Etxeko txikienek espazio nabarmena izaten dute urtero Durangoko Azokan. Beraientzako ekimen ugari antolatzen dira Landako Guneko Saguganbara espazioan, esaterako. Ume eta familiak euskal kulturara gerturatzeko gunea da Durangoko Azoka eta publiko honentzako urte osoan sortu diren hainbat arte diziplinetako sormen lanak ezagutzera ematen ditu. Euskal kulturaren transmisioan eragin nahi du espazioak, haur literaturari eta irakurzaletasunari garrantzia emanez. Helburu horrekin aurkezten dituzte urtero euskal argitaletxeek beren nobedadeen saskiak.
Pamiela argitaletxea adibidez, oso desberdinak diren bi proposamenekin dator aurten Landako Gunera: Lehena, Bat bi hiru txiruliru da. Xabier Olasok egindako egokitzapen honek jolas egiteko eta ondo pasatzeko aukera proposatzen die etxeko txikienei: “Egoera, jokaera eta itxura ezberdinetan orriz orri ageri diren pertsonaiek bide ematen diete lehenengo irakurleei irudiak eta hitzak antzematen ikas dezaten. Desberdintasuna lantzen da jolasen bidez”, azaldu du Pamielako Carmen Elvirak.
Bidaia luzea da argitaletxeak nabarmendu nahi izan duen bigarren lana. Luigi Anselmik euskaratutako liburuak “gaurko errealitateari buruz hitz egiteko aukera ematen digu, errefuxiatuen gaia aipatzen delako. Ez da liburu erreza, ezta xamurra ere. Literaturak txikiekin -eta ez hain txikiekin-gaurko tragedia batera hurbiltzen laguntzen digu, kasu honetan. Lan hau aldi berean gertatzen diren bi bidaiaren istorioa dela azaldu du Elvirak.
Ezohiko GAIAK Ibaizabal etxearen erakusmahaiko nobedadeen artean, Oihane Fernandez idazleak eta Ainara Azpiazu marrazkilariak ondutako Sekretuen hamaika zaporeak eta Ana Urkizak Manu Ortegaren irudiekin batera idatzitako Olatuak zaintzen liburuak aurki ditzakegu. Lehenengoa, Haur eta Gazte Literaturan oso gutxitan agertu den gai bat mahai gainera ekar-tzen duelako nabarmendu nahi izan du Eukene Herrera argitaletxeko koordinatzaileak. Izan ere, pertsona transgeneroen errealitatea dakar lan honek. “Kontakizunak gai honen inguruko gogoeta egitera animatzen gaitu: Zein desberdintasun dago neska edo mutila izatearen artean? Zerk baldin-tzatzen du gure generoa?...” Hamar urteko gaztetxo batek biziko dituen gorabeheren eta zalan-tzen eskutik heltzen dio gai horri Oihane Fernandezek. Era berean, “sentimenduz eta emozioz beteriko liburua” dela nabarmendu dute Ibaizabaletik.
Olatuak zaintzen lana, bere aldetik, lehenengo aldiz modu autonomoan liburu bat irakurtzera hurbiltzen diren umeentzat oso aproposa dela iruditzen zaio Herrerari. Izan ere, “erronka handia da haurrentzat lehenengoz liburu baten irakurketari gozatuz ekitea, eta hori da, hain zuzen ere, ipuin honen helburua”, kontatu du Ibaizabal argitaletxeko kideak. Kontakizun labur honetan, beste gauza batzuen artean, anai-arreben arteko harremana, maitasuna eta konplizitatea bezalako gaiak jorratzen dira, baina baita bestelako sentimenduak ere, beldurra eta poza, adibidez. Orrialde osoko ilustrazio koloretsuak testua laguntzera eta osatzera datoz, eta horrek irakurlearen irudimena piztu eta irakurlearekiko zaletasuna bultzatzen du.
