Hatza begian sartzeko gogoarekin dator beste behin Bi Bala taldea. Horixe dio taldeko abeslari Aitzol Barandiaranek. Zirikatzaileak dira ororen gainetik, eta sortzen dituzten kantetan agerian uzten dute euren izaera. Errealitateari begirada zorrotza luzatzen diote, umore eta ironiatik beti. Horiek dira, hain zuzen, euren arrakastaren osagai nagusietako bi. Ataungo abeslariaren ustez, “umorea baliagarria da tabuak edo gai mingarriak mahai gainean jar-tzeko, eta errazago sartzen da hatza zaurian, irribarre batekin baldin bada”. Dena den, abeslariak abisua bota du: “Ez dezala jendeak gure umorea serioegi hartu!”.
Bi Balaren izaera markatzen duten beste bi elementu garrantzitsu ere badira: rocka eta bertsolaritza. Barandiaran bertsolaria ere bada, Iñaki Gurrutxaga bezala. Azken horrek gitarra jo eta abestu ere egiten du. Gainontzeko bi kideak Xabier Etxeberria Pitxu (baxua) eta Julen Goikoetxea (bateria) dira.
Lauren artean plazaratu zuten euren lehenengo diskoa (Wasabi, 2014). Orain dela bi urte, berriz, Gure Eroyak diskoarekin itzuli ziren. Denbora tarte hau “intentsitate eta gogo ikaragarriz” bizi izan dutela dio Barandiaranek, eta baita harrituta ere: “Aurreko bi diskoetako birak batuta, ehun kontzertutik gora ematera iritsi gara oso denbora epe motzean. Hasi ginenean ez genuen erraz sinetsiko halakorik”.
Gure Eroyak diskoaren bira amaitu ostean, urtebete eman du laukoteak Arazo modernoak lana prestatzen, eta irailaren amaieran, Tolosako Bonberenea Gaztetxeko estudiora sartu ziren diskoa grabatzeko. “Eszenatokietatik kanpo ibili garen arren, ilusioz eta lanez betetako urtea izan da aurtengoa, barrura begirako bidaia moduko bat. Disko guztiak bezala, ez da prozesu erraza izan, baina inoiz baino argiago geneukan zer lortu nahi genuen”, kontatu du Barandiaranek.
Grabaketa eta nahasketarena garai gogorra izaten dela nabarmendu du abeslariak, ordu asko eta ahalegin handia eskatzen duelako. Hala ere, Karlos Osinagarekin lanean eta bukaerako emaitza ikusita, oso eroso eta pozik sentitu direla onartu du.
HATZA ZAURIAN Arazo modernoak lan berriaren izena izateaz gain, bildumako bigarren kantarena ere bada. Abesti honetan agertzen dira, besteak beste, “interneteko birusak eta / txertorik gabeko haurrak, / adar jartzeen hipotekak ta / hipotekaren adarrak / faborito edo retweet / Cola Caoa edo Nesquik / Zarako praka apurtuekin / aitaren atorra zaharrak /?”. Oro har, azaleko buruhausteei egiten diete erreferentzia. Barandiaranen aburuz, ez dago arazo moderno hauen atzaparretatik askatzeko modurik: “Azalari garrantzi gehiegi ematen dion gizarte bateko kide garen aldetik, arazo modernoetan itotzen gara gu ere. Oso zaila da horretatik ihes egitea, baina geure buruari barre egiten ikastea sendagai ona izan liteke. Guk ez dugu irtenbide modernorik, baina bai hatza begian sartzeko gogo handia”.
Aurreko bi diskoetan bezala, lan berrian ere bada autokritikarako tarterik. Eta pieza horietan protagonista direnek asko dute Bi Balako lau kideen partetik ere. Ildo honetan, argi dauka taldeko abeslariak: “Balak botatzen ditugu baina gure ispilurantz”. Izan ere, ataundarraren arabera, “zure burua kritikatzeko edo kritikak onartzeko gauza ez bazara, ez daukazu sinesgarritasunik besteak seinalatzeko”.
EROSOTASUNETIK IHESI Laukoteak errealitateari begirada zorrotz batetik so egin izan dio beti eta disko berrian ere taldearen betiko estiloari eutsi nahi izan diote. Bi Bala ez dira inorekin ezkontzen diren horietakoak, egurra han eta hemen bana-tzen dute, inor ez dago salbu jaurtikitzen dituzten baletatik. “Orokorrean, musikan, politikan edo koadrilan, aspertu egiten gaitu betiko lelo eta diskurtsoak entzuteak”, dio Barandiaranek. Zentzu horretan, “erosotasunean ez erortzea” da laukoaren helburua: “Zer esanik ez daukagun egunean, oholtzatik jaitsi eta ez gara itzuliko”.
Bederatzi kantuz osatu da lan berria, eta bertsoek eta rock-ak indar handia dute guztietan. Ataungo taldeak ez dauka piezak sortzeko definitutako modu bakar bat: batzuetan hitzak sortzen dituzte lehenengo, beste ba-tzuetan aldiz, doinuak hartzen du aurrea. “Kantuak sortzeko prozesuak edozein gauza izan dezake abiapuntu: hitz bat, riff bat, estribillo bat? Ideia bati tiraka hasten gara, noraino iritsiko garen jakin gabe”, azaldu du abeslari gipuzkoarrak. Gaiak aukeratzerako orduan ere berdintsu aritzen dira: gutxien uste duzunean, solasaldi batean, egunkaria irakurriz, komunean? bonbilla pizten zaizu eta hori da hitzak idazteko aitzakia”.
Hilaren 27an Gasteizko Errekaleor auzo okupatuan eskainiko du kon-tzertua Bi Balak. Hurrengo egunean, berriz, Arrasateko Gaztetxean izango dira zuzenean. Urtarriletik aurrera ere ari dira kontzertuak lotzen. Disko fisikoa eskuratzeko aukeraz gain, internet bidez doan deskarga-tzeko moduan ere jarri dute, “gure kantuak ahalik eta gehien zabaldu daitezen”, bukatu du abeslariak.