Hasier Arraizen (Gasteiz, 1973) bi pasio ba-tzen ditu Maitasun keinu bat besterik ez liburuak: literatura eta politika. Euskal politikaren lehen lerrotik aldenduta, “aukera naturala” izan du hainbeste maite duen literaturari arretaz heltzeko. Batetik, euskal literaturan eratutako azken narratzaile belaunaldian jarri du arreta, Euskal Herriko errealitateari aldaketak eragiteko eremua izan daitekeela sinetsita. Bestetik, “gero eta arrotzagoa zaigun mundu hau” ulertzeko eta azaltzeko euskal ikuspegi baten bila egiteko bidea proposatu du. Izan ere, Hasier Arraizentzat “dena da politika, eta dena da kultura”.
Politikaren lehen lerrotik aldendu eta idazle gisa bueltatu zara.
Jende gehienak politika arlotik ezagutzen nau, ardurak izan nituelako, baina benetan ezagutzen nautenek badakite ni beti oso literatura zalea izan naizela. Politikaren egunerokoak itota literaturak ematen zidan arnas gunea, liburuen artean babesten nintzen maiz. Politika den pasio hori beste maila batean geratu den momentuan, aukera naturala izan dut beste pasio honi lehentasuna emateko. Oso gustura ibilitako bidea izan da, izugarri ondo pasatzen baitut idazten. Lana da, bai, ez baita idaztea bakarrik, liburuan kabitzen ez den hori kentzea da gehien kostatu zaidana. Gozatzen sufritu dut, eta sufritzen gozatu dut.
Zer aurkituko du irakurleak liburuan?
Euskal literaturari eta oro har euskaraz sortutako kulturari egindako maitasun keinu bat aurkituko du, izugarri maite dudan horri egindako nire gorazarrea. Hau, baina, ez dut atzera begira egin nahi izan, aurrera begira baizik. Euskal kulturaren baitan nostalgian ainguratuta gelditzeko joera izan dugu maiz, iraganaldiari begira, hura nonbait hobea izan zelakoan. Jarrera horrek ez digu uzten oraintxe sortzen ari garena bere neurrian baloratzen. Zentzu horretan, 70eko hamarkadan jaiotako idazleek egin duten lana aitortu eta aztertu egin nahi izan dut. Mundu mailan postmodernismoarekin hausten ari den literatura mugimendua nabaritzen da, eta horixe bera aztertu dut nik, euskal ikuspegi batetik.
Idazleen belaunaldi berria eratua dela diozu.
Aipatu izan dira beste belaunaldi batzuk, eta momentua da beste bat ere aipatzen hasteko: Kirmen Uribe, Harkaitz Cano, Eider Rodriguez, Mikel Peruarena Ansa, Unai Elorriaga, Ixiar Rozas, Karmele Jaio, Ur Apalategi, Lander Garro, Uxue Alberdi eta Katixa Agirre aipatzen ditut nik. Zalantzarik gabe, belaunaldi bati buruz hitz egiten denean, izendegian sartzen direnak beti izaten dira eztabaidagai. Nik ez dakit belaunaldiaren parte diren guztiak zerrenda honetan ote dauden, baina bai badakit dauden guztiak belaunaldi honen parte badirela. Kirmen Uribe, Harkaitz Cano eta Eider Rodriguez erreferente gisa nabarmenduko nituzke izendegi honetan, baita Mikel Peruarena Ansa eta Uxue Alberdi ere.
Zeintzuk dira idazle horien arteko ezaugarri komunak?
Idazle hauek beren garaiaren seme-alabak dira, Euskal Herrian jaio eta hazi dira eta 90eko hamarkadan jalgi dira mundu publikora. Hamarkada horretan Euskal Herriko gizartea nahiko hautsita edo haustear zegoen, bi aldetan, eta nik uste dut adin horretakoak garen guztiok oso markatuta gaudela bizipen horiengatik, aztarna handia utzi digute.
Bestetik, euskaraz irakurtzen hazi diren idazleak dira denak, aurrekoei irakurri ahal izan dizkiete euskarazko lanak. Hau da, haientzako euskara ez da hautua edo aldarrikapena izan, bide logikoena izan da, egunero bizi izateko baliabidea. Ikastolen belaunaldikoak dira, eta hori dena erabiltzen duten euskara mailan eta hizkun-tza lanketan ikus daiteke. Buka-tzeko, oso belaunaldi garaikidea dela esango nuke. Mundu mailan dauden joera nagusiekin euskal ikuspegi batetik bat egiten asmatu dute eta joan diren toki guztietara hizkuntza gutxitu batean idazten dutela harro aldarrikatu dute.
Aurreko belaunaldietako idazleek ez bezala, bakea eta bizikidetza eraiki-tzeko aukera dutela diozu.
Euskal gatazkan nagusitu izan diren kontakizunak dualistak izan dira beti: honekin zaude, edo bestearekin. Orain ez gaude aro horretan, aro berri batean gaude: nahi bada, konta dezakegu nolakoa izan daitekeen bakea eta bizikidetza eraikitzeko fase berri bat. Gure herrian indarkeriaren adierazpen nagusiak amaitu diren honetan kontakizunen lehiarekin bukatu behar dugu. Errelatoak behar beharrezkoak ditugu, noski, zenbat eta gehiago hobe, baina gertatu diren sufrimendu guztien sentipenak kontatuko dituztenak, autokritika oinarrian eta enpatia helburu, konfrontazioaren sendagai gisa. Gure herriko intelektualek badute bide horretan zer eskaini, eta ari dira dagoeneko: hortxe ditugu, besteak beste, Harkaitz Canoren Twist edo Fakirraren Ahotsa, Kirmen Uriberen Elkarrekin esnatzeko ordua, Uxue Alberdiren Jenisjoplin, Unai Elorriagaren Iazko hezurrak edota Lander Garroren Gerra txikia. Ikuspegi desberdinetatik eta modu ezberdinetan kontatu dituzte azken hamarkadetan Euskal Herrian gertatutako sufrimenduak eta oinazeak. Erabat baliagarriak dira aipatutako bidea egiten hasteko.
