Maite Mutuberriaren ilustrazioekin batera, Mokotxiki (Pamiela) album ilustratua argitaratuko du idazle ondarroarrak Durangoko Azokarako. “Hizkun-tza txikietako hiztunen harrotasuna” aldarrikatu nahi du liburuak.

Zelan jaio zen liburu honen ideia?

Umeei hizkuntza harrotasuna nola azaldu era sinple batean, ideia hori nerabilen buruan bueltaka. Horretarako, bi animaliaren bidez baliatzea pentsatu nuen. Bata handia eta indartsua, hipopotamoa, eta bestea txikia, txoria. Txikiak, hipopotamoak bezala, orro egin nahi du, uste baitu horrela oihaneko animalia guztiek errespetatu egingo dutela.

Zein da zabaldu nahi duzun mezua?

Hizkuntza txiki bat hitz egiten duenak bere hizkuntzaz harro egoteko dei bat da ipuin hau. Bakoitzak bere barruko ahotsa aurkitu behar duela, alegia, eta ez zaiola hegan egiteari utzi behar, ezta norbere identitatea ukatu ere.

Edonork irakurri ahalko luke, edo bakarrik umeentzakoa da?

Testu laburra izanda, eta animalia biren arteko harremanaz ari delarik, itxura batean pentsa daiteke baietz, umeentzako dela soilik, batik bat umeentzat oso identifikagarriak direlako irudiak. Baina hizkuntza txikien aldeko alegoria bat da ipuina, hizkuntzaz ez ezik, dependentzia harremanez eta norbera norbera izateaz mintzo dena. Beraz, gaiak edonorentzat balio lezake.

Liburuan irudiak ere garrantzitsuak dira, ezta?

Guztiz. Albumetan irudiak dira kontakizuna aurrera daramatenak. Hitzetan konta-tzen denaz haratago doaz eta Maite Mutuberriaren lana izugarri ona dela esango nuke, estilo bat baino gehiago erakutsiz. Bideo bat ere egin du lana laburpen gisa, Vimeo plataforman topatu daitekeena.

Elkarlan beraren emaitza izan zen ‘Xomorropoemak eta beste piztia batzuk’ lana, Euskarazko Haur eta Gazte Literatura atalean Euskadi Saria jaso berri duena. Nola hartu zenuen berria?

Urte askotako lanaren errekonozimendu gisa hartu dut saria. Hala ere, egia da sariek norbere izena gehiago entzutea dakartela. Galdetu nezakeen, elkarrizketa hau egingo zenidake sariagatik izan ez balitz?