Ttarttalo argitaletxea ere urtero dator nobedadez betetako motxilarekin. Aztirik euskaratutako Pista-jokoa oihan misteriotsuan da horren adibide. Abenturazko istorioak maite eta barre egiteko gogoa duten umeei proposatzen die argitaletxeak liburu hau. Oihan misteriotsu bat eta lau pertsonaia dira ardatza, denak zerbaiten atzetik dabiltza. “Abentura zirraragarri hau bizi eta oihanaren bihotzean zer gertatzen den jakin nahi badu, gurutzatzen diren lau pista jarraitu beharko ditu irakurleak, liburua nahi duen ordenan irakurriz”.
Miren Agur Meabek itzulitako Urpeko bidaia handia da Ttarttalo argitaletxeak dakarren beste proposamenetako bat: “liburu ederra izateaz gain, itsaspeko mundua deskubritzeko album originala eta ikusgarria delako gomendatuko genieke irakurle txiki eta ez hain txikiei”, agertu dute argitaletxetik. Sonarus izeneko itsaspekoarekin ozeanoko uretan murgiltzeko gonbita jasoko dute, eta harekin batera ur garden eta ilunetan, lasai eta mugituetan, hotz eta epeletan zehar ibiliko dira”. Liburu honek, bestalde, soinu banda dauka eta QR kode bati esker, “umeek testu poetikoaz eta marrazkiez gozatzen duten bitartean, itsas hondoko soinu misteriotsuak eta animalien hots liluragarriak entzuteko aukera izango dute. Bertan egongo balira bezala!.
Elkar argitaletxeak, bere aldetik, bertsotan eginiko album ilustratu bat proposatu du Durangorako: Poza. Uxue Alberdik eta Eider Eibarrek ondutako liburua ez da horren ohikoa, argitaletxearen arabera: “Batetik, ume oso txikiei zuzendutako lana delako. Bestetik, pozaren aldarria gutxitan landu ohi delako literaturan, bestelako asmo pedagogikoak eta fun-tzionalak ematen zaizkio literaturari, baina ez pozari kantu bat besterik gabe”. Ilustrazioek duten indarra eta iradokitzeko ahalmena ere berezia dela nabarmendu du Elkarrek. Argitaletxetik gaineratu dutenez, “liburuarekin batera beste bi osagarri eskaintzen ari gara: kanta bat (Iban Urizarrek konposatua eta sarean entzungai egongo dena), eta animaziozko bideo bat”.
ESTEREOTIPO BERRIAK Marimatrakak bilduma ere gomendatu nahi izan du Elkarrek. Liburu hauek haurtzaroaren aldarrikapen bat dira, neurri batean: “haur izatearen pozaz hitz egiten digute, zailtasunez ere bai, baina alaitasunetik”. Bestalde, “bi neskato marimatraka aurkeztea ere gauza berezia da, normalean mutilek bete izan dutelako leku edo funtzio hori literaturan, orain arte. Estereotipo berriak sortu nahi izan ditugu. Liburuaren formatua eta diseinua ere berritzaileak dira: komikia, arintasuna, oso grafikoa?”
Azkenik, Erein argitaletxeak aurkeztuko dituen nobedadeen artean, Ane eta Moon, Ilargira bidaia liburua aurki daiteke. Istorio honetako bi protagonistei esker, adiskidetasuna zein garran-tzitsua den ikasi ahal izango dute etxeko txikienek. Altzoko Handia izeneko ipuin-bilduma ere aurkeztuko du Ereinek Landakon. Aurreneko bi izenburuak Altzoko Handia eta Kutixiren gezurrak eta Altzoko Handia eta Kutixiren pianoa dira, biak album formatuan argitaratuak. Ipuin bi hauen testu poetikoak Koldo Izagirre idazlearenak dira; irudiak, berriz, Irrimarra bikote sortzailea osatzen duten Karmele Gorroño eta Irene Iruretarenak dira.
