Bizikletarekin bidaiatu ahal izateko, ez da errepide berezirik behar. Hala ere, bi gurpilek azpiegitura sistema zaharkituei etekina ateratzen jakin diete. Gure inguruetan oso hedatuak izan ziren trenbideak, bide berde modura birsortu dira, bizikleta zale asko erakarriz. Trenbideaz gain, badago beste garraio azpiegitura bat bizikletaren mesedetara eraldatu dena. Zirga-bideetaz ari naiz. Itsas mareak edo haizeak aldeko ez zirenean, ibai eta kanaletan zehar merkantzia on-tziak mugitu ahal izateko gizaki edo animalien giharren indarrez balia-tzen ziren. Ontzietatik botatako soka bati heldurik, izaki sakrifikatu hauek kanal alboetan atondutako bideetan ibiliaz egiten zuten tira. Hauexek dira zirga-bideak eta gurean baditugu adibide batzuk, Baionatik Uztaritzera doan Errobiko zirga bidea edo Gixune eta Bidaxune artean Biduze ibaiaren alboan dagoena. Kasu hauetan egun pasa atseginak egiteko leku apartak izan daitezke, baina gure inguruetatik apur bat urrunduz gero, kilometroak pilatuz egunak kateatzeko aukera ematen diguten zirga-bideak topa ditzakegu.

Canal des Deux Mers edo bi itsasoen ubidea da adibiderik ezagunenetako bat. Ubide honek, bi kanal ezberdinen baturaz osatua, Atlantikoa Mediterraneoarekin urezko ebaketa batekin lotzea lortu zuen. Bi kolpetan lortu zen balentria hau gauzatzea. Lur lehorrari lehen zauria XVII. mende amaieran egin zitzaion, Okzitaniako Tolosatik Mediterraneora, Canal du Midi izena jasoz. Bigarren kolpea, frantziar enborra bi zatitan banatu zuena erabat, Canal de Garonne izan zen, Atlantikotik Tolosara nabiga-tzeko aukera eman zuena 1856. urtetik aurrera. Salgaiak garraiatu ahal izateko sorturiko azpiegitura ikaragarri honek baina, hasiera-hasieratik izan zituen alboan konpainia txarrak. Trenbidea hasieran eta errepide sarea beranduago, ubide honen gainbehera goiztiarra ekarri zuten.

Gustu txarreko keinu bat badirudi ere, trenari esker iritsi gara gure bizikletekin Castets en Dorthe herrira. Bertan hasten da Canal de Garonne, izen bereko ibaiaren adar artifizial bat bailitzan. Ubideak ez dira thriller filmeen gidoiak idazteko jaio. Lehen unetik erakusten dute eskaini dezaketen guztia, misterio gutxi gordeaz gerorako. Eta hala, lehen kilometroa eginda, Tolosaraino topatuko duzun paisaia eta egiturak zeintzuk diren bistaratzen dituzu. Kanalaren bi alboetan zirga-bideak dauzkagu (bietako bat asfaltuz estalia, bestea ‘basatia’), alboetan itzal aparta egiten duten zuhaitzak daudelarik (gehienbat platano arruntak), erdian, noski kanala (bainua hartzeko gogoa segituan apaltzen duena, duen ur kolorearekin) eta noizean behin esklusa bat alboan esklusako langilearen etxea duela. Ibilbidea, aspergarria baino, lasaia dela esango nuke, gora beherarik gabea, kanala bera bezala. Egiari zor, badira noizean behin begiak harriduraz zabaltzen dizkiguten egitura bereziak, Ageneko zubi-kanala esaterako. Gu bezala halakorik inoiz ikusi ez duenarentzat, zaila egiten da ulertzea nola gurutzatu daitezkeen bi ur emari elkar ikutu gabe. Argi dugu zubi hau egin zutenak irudimenez ondo hornituak zeudela.

Ubide alboko monotonia lasaigarria gutxitan apurtzen da, herriak ez baitaude orokorrean kanalari berari itsatsita. Kolpean baina, kanal bazterrak guztiz aldatzen hasi dira eta zuhaitzetatik haratago zeuden soroak, industriagune bilakatu dira. Tolosara iritsi gara. Txorien txio eta uraren zurrumurrutik, trafiko zarata eta hiriaren burrunbara igaro gara tupustean, baina gure kanal kuttunari segika, hiria erdi-erditik gurutzatu eta konturatzerako soroak eta txoriak bueltan dira. Ez hori bakarrik, dagoeneko Canal du Midin sartuak gaude eta Mediterraneo bidean goaz.Garonne ubidetik Midi ubiderako pausuak soilik izen kontua dirudien arren

, euren arteko 170 urteko adin diferentziak begibistakoak diren aldaketa batzuk dakartza. Midia, bietan zaharrena, bihurriagoa da ibilbidean, estuagoa, zubi txikiagoduna, bere inguruko geografiari lotuagoa. XVII. mendeko giza-eraikuntza handienetako bat izan zen honek, garaiko baliabideen ahalmena erakusteaz gain, ingeniarien argitasuna ere erakusten digu. Malpaseko tunel-kanala eta Bezier ondoan dagoen Fonseranneseko zortzi esklusa jarraiak horren adibide argia dira.

Mediterraneoko klima paisaia aldatzen doan heinean, Okzitaniako mugarri gastronomiko bat ezagutzeko aukera izan dugu, Castelnaudary eta bertako Cassoulet famatua, eta baita Playmobileko gaztelua dirudien Carcasonako hiri harresitua.

Merkataritza bor-borka jartzeko eraiki zen azpiegitura erraldoi hau, gaur egun patxadaz erabiltzen duten aisialdi-ontziek eta bizikletek besterik ez dute zeharkatzen. Batzuek esklusaz esklusa eta besteek pedal-kolpez pedal-kolpe, Étang de Thauera iritsi gera, Midiko kanalaren amaiera nagusira. Etxera itzultzeko, kanal hauen borreroa izan zen trenera igo gara, jakinda heriotza hura izan zela bizikletaren aukera berri honen ernamuina.