Euskaraz irakasteko eskola klandestinoa sortu zuen Elbira Zipitriak Donostian, frankismo garaian. Zipitria bizi izandako Donostiako etxera iritsi zen urte batzuk beranduago Maider Oleaga (Bilbo, 1976). Oleagak zazpi urte igaro zituen Zipitriaren bizitzan murgilduta. Izan ere, etxe hartan bizi izan zen emakumeak egindakoa deskubritu eta gizarteratu nahi izan du bilbotarrak. Horrela jaio zen Muga deitzen da pausoa. “Hilda dagoen iraganeko eta gaur egungo emakume baten arteko elkarrizketa”, hala definitzen du Oleagak dokumentala, Zinemaldiko Ikusmira sailean ikusgai dena.
Elbira Zipitria du ardatz filmak. Orain, prozesua amaituta, zer izan da zuretzat emakume hau deskubritzea?
Zazpi urteko nire bizi-prozesuaren destilazio bat da filma. Nire bizitzako tarte luze batean Elbira nire bizitzaren zentroan egon da. Hortaz, garrantzi handia izan du niretzako bera ezagutzeak, eta ez naiz berdina pelikula hau hasi baino lehen eta orain. Orain niretzat Zipitria da gure atzoko belaunaldien eredu argi bat; bai emakumeena, eta baita gizonena ere. Bere pentsamenduan oso idealista zen, oso erromantikoa, baina sentimenduak adierazteko gogortasun horrekin. Nik ez dut uste Elbira Zipitria horretan bakarra zenik. Nire amama horrelakoa zen, nire aitona horrelakoa zen. Esango nuke atzoko belaunaldi horiek horrelakoak zirela.
Zipitria ispilu bat ere badela diozu. Zergatik?
Ispilu da, Euskal Herriko emakumeen eredu bat delako. Gaur egun euskal emakumeok badugulako bertan zer ikusi. Iruditzen zait oso emakume ausarta, intelektuala eta pentsalari sakona; bere idealismoan nahi zuena euskara eta euskal kultura nolabait salbatu. Misio bat bezala bizi izan zuen bere bizitza, horretan eman zuen bere bizitza osoa, eta zahar-tzaroan ikusi zuen berak nahi zuena ez zela nahi zuen moduan gauzatu, eta horregatik tristura sortu zitzaion.
Pertsonaia eta pertsonarekiko zure pertzepzioa aldatzen joan da?
Ni etxe horretara heldu nintzenean ez nuen Zipitria ezagutzen, ezta izenez ere. Hasieran berari buruz irakurri nituenak bere pedagogian edo bere garrantzi historikoan jartzen zuten fokua. Hainbat gauza egin zituen oso garrantzitsuak euskal kulturarekiko eta euskararekiko, eta horiek agertzen ziren. Hasiera batean nire Zipitriarekiko erlazioa miresmen eta errespetu handikoa zen, eta beldur pixka bat ere ematen zidan bere zorroztasunak. Gero, denborarekin, hasi nintzen bere inguru intimora hurbiltzen, bere munduan murgiltzen eta beragandik pixka bat gertuago sentitu nin-tzen. Bera hilda dagoen arren, une batetik aurrera gertutasun handiagoa sentitu nuen eta beldur hori galdu nuen. Gehiago gerturatu nintzen pertsonara, bere argi-ilun eta kontraesan guztiekin; eta baita nireekin ere. Eta pixka bat lagun bezala sentitu nuen. Eta maitasun bat ere sortu zen. Maitasuna suertatzen da argi-ilun guztiak ezagutzen dituzunean.
Kameraren atzean eta aurrean egon zara. Nolakoa izan da paper bikoitz hori?
Horrela izan da proiektua etxe barruan agertu zelako, ni bizi nintzen etxe horretan. Proiektuaren erdi-erdian nengoen, eta Zipitria nor zen ikertzen hasi nintzenetik bera eta nire arteko erlazio bat sortu zen. Gero, etxeak berak ere garrantzi handia dauka filmean, eta baita Elbiraren bizitzan ere, eta horrek etxea bera pertsonaia gisa aurkeztera ere eraman ninduen. Etxea da gu bion arteko lotura hori. Horregatik jarri nintzen kameraren aurrean. Lehenengo aldia izan zen, baina behar bat bezala sentitu nuen.
Iazko abenduan aurkeztu zenuen filma eta zinema aretoetatik ere igaro da. Nolako harrera izan du?
Oso ona. Dagoeneko denbora pasa da, eta hasieran horrelako beldur edo bertigo sentsazio bat nuen, batez ere, hain barnekoa den zerbait gizarteratzeagatik. Erantzunarekin orokorrean oso pozik nago, jende askori zerbait eragin dio pelikulak eta horrekin helburua pixka bat lortuta dago. Eta, beste alde batetik, helburuetako bat zen Zipitriaren izena kaleratzea. Ikustea bere izena geroz eta entzunagoa dela. Horretan nire lanak lagundu badu, ba hori zen helburua baita ere. Zinema-aretoetan ere egon zen maiatzean. Horrelako lan txiki bat zine-aretoetan egotea ez nuen espero.
Orain, aldiz, Zinemaldian proiektatuko da.
Bai, eta oso eskertuta nago, batez ere Zinemaldia etxea delako. Donostian egindako film bat da eta nonbaiten ezaguna bada Elbira, Donostian da. Berak ez zuen nahi, baina bere lagunek nahi zioten omenaldi bat egin, eta filma omenaldi bat ez den arren, Donostian eta etxean jartzea filma, Zinemaldiaren testuinguruan, berarentzako omenaldi bat da. Eta niretzako opari bat da, egindako lanarekiko errekonozimendu handi bat.
Omenaldi bat ez bada, zer da pelikula?
Niretzako, agian, elkarrizketa bat, nahiz eta bakarrizketa bat izan. Elkarrizketa bat atzoko eta gaur egungo euskal emakume biren artean. Momentu batez denbora makina batean sartzea ere bada, XX. mendean bizi izan zen emakume bat ikustea eta saiatzea ulertzen nor izan zen eta zergatik gertatu zitzaion gertatu zitzaiona. Eta berarekin egotea momentu batez. Eskaintza bat ere bada, opari bat. Nik zazpi urte eman ditut berarekin, baina ikuslearentzat izan daiteke tarte bat, 80 minutukoa, atzoko gertakizun batzuk ikustea eta pertsona hori nor izan zen ezagutzea.