OIHANE FERNANDEZ, IDAZLEA
“Transexualitatearen gaia lantzeaz aparte, sentimenduak oso presente daude liburuan”
Lukaren istorioa konta-tzen du Oihane Fernandez idazleak Sekretuen hamaika zaporeak izeneko liburuan. Protagonistak hainbat sekretu gordetzen ditu, sekretu txikiak, zein handiak, gaziak zein gozoak? baina, bada zerbait sekretu guzti horien atzean ezinegona besterik sortarazten ez diona, gauero lo egiten uzten ez diona. Luka, oraindik inork jakin ez arren, mutil bat da.
Oihane Fernandezen (Getxo, 1986) haur eta gazteentzako zazpigarren liburua da Sekretuen hamaika zaporeak. Fernandez Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziaduna eta Haur Hezkun-tzan diplomaduna da eta gaur egun euskara irakasle dihardu. Literaturako hainbat sari ere irabazi ditu: Xabier Lizardi XXXI. saria, Portugaleteko Uri-urian lehiaketa, Santurtziko emakumezkoen literatura saria, Bizenta Mogel ipuin-lehiaketa eta Errenteria Hiria ipuin lehiaketa.
Haur eta Gazte literaturan apenas jorratu den gaia dugu transexualitatearena. Zerk bultzatu zintuen honelako gai bat lantzera?
Egia da transexualitatearen gaia orain gutxira arte ez dela Haur eta Gazte literaturan gehiegi landu. Hala ere, azken aldian gaiarekin harreman zuzena zein zeharkakoa duten hainbat eta hainbat lan argia ikusten ari dira, zorionez. Sekretuen hamaika zaporeak liburua idaztera bultzatu ninduena hauxe izan zen: gaiarekiko berez sentitzen dudan begirunea, batetik; eta, bestetik, ni neu irakasle izanda, gaia eskolan lantzeko ikusten zein senti-tzen nuen beharra.
Liburua idazterako orduan, Chrysallis elkartearekin harremanetan jarri zinen. Nola otu zitzaizun eurengana jotzea eta nolakoa izan da eurekin lan egitea?
Kontakizuneko lehendabiziko kapitulua idaztearekin batera, bi gauzez konturatu nintzen. Bata, zeinen zaila zen transexualitatearen gaia umeekin lantzea, haien neurrira egindako istorio bat ahalik eta modu “naturalenean” idaztea, hiztegi egokia erabiltzea... Eta bestea, gaiaren inguruan sakon-tzeko beharrizana. Horrexegatik jo nuen Chrysallis elkartera. Email pare bat gurutzatu genituen eta azkenean nire herrian bertan bizi den eta gainera Chrysallis elkarteko bozeramalea ere baden Bea Severrekin elkartu nintzen. Oso baliagarria suertatu zitzaidan, gaiaren inguruan nituen zalantzak argitu zizkidalako. Bestalde, nire istorioa hornitzeko material gehiago helarazi zidan. Egia da Bea ezagutzeko aukera izan nuenerako, liburua erdi idatzirik nuela jada. Baina hark nire zalantzak argitzeaz gain, guztiz egokiak ikusten ez zituen beste detailetxo batzuei buruz haren iritzia eman zidan eta bion artean solasaldi oso interesgarria partekatu genuen.
Nolako harrera izaten ari da liburua?
Goizegi da oraindik irakurleen harrerari buruz hitz egiteko. Liburuak, berez, aste gutxi batzuk besterik ez daramatza kalean. Denborak esango digu proiektuak harrera ona duen ala ez.
Aurtengo Durangoko Azokari begira, zergatik gomendatuko zenuke ‘Sekretuen hamaika zaporeak’ liburua?
Istorio polita kontatzen duela iruditzen zait. Transexualitatearen gaia lantzeaz aparte, sentimenduak oso presente dituen liburua ere bada. Hezkidetza zein hezkuntza emozionala jorratzen dituen lana da. Guzti hau, Haur eta Gazte literaturaren esentzia bera begiz galdu gabe.