemiak izan du horretan zerikusia. Normalean, behin abesti guztiak prest zeudenean estudiora joan eta guztiak batera grabatzen zituzten. Disko honetan, berriz, abesti bat bukatzerakoan abesti hori grabatzen zuten, eta horrela guztiekin. Diskoaren argitarapena ere pandemiaren ondorioz atzeratu egin da. "Gurea bezalako talde batek, zuzenekoa asko bizi duena, pandemia baten erdian eserita musukoarekin disko bat ateratzea baino pixka bat itxarotea erabaki genuen".
Zoritxarrez, asteotako egoera dela eta, aurreikusiak zituzten hainbat kontzertu bertan behera geratu dira. Udan, diskoa kaleratu baino lehen, hainbat lekutan jotzeko aukera izan zuten. Disko berriaren aurkezpen bira hastear zeudela, ordea, lehenengo bi kontzertuak ezin izan dituzte egin. Hemendik aurrera beste hainbat emanaldi dituzte, abenduaren 16an Arrasateko gaztetxean, eta datorren urteko urtarrilaren 22an Legorretan.