Gure lurraldean, tabernak adiskide eta ezagunen topaleku irekiak dira, bizi-tza sozialaren testuinguru naturala eta kale bizitzaren-fokoak. Banaka edo kale baten segidan kokatuak, auzoetan erreferentziazko toki bilakatzen dira. Baliteke kanpotar bati maparik gabeko kale-instrukzioak emateko garaian, tabernen kokalekuak orientaziorako balio izana maiz. Baina tabernaren ospea eta jendearen artean lortutako ezagutzak, askotan, ez du eskaintzen duen produktuarekin zerikusirik, eta, are gutxiago, tabernaren barne arkitekturarekin.
Aise deskribatuko luke edonork “euskal taberna” arketipikoa: egur-xafla puskekin osatutako barra -haritza normalean-, tabernaren izena egurrean zizelkaturik izan dezakeenak, argitasun gutxikoa, egurrezko habexkak agerian, txanpon-makina albo batean, erraz garbi-tzeko zoru zeramikoa. Ezerk ez du atentzioa deitzen, akaso, zeozer identifikagarritzat jotzekotan, egur sendo eta berniz ilunarekin egindako piezen presentzia eta taillaren eskulana harro adierazten duten lanak eskegita barratik ikusgai. Taberna edo taska tradizionalaren estilo bat da hau, tabernaren giro estetikoa ulertzeko modu baten emaitza bezala, non identitate zehatz bat transmititu nahi den, euskal zigiluarena.
ALDAKETA Gaur egun, ostalaritzaren barne arkitekturak aldaketa sakonak jasan ditu, euskal taberna arketipikoaren presentzia garbitu duen estilo batek ordezkatu du ia-ia, kasik taska tradizionalak babes-ondare izendatzeko beharra iristeraino. Nazioarteko moda eta jatetxe marka boteretsuek hiri gehienetan frankizia edo marka-kate bat jar-tzeko erabakia hartu zutenetik, kale komertzial eta kontsumoaren paisaia errotik aldatu da, produktu eta denda eredu parekoak Bilbon edo Stockholmen aurkitu arte.
Ostalaritzan berriki gertatzen ari den estilo estandarizazioa fenomeno urbano bati egozten diote ba-tzuek, hiriak produktu kontsumo bilakatu diren garaian bizi garenez geroztik. Hirietako turistifikazio joeraren emaitzarekin, taberna eredu homogeneizatua ezarri da. Epe laburreko alokairuen igoerarekin batera (etxebizitza turistikoak) hainbat auzoren eraldaketa etorri da, kon-tsumitzeko testuingurua kanpotarraren izaerari begira hasten delako, egoera paradoxikoa gertatuz, turistak bertakotasun ezaugarri gutxi edota estereotipatuak aurkituko dituelako bere bidaian.
EZAUGARRI BERDINTSUAK Etxebizitza turistikoen birmoldaketan Instagram edo Pinterest-en ikusgai den estiloa bilatzen den bezala -gaurkotua eta cool bezala sailka-tzen dena-, tabernetan hainbat ezaugarri errepikakor aurkitzen dira. Barne-arkitekturaren ikuspegitik, taberna estilo cool-ak barran jartzen du fokoa, edo zehatzago, tabernaren kontsumo-produktuetan: edari eta pintxoetan. Bi produktuak barraren inguruan kontzentraturik azaltzen dira, begiak bertara zuzentzeko, tabernaren atrakzio bilakatu arte.
Begira ezazue zuen inguruan berriki zabaldutako tabernetan, eta seguru aski baten batek barraren gainean kopak zintzilik izango ditu, metalezko azpiegitura bat propio eginaz.
Barraren atzealdean, baliteke alkohol botilen erakusleiho bat izatea, hori ere lead argi batez argiztaturik. Argiztapenak lokal berrien diseinuan balio handia hartu ohi du, urrutitik identifikagarri izateko. Barraren eszena zaindu egiten da argi linealen bidez -argiaren tonua horixka izatea nagusitzen da- eta tabernaren eserlekuetan argi puntualak zintzilik, normalean argi-ilunak bilatuaz. Beste hit bat, egur argiaren erabilera da. Nordiko ku-tsuari jarraiki, barraren osaketan, horma edo sabaiaren estaldura gisa, pinuzko listoiak agertzen dira, marraketa bertikal edo horizontal bat irudikatuz.
Kalearen eraldaketa fenomenoa ez da taberna barnean gelditzen. Erre-tzeko debekuak taberna kalera zabaltzeko joera ireki zuen: pantaila handiak kalera begira jartzen dituenik bada -XL tamainan- eta leihate handiekin kanpoko aldearekiko lotura handia izatea saiatzen da, askotan kalea bera okupatu arte. Taberna-terraza binomioak errentagarritasun handia emango du, geroz eta taberna gehiago baitira joera horri ekiten diotenak.
Arkitektura eta taberna ereduaren estandar honetan bada ezaugarri bat arkitekturarekin zerikusirik ez duena, baina errepikakorra izaten dena: zarata. Musikarik gabeko tabernak ez omen du erakargarritasun nahikorik, musika kendu eta tabernaren amatatzearekin lotzen baitugu. Isiltasunaren aldarritik hasi eta taberna kontzeptu propioen diseinuak beharko lituzkete gure kaleek. Espazioen dibertsitatea baita kalearen funtsezko ezaugarria, azkenaldian zirriborratzen ari garena, kapitalaren mesedetan.