Bost urte bete dira Susa argitaletxeak Munduko Poesia Kaierak bilduma abian jarri zuenetik. Beñat Sarasolaren ardurapean, udaberrian eta udazkenean munduko hainbat poeten lanak euskaratu eta argitaratzen dira bilduma honen baitan. Udaberriarekin batera, Idea Vilariñoren eta Cesare Paveseren antologiak iritsi zaizkigu. Kaiera berriekin, 30. zenbakira heldu da bilduma. Honenbestez, 30 poeta, 30 idazle eta 30 itzultzaile dira dagoeneko proiektu horretan bildu direnak.
Udaberriko nobedadeetako bat Cesare Paveseren antologia dugu. Pavese (Santo Stefano Belbo, 1908 - Torino, 1950) XX. mendeko idazle italiar handienetakoa izan zen. Beñat Sarasola bildumaren arduradunak dioenez, “kasu berezia” da gurean poeta honena. Izan ere, ez zuen poesia asko argitaratu, poemategi bakarra argitaratu zuen bizirik zela: Lavorare estanca (Lan egiteak akitzen du). Hala ere, eta oso poesia gutxi euskaratu den arren, “euskaraz sarrien itzuli den poetetako bat da”, Sarasolak kontatzen duenez. Itzultzaileen artean daude, besteak beste, Xabier Lete eta Joseba Sarrionandia. Kasu honetan, Ion Olano Carlos izan da bere olerkiak itzuli dituena. “Zenbait poemaren itzulpen berriak emateaz gain -italieratik zuzenean itzuliak-, Paveseren ibilbide poetikoaren soslai osatu bat eman digu kaiera honetan”, dio Beñat Sarasolak hitzaurrean.
Poesia publikatzen hasi zuen idazle ibilbidea Pavesek, 1936an, Lan egiteak akitzen du argitaratu zuenean. “Garai hartan poesia hermetikoa zen Italian nagusi, Salvatore Quasimodo, Giuseppe Ungaretti eta Eugenio Montale bezalako poeta handien eskutik, eta Pavesek poesia molde errotik ezberdin bat ekarri zuen”, aipatzen du Sarasolak. Iluntasun poetikoaren aldean, “poesia askoz ere narratiboagoa zen berea, erritmo eta kadentzia handikoa eta bertso-lerro luzekoa”, uste du editoreak. Bigarren aldiko poemetan ordea, “poetika biraketa” suma litekeela dio, askoz ere poema lirikoagoak idatzi zituelako.
Literatura anglosaxoiko hainbat idazle handi batzuen itzulpen aipagarriak egiteaz gain, Einaudi argitaletxean lan egin zuen, garaiko beste zenbait idazle italiar handiren aldamenean, eta bere obra hantxe argitaratu zuen, ia osoki. 1950. urteko abuztuan, bere buruaz beste egin eta berrogeita bi urte baino ez zituela zendu zen Pavese.
Itzalpeko poeta Bildumak dakarren bigarren nobedadea Idea Vilariño idazle uruguaiarra da. Vilariño (Montevideo, 1920- 2009) Uruguaiko 45eko Belaunaldia deritzoneko poeta handienetako bat izan zen. Hala ere, ez zuen belaunaldi horretako beste kide askok adinako sonarik izan, kide gizonezkoen (Juan Carlos Onetti, Mario Benedetti) itzalpean egon baitzen urte luzez. Garazi Arrula Ruiz izan da haren lanak euskarara ekarri dituena.
Sarasolak kontatzen duenez, “gazterik hasi zen uruguaiarra poesia idazten -antologia honetako poema zaharrena hemeretzi urte zituenekoa da-, eta gazterik argitara-tzen; lehen poema liburua 1945ean kaleratu zuen: La suplicante (Erregutzailea). Urte horrek eman zion, halaber, Uruguaiko literaturako XX. mendeko belaunaldi ezagunenari izena”. Vilariñok ia poema guztiei jarri zien data, baina ez zituen kronologikoki argitaratu; “nahiago izan zituen kidetasun formal edo edukizkoaren arabera bildu”, Sarasolak argitu duenez. Hala, argitalpen ordena horren arabera batu ditu poemak Arrulak, poemaren sortze-data atxikirik.
Poetaz gain, “letragile aparta” izan zen Vilariño, Sarasolaren ustez. “Los orientales (Ekialdekoak) kantuaren letra izango da horietan ezagunena, zeina Los Olimañeros taldeak kantu bihurtu zuen eta Uruguaiko ereserki ezagunenetakoa den. Horretaz gain, itzultzaile aparta izan zen, eta tangoaren inguruko ikertzailea ere bai”.
Sarasolak azpimarratzen du haren poemetan “mikaztasuna” sumatzen dela: “inoiz esan zuen animoz pa-ttal zegoenean idatzi ohi zuela, eta akaso horregatik sumatzen zaio ernegua idazkietan”. Dena den, editoreak argi du bere maitasun poemak egin direla ezagunenak, bereziki Poemas de Amor-ekoak (Maitasun poemak), zeina Onettiri -maitale izan zuenari- eskaini zion (lehenengo edizioan).