Kalera irten orduko izerditan hasten zara. Nostalgiaz gogoratzen dituzu herrian pasatzen zenituen udak, jasangarriagoak ziren garai haiek. Zure lehengusuari idazten diozu. Ezetz, bertan ere bero egiten duela, ez dela lehengoa eta jasangaitza dela egoera hau. Hiriko tenperaturak itotzen zaitu, nazka. Herrietan ere urbe handietako ondorioak pairatzekotan gaude. Zer ari da gertatzen gure hirietan? Zergatik itotzen dira pertsonak bertan? Zerk (ez du) funtzionatzen du? Nondik dator bero hau? Zergatik ihes egiten hasiak dira? Herrietan berdina gertatuko da? Edo ekiditeko momentuan gaude?
Berriki Bartzelonan egoteko aukera izan dut, beroak bere presentzia duen hiri batean. Horrelako metropolietako espazio urbanoan ikusi, dastatu, usaindu eta sentitu daitekeena etorkizuneko arazoen erakusleiho da. Hiriak sumendi bat dirudi, bere isiltasunean lo dagoela ematen du, eta errealitateak, aldiz, bere jardueraren ondorioak erakusten digu. CCCB museoan Urban Nature erakusketa interaktiboak hiriaren inguruan hausnartzera bideratzen gaitu. Sei pertsonen bizipenetan oinarrituta, hiriaren inguruko ikuskera anitzak azalera-tzen dira. Errealitate hauek ezagutu eta hiriko auzoetatik ibilita, sumendia krater anitzez osatuta dagoela nabari daiteke.
Orokorrean hiriek hedapen etengabean jarraitzen dute, ahal duen lekurantz doan laba bezain geldiezin. Erupzio bakoitzean 'tabula rassa' egiten dute, bidean dena harrapatuz eta aurretik eramanez. Ez zaio ezer inporta. Aldirietako herriak bere baitan hartzen ditu, natura desagerrarazten du, animaliak lekuz aldatzen dira, eta pertsonen bizitzak desitxuratzen dituzte. Dena guztiz erretzeko gaitasuna dute.
Hilik dauden sumendien sedimentuak aurki ditzakegu espazio urbanoetan, beste leku batzuetan eraikin berriak magmarekin egiten hasiak dira, eta borobiltzeko atmosferan errautsak nabari daitezke, eztanda egin duen sumendiaren zantzuak edo eztanda egin behar duenarenak. Haatik, espazio publikoan beroari aurre eginez olatu berriak aurki daitezke: Guggenheimeko langileen greba, gazteen kale agerraldiak, LGTBIQ+ komunitatearen aldeko manifestazioak, pentsionisten protestak€
Arkitektonikoki oraindik, eta zorionez, errautsen artean proiektu itxaropentsuak topatu daitezke. Babeslekuak izan daitezkeen espazioak dira, edo etorkizunean jorratuko diren paradigma berri baten urmael berriak. Artikuluko bi proiektu hauek bisitatzean sorpresa irakaragarria hartu dut, espero ez nuena. Bi errealitate guztiz ezberdinetan koka-tzen diren oasiak dira, eskala eta gizarte sozial diferentziatuetan. Proposamenek freskotasuna helarazten dute, gorputzeko izerdia geldiaraziz.
Larrabetzuko aterpea hbehark estudioaren eskutik dator. Proposamenak espazio urbanoarean domestikazioa planteatzen du. Herrira irekita dagoen eraikuntzak eremu fresko bat planteatzen du bere baitan, eta bertara sar-tzean giro lasai eta intimo bat hautematen da. Zutabeen antolaketak inguruarekiko iragazkortasun bisual interesgarria ahalbidetzen du. Modu honetan jendea bertara gerturatzeko prestutasuna adierazten da eta tokia bisualki atsegina bilakatzen da.
Eraikinak irudi modernoa eskaintzen du, inguruarekin gehiegizko protagonismo puntu bat hartzeraino baina denboraren poderioz erraz txertatuko da kontestuan. Materialen aukeraketa eta erabilera egokia tokiko tradizio arkitektonikoarekin erlazioan jartzen da. Elementu gutxi erabiltzen dira eta modu egokian, konfort eta oreka espazial bat sortuz. Laisatasuna nabari da, babesgune bat.
Sestaon aldiz, testuingurua bestelakoa da. ELE Arkitektura eta Alex Etxeberriaren sinadura daraman eskuhartzearekin espazio urbanoaren berraktibazioa bultzatu nahi izan da. Input asko eta konplexuak aurki-tzen dira bertan, eta planteamenduarekin ausartak izan dira. Bertaratzean proposamen gogorra iruditu zait, kontestu degradatu baten aurrean proposamen arriskutsu bat ezarri baita. Materialen erabilera eta inguruarekin planteatzen duten erlazioarekin, esaterako, aurrerakoiak izan dira.
Estetikoki garaikidegiak izan direla iruditu arren, El Sol parkearen birmoldaketa bere osotasunean ikusiz eta bertako txoko guztiak aztertzean ondo eginiko arkitektura bat delakoan nago, benetan, eta behar batzuei erantzunez asmatu da proiektuarekin. Jendea gerturatzen da bertara, eta harmailak jendez mukurutzen dira. Proposamena azken xehetasuneraino zaindu da, eta azpiegiturak bizilagunak zaintzeko gaitasuna duelakoan nago. Komunitaterako espazio bat bilakatu da, elkar zaintzeko espazio bat, hain zuzen.
Sumendi urbanoak ez dira fenomeno naturalak, gure bizitzetan jasotzen ditugun biolentziak dira eta asko arkitektonikoak dira. Hauetatik babestea zaila da eta aurre egiteko espazio urbano amankomun duinak behar dira. Etorkizuneko berotasunei aurre egiteko beharrezkoak dira itzal gune berri amankomunak, espazio urbano freskoak, eta honakoak adibide bi dira.