KIMUAK programak bi hamarkada baino gehiago daramatza euskal film laburrak ezagutarazteko sustapen eta banaketa lanetan. Aurten izena eman duten 65 filmetatik zazpi lan aukeratu dituzte. Urtero bezala, film labur sorta hau nazioarteko zinema jaialdi zein ikus-entzunezko ospakizun garrantzitsuenetara bidaliko da. Fikzioa, zientzia-fikzioa, animazioa eta hainbat formatutako dokumentalak jasotzen ditu katalogo berriak. Hizkuntzei dagokienez, filmetako bi euskara hutsean daude, beste bat euskaraz eta gaztelaniaz, bi gaztelaniaz eta bat ingelesez. Azken batek, animaziozkoak, dialogorik gabekoak. Hauek dira aukeratu diren lanak:

‘ARTIKO’

Jesus Mari Lazkano margolari bergararrak Svalbard artxipelagora egindako bidaia erakusten du dokumental honek. Lazkanok Josu Venero zuzendari eta ekoizle bilbotarrarekin elkarlanean egin du ikus-en-tzunezko hau eta Xabi Payaren hi-tzekin osatu dituzte grabatutako paisaiak. Venerok artearen inguruko 40 dokumentaletik gora zuzendu eta ekoiztu ditu, baita telebistarako serie dokumentalak ere. Lazkano, bere aldetik, artista izateaz gain, Arte Ederretan doktorea eta EHUko pintura saileko irakaslea da. Elkarlanean zenbait pieza egin dituzte museoetarako.

‘EL INFIERNO’

Raul de la Fuentek Sierra Leonan kokatu du film dokumental hau. Herrialde horretan Chennuk bizi da, kalean. 15 urte zituela, bere lehen delitua egin eta Pademba Road, Freetown-eko helduentzako kartzelan sartu zuten. Lau urte bertan egon ostean, orain itxaropenik gabeko infernu horretara itzuli nahi du. Film labur honekin, Iruñeko zuzendariak Kimuak-en parte hartzen duen hirugarren aldia da. 2013an Minerita lana hautatu zuten katalogorako eta 2017an La fiebre del oro. El infierno Donostiako Kanaki Films etxeak ekoiztu du, Amaia Remirezekin batera.

‘LABO’

Jesus Maria Palaciosen lana Tarragonako Francisco Franco Unibertsitatea izan zenaren erretratu arkitektoniko, zinematografiko eta politikoa da. Minimalismo zainduaz, oroimen historikoa ukitzen du filmak zuzendariaren beraren ahotsaz lagunduta. Palacios Ikus-Entzunezko Komunikazioan eta Humanitateetan lizentziaduna da eta Sortze Dokumental masterra egina du. Bere azken film labur hau Documentamadrid Nazioarteko Zinema Jaialdian estreinatu berri da. Iruñearra bigarren aldiz izan da aukeratua Kimuak programan, hain zuzen, 2012an Casa Vacía aurkeztu zuen.

‘LEYENDA DORADA’

Ion de Sosaren (Donostia, 1981) eta Chema Garcia Ibarraren (Elx, 1980) filma zientzia-fikzioa da, 16 mm-an grabatua. Udako egun batean Extremadurako herri bateko udal igerilekuan izaten diren elkarrizketak eta gertakariak kontatzen ditu, umorea eta kostunbrismoa uztartuz. Leyenda dorada De Sosak berak ekoiztu du Leire Apellaniz bilbotarrarekin batera eta aurtengo Berlinale zinema jaialdian estreinatu zuten. Vila do Conde eta Palm Springs zinemaldi ospetsuetan ere lehiatzeko aukeratua izan da.

‘LURSAGUAK’

Izibene Oñederra animatzaile azkoitiarrak Helene Cixousen gogoeta bat hartu du abiapuntu gisa film hau sortzeko: “sekula ezagutu gabeko espezie bateko milioika sator, milaka urteko kultura baten barrenak birrintzen ari dira”. Egileak hirugarren aldiz hartuko du parte Kimuak-en. Aurretik, Hezurbeltzak, una fosa común (2007) eta Hotzanak, For Your Own Safety (2013) aurkeztu zituen. Oñederra Arte Ederretan doktorea eta Euskal Herriko Unibertsitateko pintura departamentuko irakaslea da. Eskuz egindako hainbat animazio film zuzendu eta ekoiztu ditu eta taldean egindako beste zenbaitetan hartu du parte.

‘MATEOREN AMA’

Moriarti etxearen azken film laburra da, Aitor Arregi (Oñati, 1977) eta Jose Mari Goenagak (Ordizia, 1976) zuzendua. Film labur hau fikziozko drama da, eta Iban Zalduaren Ama izeneko ipuinean oinarritzen da. Bertan, denboraldi batez ama ikusi gabe egon den Angel Marik indarrak hartu eta hura dagoen zahar-etxera bisitan joatea erabaki du. Iñigo Aranburu, Itziar Aizpuru, Mariasun Pagoaga eta Aitziber Garmendia dira protagonistak. Arregik eta Goenagak hainbat alditan hartu dute parte Kimuak-en, Tercero B, Sintonía, Lagun mina, Renovable eta Zarau-tzen erosi nuen film laburrekin, hain zuzen ere. Elkarlanean egindako lehen fikzioa da honakoa, 2007an Lucio dokumental luzea egin ostean.

‘MEDVEDEK’

Ainhoa Gutierrez del Pozo (Donostia, 1994) zuzendariaren hirugarren film labur honek jatorri esloveniarra duten bi hartz emek Nafarroako Pirinioan eta bertako paisaian izandako eragina aztertuko du. Arte Ederretan graduatu eta Mexikoko UNAMen egindako unibertsitate trukean bideratu zituen ikasketak zinemara donostiarrak. Bere lanak dokumental eta fikzio artean kokatzen ditu, antropologia eta zinema uztartuz.