ArgazkilaritzaREN munduan ezohiko hasiera izan zuen Ura Iturraldek (Tolosa, 1979), eta fotokazetari gisa aritu da ordutik, istorioak kontatzea baitu gustuko, idatziz zein kameraren bidez. Baffest argazki jaialdiko argazkilari berrien saria irabazi du, Palestinan sortutako samariarrei buruzko proiektu batekin. “Sorpresa” moduan hartu du saria Iturraldek, eta “ohorea” dela azaldu du.

Baffest-eko sari nagusia irabazi duzu. Zelakoa izan da zuretzat sari hau jasotzea?

Egia esan, sekulako sorpresa izan da, ez bainuen espero inondik inora ere. Horrez gain, ohorea da emakume argazkilariei zuzendutako jaialdi bateko saria lortzea, izan ere, estatu mailan ez dago besterik eta oso beharrezkoa da, argazkilaritzan ere gizonezkoak baitira gehiengoa.

Emakume argazkilariak ikusarazteko garaia dela esan duzu.

Orokorrean, argazkilaritzan emakumeek ez dute presentzia handirik. Ni fotokazetaria naiz eta mundu honetan are nabarmenagoa da gehiengoa gizonezkoak direla. Lehengoan, esaterako, argazki agentzia batek argitaratu zuen lanbidean aritzen diren gizon eta emakumeen proportzio deigarria (World Press Photo-k egindako ikerketa baten arabera, 2017an fotokazetaritzan argazkilarien %15 baino ez ziren andrazkoak). Azken aldian estatu mailako Photo España masterrarekin ere polemika egon da, ia irakasle guztiak gizonezkoak direlako. Datu hauek ez dira inolako sorpresa, gizarteko beste arlo batzuetan ere gerta-tzen baita. Horregatik dira ezinbestekoak Baffest bezalako jaialdiak.

Zelakoa izan den zure ibilbidea argazkilaritzan? Ezohiko hasiera izan zenuen, ezta?

Beti gustatu izan zait mundu artistikoa eta diseinu grafikoa ikasi nuen. Arlo horretan hasi nintzen lanean, baina bidaiatzea beti gustatu izan zait, libre izatea, eta nire burua kaiola batean bezala ikusten nuen. Krisiaren ondorioz lanetik bota egin ninduten eta orduan erabaki nuen argazki kamera bat erosi eta hiru hilabetez Asiara joatea. Nire buruarekin, bakarrik egonda ikasi nuen kamera ondo erabiltzen. Gainera, hiru hilabetez bakarrik egotea nire-tzat sekulako ikasketa izan zen, baita kamerarik gabe ere.

Bueltatu nintzenean erabaki nuen argazkilaritza munduan murgiltzen saiatzea. Argazki ikastaroak egin nituen Tolosan, Madrilen, etab. Eta hor ikasi nuen teknika. Gero, Boliviara joan nintzen Che Guevara hil zuten herrira, argazkiak eta erreportajea egitera. Ordutik, horrela ibili naiz, batetik bestera, istorioak bilatu eta egunkari zein aldizkariei fotoerreportajeak eskainiz, ikastaroak emanez, ezkontzetan argazkiak ateraz?

Fotokazetaritzan aritzen zara, beraz. Zelakoak dira lehiaketara aurkeztu dituzun lanak?

Samariarrei buruzko lan dokumentala da. Horregatik, Baffest-eko lehiaketara oso lasai joan nintzen, izan ere, beste bost lanak artistikoak ziren eta nirea nahiko ezberdina zenez, uste nuen ez nuela irabazteko aukerarik izango. Irailean Palestinara joan nintzen; ez nin-tzen euren bila joan, baina topatu egin nituen eta harrituta geratu nintzen, ez bainekien gaur egun oraindik samariarrak zeudenik ere, eta eurekin pare bat aste gelditzea erabaki nuen.

Zer dela-eta aukeratu zenituen argazki horiek Baffest-erako?

Lehenengo aldia da iruditu zaidana nahi nuena lortu nuela. Samariarrekin zortea izan nuen, euren istorioa kontatu nahi zutelako. Lan oso bat zen, horregatik aurkeztu nuen jaialdirako.

‘Emakumeekin hitz egiten duten emakumeak’ da aurtengo gaia.

Gai horren inguruan dabiltzan oso istorio politak daude jaialdian, emakumeen ikuspuntutik. Emakumea izan gabe gai horietara eta intimitate horretara iristea ez zen erraza izango.

Baffest-en hirugarren edizioa da aurtengoa. Maila handiko argazkilariak daude: bisitak, tailerrak...

Bai. Gainera kalean egiten da, mundu guztiak ikusi dezake. Formatu aldetik jendearengana heltzeko oso erraza da. Bisita gidatuekin oso interesgarria da, lan guztiak azaltzen dizkizutelako, baina zu bakarrik ere joan zaitezke, noski.

Datorren urteko jaialdian argazkilari gonbidatua izango zara.

Laugarren edizioan nire txokoa izango dut. Dena den, oraindik asko falta da, eta nik ia ez dut biharko planik ere ikusten... Oraingoz nahikoa lan daukat asimilatzen Baffest irabazi dudala!

Baduzu proiekturik esku artean?

Urrian Iranera joateko asmoa dut, proiektu bat baitut buruan. Ez dakit lortuko dudan, oraingoz informazioa biltzen ari naiz, gidoia prestatzen. Baina ez dut ezer aurreratu nahi, badaezpada ere.