Poeta gazte bati erantsi genizkiokeen topiko guztiak bete arren, Martin Bidaurren (Okzitaniako Tolosa, 1996) lehen poesia liburu hau oroimen onduaren arrakaletan itsasten da. Peru Iparragirre gisa, aurretiaz, Itu Bandarekin Lekore aldizkarian eman zituen argitara orain arte bere lanak. Guztia dastatu duen gazte baten bizipenen argazki eta ametsak bisitatzeko gonbitea da Itzulera. Cioranek zioen legez, sufrimendua da berez gizakiak profitatu dezakeen tresna bakarra nolabaiteko transzendentzia lortzeko, haren hi-tzetan, denboraren iragaitearen botere jasangaitzaren aurrean, “txotxongilo ez izateko” bide bakarra dugu sufrimendua bera. Bidaurrek anekdota-testigantza pertsonala postal poetiko lazgarriak eraiki-tzeko erabiliko du, eduki heldu ezinetan ondo baino hobeto moldatzen dela frogatuz. Bizitzan ez egotea ere, txotxongilo ez bihurtzeko beste trikimailu bat izan daitekeela aldarrikatuz. “Munduan egoteko / modurik errazena / ez egotea delako”.

Liburua bost ataletan banandua izan arren (poetaren aipu batez ekingo zaio bakoitzari: Hautsitako souvenir bat, Itxaronaldia, Paris, Uharteak, Hutsuneak oinordetzan), atalok lo-tzen dituen hari-mehea nabarmendu daiteke argi: poetaren begirada lausotuari esker ehuntzen dena, begia gaztea baino gazteago izan arren, etorkizunak lekarkeena iragan zentzugabean itoko dela jakitun, itzulera testigantza ixteko atreben-tzia besterik ez baita.

Batzuetan gauza guztien gainetik poeta izan nahi duenaren ajeak agertu arren, eta estetizismo hutsal batean erortzeko joera usaindu daitekeen arren halaber, poetak bizitza ez den bizipen errealetan eta irudi literarioetan hartuko du aterpe, adibidez, Miranderen aho mozkortia eta basatia dager, alkohola liburu osoan zehar isurtzen da, Raymonde poeman, esaterako: “esan didate aspaldi / zahartu zela eta / bakarrik zendu / historiak ahantzia”. Talentu gazteak etorkizuneko galera dekadenteak iragartzen ditu, sinesgarritasunik galdu gabe.

Iradokitze nostalgikoen lasterketa zoro horretan urteko poesia liburu onena gauzatu du, ez da gutxi azkena izan litekeen lehen liburu baterako, ajeak tarteko. Apika, lerrorik epatanteenak izan ez arren, izugarri onak iruditu zaizkit Uharteak ataleko zenbait poema, Donostia gris bat helmuga eta abiapuntu, irla guztiek iradokitzen duten iheserako bidexka itogarriak ardatz. “...ez esan hodeiak bigunak direla / eguzkiak ez duela erretzen / hiltzeko jaiotzen garela / bizitza bizitza ez den zerbait dela / nik zer dakit”.

Bizitza okagarriaren hordagoa onartuko du gizakiak: herio zen-tzugabearen aurkako dema histrionikoa lagun, ez dago aukerarik bizi-tza bizitza ez denean, aukera eza aukera bakar. Funtsean, poesiaren xedea ez da ororen eta ezeren gainean ezer jakitea, zoratu beharrean irudi lazgarri eta ederrak, edertasuna baita iragaitearen aurkako aukera bakarra.

Zalantzarik gabe, Martin Bidaur geratzeko heldu da euskal literaturara, ederto baitaki durunda egiten geure baitan, lirismo dekadente eta jaso baten jabe. Herioren esperoan, ez da gutxi.