Inori baimenik eskatu gabe iritsi dira, eta ez dute alde egiteko asmorik; geratzeko etorri dira. Eta bitartean, guztiarekin hausteko lana izango dute, beraien gune edo espaziotik, benetako sena islatu. Sara, Julen eta Paskual dira, eta hiru horiek elkarrekin Merina Gris osatzen dute.
Aspaldidanik elkar ezagutzen zuten Donostiako hiru lagun dira; duela gutxi arte elkarrekin musikarik egin ez dutenak, era berean. "Paskal eta ni lagun minak gara, eta Sara ezagutzen genuen, baina sekula ez genuen musika elkarrekin egin. Polita izan da, izan delako bizilagun bat duzunean bezala, baina ez dakizunean bizilagun hori musikaria dela, eta hala dela ohartzerakoan, bat-batean hastea bezala hain gertu izan duzun horrekin nahi zenituen gauzak egiten", azaldu du Julenek.
"Atenporalak diruditen betiko formulez gainezka dagoen eszena batek eragindako ezinegonetik eta akuilu berrien premiatik jaio den talde" bezala deskribatzen dute beraien burua musikariek. Estereotipo gabeko musika egitea gustatuko litzaioken hirukotea da, jakin badakitelako estereotipo horiek eta horien jolasek desabantaila asko dituztela. Baina errealismora jota, suposatzen dute estereotipo horiek beraiei ere eragiten dietela.
Jarrera kontua
Hasierako hazia jarria dute: Besteek zer. Sarak uste du beraien lan horrek berezi egiten duela hirukotea; "batetik, bere soinuagatik, baina, batez ere, duen asmoagatik". Izan ere, musika jarrera kontua ere bada Merina Grisen ustez. Amu melodikoak eta soinu organikoek laguntzen duten elektronika erritmoek osatzen dute hirukotearen lehen aldarrikapen musikala. "Pop zakarra" egiten dutela diote, nahiko melodikoa, baina, beraien jarrera "bortitzagoa" da. Lehenengo kantek beraiek hartzen dute garrantzia Julenen ustez, baina estetikak ere badu bere lekua. "Ez bakarrik janzkeran, gauzak kontatzeko moduan, ikus-entzunezkoak egiterakoan, zuzeneko ikuskizunetan€". Eta hor guztian bada faktore komun bat: jarrera. Hirukoteak argi dauka: bizitzako beste alorretan bezala, jarrerarekin egin behar dira gauzak. Eta beraiek zintzotasunarekin eta pasioarekin egitearen hautua hartua dute.
Lehen abesti hori modu oso naturalean iritsi da jendearengana, modu sendo batean. Hala uste dute, behintzat, taldekideek, eta poztu egiten ditu horrek. Bi urte igaro dira abesti hori sortu zutenetik, eta aitortu dutenez, abestiarekiko freskotasuna galdua zuten. Entzulearen feedback onak, baina, kantarekiko hasierako ilusioa berreskuratzen lagundu die.
Besteek zer abestia gizartearen joera bati kritika denik ezin ukatu. Norbanakoak norbera izateko egungo gizartean bizi duen barne borrokari buruzko gogoeta egiten du taldeak horren bitartez. Onartua ez izateko beldurragatik bere benetako izaera bestelakotua ageri duen norbaitez. Beste bat gehiago izateko beldurra duen norbaitez; alegia, berezia ez izatearen beldur den norbaitez. Eta, modu berean, iri-tzien beldur den horretaz.
Baina autokritika ere bada. "Nik uste dut asko garela iritzien beldur, eta, era berean, uste dut besteen onespena ere bilatzen dugula. Ez genuke onespen hori beharko, baina hala izaten da, eta guri ere eragiten digute gainontzekoen iritziek", aitortu dute. Aipatutako menpekotasun horrekiko askatzea bilatzen dute.
Nahiz eta beraiek arrunt izateari beldurrik ez dioten, gizartean joera hori nabaritzen dute. "Besterik gabe, gizaki bat bazara eta bizitza normal bat baduzu, porrot bezala interpretatzen da". Konplikatua beti hobea dela dirudien gizartean, normaltasun handiagoz bizi beharko litzateke gizakia, hirukotearen ustetan.
Etiketa ezinak
Zaila egin zaie erreferentzia musikalak bilatzea, beraien gustuko diren beste askoren nahasketa antzeko bat dutelako gustuko. Beraien lehen abesti hori ere ezin izan dute oso ondo sailkatu, baina etiketa ezin izate horrek ilusio berezia egiten dio taldeari. Zerbait argi badute da egiten dutena zintzotasunez egin nahi dutela: zintzoa direnarekin, bizi duten testuinguruarekin eta transmititu nahi dutenarekin. Eta modu horretan ari dira beraien abestiak sortzen, asmo horri helduta. Erosotasuna da, azken finean, bilatzen dutena; beraientzako espazio "koherente" bat izatea. Musikaren eszenan kulturalki zerbait berria egitea ez da bilatzen dutena; hori, izatekotan, ondorio bat izan daiteke.
Bere bidea hasi baino ez du egin Merina Grisek, eta pausoak poliki-poliki emanez, "ondo" egiteko asmoz dira. Zuzenekoekin amesten ari dira, eta hirukotea agertokietan ikusi ahal izateko oraindik "prozesu luzea" jarraitu behar duten arren, momentu hori iristen denerako prestatzen ari dira, abesti berriak sortzen. Gaur gaurkoz, behintzat, pozik daude: "Geratzeko etorri gara, bestela zer egingo genuke ilusio honekin?".