Hautsitako zubiak berreraikitzeko garaia dela diozu.
Indarkeriak eta sufrimenduak gure gizartearen baitan zeuden zubi asko hautsi dituzte, pertsonen artekoak, euskaldunen artekoak, eta bereziki kezkatzen nau horrek, gure nazioaren kontakizunak komunitate osoarena izan behar duelako. Zer nolako etorkizuna gura dugu? Kontakizun “aspirazionala” sortu behar dugu guztiok elkarrekin, baina horretarako gure zauriak sendatu eta zubi horiek berreraiki behar ditugu. Denok egin behar dugu autokritika, egindakoagatik eta egin eta esan ez dugunagatik. Ni ez naiz nor inori esateko zer nolako autokritika egin behar duen, baina bai nirea erabakitzeko: enpatia gehien sufritu dutenekiko, haiek dituztelako herri honen zauri sakonenak. Lehendabizi horiek konpon-tzen asmatu behar dugu.
Kirmen Uriberen poema batetik hartu duzu liburuaren izenburua eta tarte zabala eskaini diozu bere obrari.
Kirmenen obrak badu giza eskubideei buruzko gogoeta sakona, Euskal Herrian gertatu den guztian oinarritua. Globalizazioaren aroan euskal nortasunaren aldeko hautu argia egiten du, gure kultura eta hizkuntza mundu honi eginiko ekarpen nagusi bezala aldarrikatzen ditu. Norberaren askatasunaren aldeko jarrera ere nabaria da eta errealitate zatiak kontatzen ditu, errealitatea dirudiena baino konplexuagoa dela azalduz. Bat egiten dut idea horiekin eta uste dut belaunaldiaren balioak izan daitezkeela.
Elkarren arteko zubia berreraikitzen asmatu zenuten zuek ere.
Badira gure artekoa baino suntsiketa askoz ere larriagoak, baina bai, izan daiteke adibide xume bat. Letren fakultatean ezagutu genuen elkar, eta lagunak izan gara aspalditik. Bidean, baina, gorabehera handiak izan ditugu, herri honetako harreman askotan gertatu bezala. Euskal gatazkaren eta politikaren ondorio lazgarriek elkarrengandik aldendu gintuzten, baina gure arteko zubia berreraikitzen asmatu dugu.
Hortik abiatuta, euskal nazioaren kontakizun berria eratzeko beharraz hitz egiten duzu bigarren atalean.
Euskal ikuspegi batetik jakin behar dugu egungo mundua azter-tzen, ulertzen eta interpretatzen, jakiteko non gauden, norekin kokatzen garen, zein diren arriskuak eta mehatxuak eta zeintzuk aukerak. Egiteko daukagun zerbait da. Izan ere, Euskal Herrian ere mundu arrotza dagoela ukatzea ez litzateke zintzoa izango. Askotan pentsatzen dugu gure gizartea desberdina dela, eta azkenaldian konturatu gara, onerako edo txarrerako, beste guztiak bezalakoak garela. Hemen ere sumatzen da autoritarismoa eta arrazakeria.
Aurreko ereduak agortuta daudela diozu.
Bere garaian, Agirre Lehendakaria eta bere garaiko intelektual eta sor-tzaileak gai izan ziren demokrazia liberalarekin irudikatzen zuten ideala (AEB, Erresuma Batua?) euskal ikuspegi batetik marrazteko. Orain dela 60 urteko euskal gazte belaunaldi berriak, ordea, Agirre lehendakariaren eta haren ondokoen artean etsipena sumatu, eta kontakizun berri bat sortu zuen. Gure herriaren askapenak iraultzarekin lotuta egon behar zuela ondorioztatu zuten Txabi Etxebarrieta eta ingurukoek, eta Kuba edota Aljeriako ereduak hartu zituzten. Borroka armatuaren erabilera horren ondorio izan zen. Bada, bi mundu horiek desagertu dira, kontakizun horiek bukatu zaizkigu eta berria sortu behar dugu. Sinez miresten ditut biak, gai izan baitziren ariketa intelektual hori egiteko, baina haien mundua ez da gure mundua. Trumpekin egon nahi dugun edo alternatiba eraiki nahi dugun erabaki behar dugu, hori da gure garaiak eskatzen duen erronka, eta pentsa-tzen dut intelektual talde honek ahalmen eta talentu nahikoa duela hori guztia ehuntzeko. Dena den, proposamenak baino ez dira nireak. Gustatuko litzaidake liburu hau erabilgarria izatea jendartean eztabaida aberasgarriak sortzeko.
Eztabaidatzeko aukerarik izango da prestatzen ari zareten solasaldietan.
Saiakera honek literaturaren eta filosofia politikoaren arteko elkarrizketa bat planteatzen duenez, pentsatu dugu elkarrizketa horri plataforma fisikoa ematea. Gure asmoa da Gasteizen, Bilbon eta Donostian joera ezberdineko politikariak eta kultur sortzaileak bilduko dituzten hiru solasaldi antolatzea. Besteak beste, prest azaldu dira Kirmen Uribe, Harkaitz Cano, Jon Maia, Igor Elor-tza, Bingen Zupiria, Garbiñe Biurrun edota Miren Larrion. Uda eta gero Iruñean eta Baionan ere egiteko asmoa dugu.