Sexu, identitate eta genero-aniztasuna lan-tzen duten jaialdien artean erreferente bihurtzen ari da Zinegoak, Bilboko Gay-Lesbitrans nazioarteko zinema eta arte eszenikoen jaialdia. Otsailaren 19tik martxoaren 4ra arte ospatuko da 15. edizioa. Beraz, berriro errepikatuko du bi asteko iraupenaren formatua.
Guztira, 135 jarduera eta proiekzio baino gehiago izango dira. Egitarauaren alde indartsuena lehenengo astean izango da, egun horietan izango baitira lehiatuko diren pelikula guztien lehenengo paseak. Bigarren astean, ostera, paseak errepikatu eta jarduera osagarriak antolatuko dira. Lehenengo astean pelikula guztiak aurkeztuko dira hiru zinema-areto nagusietan: Golem eta Bilborocken pelikula eta film laburren sail ofizialarekin, eta Bilbo Arteko Art House Zineman Off Narratiba Berriak sailarekin. Bigarren astean, otsailaren 26tik martxoaren 4ra arte, egoitza ofizial bakarra izango da: Bilborock. Bertan pelikulen bigarren paseak egongo dira.
Pau Guillén jaialdiaren zuzendariaren esanetan, jaialdiaren helburua da ezberdintasunek “norbanako egiten gaituztela erakustea, eta maitatzeko moduak, gure identitatea adierazteko moduak eta gure sexualitateaz gozatzeko moduak ezin dituztela arau sozial edo estetikoek mugatu”.
Aurtengoan jaialdia ezagutzera emateko aukeratu duten kartela ere ildo beretik doa. Ane Pikaza artistaren ilustrazio bat da jaialdiaren irudi nagusia. Kartelean, maitasun lesbikoa eta estereotiporik gabeko gorputzak aldarrikatzen dira. Guillenek azaldu duenez, kartelak “gorputzen estereotipoen inposaketaz” hitz egin nahi du. Irudi horren bidez, pertsona guztiek beren gorputzaz harro egoteko eskubidea dutela aldarrikatzen da. “Genero adierazpen eta nortasunetik harago, desira ere oso ani-tza izan daitekeela nabarmendu nahi izan dugu”.
Programazioari dagokionez, Estatu mailako 22 estreinaldi izango dira, Europa mailako hiru eta mundu mailako bi estreinaldi: Nove de Novembro (Lázaro Louzaoren opera prima, galegoz grabatutako lehenengo LGTB pelikula) edo Enfemme (Alba Barbé i Serra zuzendariaren lana, crossdressing munduaren inguruan). Euskal Herrian eginiko lanek eta euskaraz filmatutakoek ere izango dute bere lekua, Euskal begiradak sailean, hain zuzen. Zinegoak-en izango dugun etxeko uztaren laburpena da honakoa.