Kan du tage os til rådhus, tak?. Niri begira daude bi irudi garai, bi metrotik gertuko garaiera dute eta hilea horia eta gorriaren arteko nahaste distiratsukoa. Irribarre batekin eran-tzun diet lehenik eta behin, nire sektoreko profesional on baten moduan. Tamalez, ez dut tutik uler-tzen hitz egin berri didaten hizkun-tza, baina rådhus hitza nonbaiten irakurri dudanez, uste dut badakidala nora joan nahi duten. Ingelesez galdetu diet ea udaletxera joan nahi duten eta eurak Ja lehor batez eran-tzun didate. Nora joan nahi duten garbi izanda, lehen arazoa konpondua dago, orain bigarrena gainditu behar, nola iritsi une honetan nagoen Nyhavn-etik udaletxera?
Nondik joan behar naizen jakiteko, hiri honen logistikan aditua den taldearengana jo dut, hau da, metro gutxitara dagoen nazioarteko ikasle-etorkin-txiro-hippi-bizizale taldearengana. Kide bulgariarrak parkerantz joateko esan dit, eta lehen kale estuan ezkerretara jotzeko. Poloniatik etorritako Pzemek-ek, aldiz, hobe dela zuzen joatea kale nagusitik, baina adi egoteko poliziarekin. Nire bezeroengana itzuli eta dena garbi duenaren aurpegia jarriz eta Let’s go! esanez hiru gurpildun bizikletan igo gara denak.
Izterrak ondo berotu eta gero, hamar minuturen bueltan udaletxe aurrean gaude eta nire eguneko lehen bezeroa izan den bikoteak txintik esan gabe nire zerbitzuaren prezioa ordaindu du. Lana ondo egin izanaren satisfazioaz, hurrengo bezeroaren bila joan naiz herrialdeko bigarren jolas parke zaharrenera, Tivoli parkera. Izan ere, uda honetan, beste kanpoko gazte asko bezala, bizikleta taxi gidaria izatea erabaki dut, non eta Europako hiri txirrindularienetako batean, Kopenhagen.
BIZIKLETAK NON-NAHI Gazte mordoa gerturatzen da Kopenhagera bertakoek uda deitzen dioten eguraldi haizetsu eta freskoaren garaian, euren herrialdean dirutza den baina bertakoentzako diru xehea dena irabaztera. Ogibidea sinplea da: trizi-klo zahar bat hartu eta hirian zehar taxista lana egitea, hau da Cycletaxa bat izatea. Hiri honetan bizikletak non-nahi dabiltza aurrera eta atzera, aerodinamikaren legeen aurka doazen bi metroko danimarkarren hankartean. Izan ere Danimarkako hiriburuak bizikletaren Europako hiriburuetako bat izateko osagai guztiak dauzka: laua da, haizetsua, euria edozein unetan egiten du eta uda ilusio kolektibo bat kontsidera daiteke. Baldintzak hain xamurrak izanda, txirrinduz mugitzen dira, nola bestela!
Euria eta txirrindaren fusioa ez da hiri honetan topatu dezakegun kontraesan bakarra. Eraikin elegante, banku bulego eta erreginaren jauregitik metro gutxitara, legea, kon-tsumoa eta orokorrean bizi estiloa guztiz bestelakoa duen Christiania hiri librea topa dezakegu. Europar batasunetik at dagoela aldarrika-tzen duen herri hau Kopenhage hiriaren harresi zaharren eta militarren barrakoi ohi batzuen lekuan dago kokatua. Bertatik paseatzea librea da, denetariko materialekin eginiko parke libreetan jolastea bezain libre, edo kale nagusia den pusher street-en marihuana libreki erostea bezain libre. Hiri libre honetan libre sentituko ez den bakarra haragi hanburgesa bat jan nahi duen gizaki gosetua da. Baina ez da hala; izan ere, libre da hanburgesa begano bat eskatu edo Europar Batasunera bi pausutan itzultzea eta bere libertateaz gozatzea.
Amalienborg-en nabil bezeroen ehizan, Danimarkako errege familiaren etxebizitzaren aurrean. Bezero erreal bat izateko esperantza nuen, baina bandera haga erdian dago eta erregina kanpoan dagoela esan nahi omen du, “lanean ziurrenik”, esan didatenez. Nere hizkuntzen ezagu-tzak eta trikimailu guztiak erabiltzen ari naiz jendea erakartzeko: elegante eta kolonia usainez doazenei ciao, buon giorno esaten diet, urrutitik entzuten zaienei hola, buenos dias oihukatzen diet eta gaurko egun (kasualitatez) eguzkitsuan goretexa jarria dutenak apa, arratsalde on! batekin agurtzen ditut. Baina ez du funtzionatzen; izan ere, hiri honen kaleetatik barna paseotxo bat eman duenak badaki hemen dena garesti dela, baita atzerritar txirrinda gidariak ere.
EUROPA OSOKO JENDEA Asper uneetan, lankideengana jotzen dut, elkarrizketa pixka bat izatearren, sikiera. Europa osoko jendea gaude hemen, hego eta hego-ekialdekoak batez ere, baina guztien gainetik poloniarrak daude. Gaueko ferri bat hartuz iritsi daitezke Polonia iparraldetik gurin-gailetak esportatzen dituen herrialde honetara. Hemen udako sasoian irabazitakoarekin, ikasle poloniar batek urte osoan zehar bere herrialdean behar duen diru kopurua izan dezake.
Ilunabarrean, lankide gehienak Gammeltorv plazan elkartzen gara, hiriko enparantzarik zaharrenean. Bertan, garagardo batzuekin zin-tzurra bustiz, eguneko pasadizoak kontatzen dizkiogu elkarri. Bakoi-tzak bere iragana eta etorkizuneko asmoak dauzka, baina Pzemek poloniarrak dioen bezala, denok ofizio berbera daukagu: txirrindulari profesionalak gara. Izan ere, pedalei eragiten irabazten dugu gure soldata. Onartzen dut txikitan txirrindulari izatea amesten nuenean ez nuela honetan pentsatzen, baina ze arraio, ez al da egia txirrindutik bizi naizela?