Eskularru beltzak (Elkar) bildumaren bigarren alea da Casting-a izeneko liburua. Boxeoaren metafora baliatu du idazle elgoibartarrak kontakizun entretenigarri baten bidez gazteei bizitzaren inguruko hainbat gai plazaratzeko.

Zelan jaio zen ‘Eskularru Beltzak’ bildumaren ideia?

Elkar argitaletxea jarri zen nirekin harremanetan eta gazteei eskainitako bilduma bat egitea proposatu zidaten. Haiek dira merkatua ezagutzen dutenak eta gazteentzat euskaraz sorturiko liburu falta dagoela sumatu dute. Bilduma batek aukera ematen du hasieratik bilakaera handiagoa izan dezaketen pertsonaiak eta istorioak sor-tzeko. Zentzu horretan, erronka polita ari da izaten Eskularru beltzak idaztea.

Zer mezu zabaldu nahi duzu bilduma honekin?

Ezer baino lehen, nire asmoa da irakurleak entretenitzea, liburua irakurtzen hasi eta ondo pasatzea. Azken finean, gazteak ere zaletu nahi baditugu, beraiek gustura irakurri behar dituzten liburuak idatzi behar dira. Egia da, bestetik, mezu bat ere helarazi nahi diedala bilduma honen bitartez. Batetik, ahula izatearen indargunea erakutsi nahi dut, ez dela ezer gertatzen tarteka ahul sentitzeagatik eta, batez ere, boxeoa erabili dut bizitzaren metafora bezala. Bizitza ring bat da eta etengabe borrokatu behar da, kolpeak jasotzen ditugunean ere bai. Boxeolariek bezala, altxatu eta borrokan jarraitu behar dugu.

Neska bat da protagonista, eta klaseko liderra ere bada. Hautaketa horrekin ere mezu bat bidali nahi diezu gaur egungo gazteei?

Sei dira protagonistak: Beire, Baba, Lete, Linda, Beyonce eta Kar. Bilduman zehar protagonismo hori txandakatzen joango da, hau da, batzuetan neskak izango dira liderrak, beste batzuetan hasiera batean ahulak diruditenak bihurtuko ditut protagonista? Badago hitz totela den neska bat, badago lodia den bat, badago harrera etxeetan bizi izan den mutila, depresioa duen guraso bat ere agertzen da? Errealitate ezberdinak agertuko ditut, baina guztiak normaltasunaren ikuspegitik landuz. Mundu guztiak izan behar du bere bizi-tzako protagonista eta hori ere bilatu dut bilduman.

Gazteek gero eta liburu gutxiago irakurtzen dutela diote adituek. Zer uste duzu zuk?

Neu gaztea nintzenean ere oso gazte gutxik irakurtzen zuen. Gaur egun beharbada beste modu batera irakurtzen dute, pantaila baten bidez, testu laburrak? Uste dut oso garrantzitsua dela askatasuna ematea: irakurri ditzatela eurek irakurri nahi dituzten liburuak, inolako baldintzarik jarri gabe, horren inguruko azterketa edo lanik egin beharrik gabe, hasi duten liburua gustatzen ez bazaie utz dezatela beste bat hartzeko... Literaturan ere, beste arlo askotan bezala, esperimentatu egin behar dute, eta hori askatasunetik egiten da.