Duela bi urte, 2013ko azaroan, dena zegoen hondatuta hemen. 300 kilometro ordutik gorako haizeak itsasontzi bat ekarri zuen aurreko espaloiraino, eta errepidearen gainean geratu zen. Kale honetan bertan auto batek hegan egin zuen etxe baten teilatuaren gainetik eta laugarren solairu batean lur hartu zuen, buelta emanda. Su-hiltzaileen kamioiak zanpatuta geratu ziren, zilar-papera balira bezala. Eta etxeak nahastuta, paperezko karta hutsen moduan. Hala ere, liburutegiaren eraikinak zutik eta ia osorik eutsi zion Yolanda tifoiari. Horri esker, ehun familia inguru babestu ahal izan ziren apalategi eta liburuen artean. Liburukiak burko eta aulki gisa erabili zituzten, mahaien gainean lo egin zuten, eskaileren eskubandetan arropa eskegi zuten eta liburu eta aldizkari apurtuekin sua egin zuten. Apurtuekin, edo ho-tzak bultzatuta, hain interesgarriak ez zirela iruditu zitzaizkienekin.

Orain, dozena bat neskatila (eta mutiko bat) saltoka eta dantzan ari dira Ferdinand Marcos diktadore eta bere emazte Imeldaren begiradapean. Nesketako bik tutua ere badaramate. Marcos senar-emazteak, herrialdeko agintari autokrata izan zirenak, horma nagusian dagoen margolan handi eta arrakalatu baten erditik begiratzen diete. Mural bitxi hori mapamundi filipinozentriko batek osatzen du: Bai, mundua Manilaren inguruan biraka.

Parafernalia arraro horri erreparatu gabe, haurrek irakaslearen jarraibideei entzuten diete: txandalez jan-tzitako gizon potolo bat da, irrati-kasete zahar batetik datorren Chaikovskiren musikaren erritmora haurrak dantzarazten dituena. Taclobaneko liburutegi erdi abandonatu honetan egiten dituzte entseguak. “Duela gutxi hasi gara berriz eskolak ematen. Tifoia pasatu ostean, haurrak berriro ere hasi dira astelehen eta asteazkenero entseatzen”, esan dit irakasleak, ikasleen posturak zuzentzen dituen bitartean.

Bat-batean, irakaslea eszenatokira hurbildu da eta hiru album handi ekarri ditu. Batzuk hezetasun eta basa orbanez beteta daude eta bigundu itxura dute. Barruan, 70 eta 80ko hamarkadetako egunkariko errekortez, ikuskizunen iragarkiz eta irudiz osatutako bilduma bat dago. Bera agertzen da New York, Kopenhage, Paris eta munduko beste eszenatoki batzuetan. “Badakizu? Ni izan nintzen Moskuko Bolshoi antzokian aritu zen lehenengo filipinarra”, esan zidan.

Txandaldun gizona Odon Sabarre da. Berandu hasi zen dantzan: nerabezaroan, ia 15 urte zituela. Hala ere, berezko dohain bat zuenez, azkar nabarmendu zen besteen artean. 1974an, San Frantziskoko balletean onartu zuten, Estatu Batuetan, baina gauzak ez ziren ondo atera. Bere herrira bueltatu behar izan zuen, dantza utzi eta Manilako Hilton Hotelean lanean hasteko.

Baina bere anaia Tommyrekin jazz eskola bat sortu eta ikuskizun ba-tzuk ematen hasi ziren. Telebistan agertzen hasi ziren eta laster Sabarre anaien showa herrialde osoan egin zen famatu. Arrakasta lortu eta Imelda Marcos lehen damaren arreta bereganatu zuen; kapritxo moduan, kanpora ikastera joateko beka pertsonal bat eman zion. Horri esker izan zen Moskuko Bolshoi an-tzokian sartu zen lehen filipinarra.

Errusiaz gain, mundu osoan bidaiatu zuen. New York City Ballet izenekoan ere aritu zen eta Mijaíl Baríshnikov dantzariarekin batera dantzatu zuen eszenatokian, historiako dantzaririk onena omen dena. 1981ean egonaldi labur baterako itzuli zen, lehen damak eskatuta, familia pobre eta babesgabeenetako haur eta gazteentzako udako eskola bat egiteko, Taclobanen, bere eskualdean. Baina gera-tzea erabaki zuen. Eta hemen ezarri zuen bere kuartel nagusia, liburutegiko atarian.

Bere anaia Tommy 1987an hil zen eta hortik aurrera dedikazio esklusiboa eskaini zion eskolari; ekonomikoki galerak baino ez dakartzan lana. Marcosen erregimena erori zenean ihes egin zuten herrialdea porrotean utziz eta ahal izan zuten guztia lapurtu zuten. Osteko gobernu eta kazikeak ere ez dira liburutegiaz kezkatu. Marcostarren mausoleo bat dela ematen du. “Batzuetan ez daukagu dirurik zoruan argizaria emateko, ezta argia ordaintzeko ere. Hemen lan egiten zuten sei atezainek alde egin behar izan zuten” dio Odonek. Berak jarraitu du jarduera hauek finantzatzen, askotan bere poltsikotik. “Nik ez dut politikaz ulertzen, ezta nahi ere. Dantzak egiten ditut pertsonei beren miseriak apur batean ahantzarazi eta aukera gutxi duten gazteei laguntzeko”, azaldu du.

Odonek egunkarietako errekorte batzuk eramateko eskatu dit. “Hau baino ezin izan nuen etxetik atera. Ez zen besterik geratu. Ura goraino heldu zen eta dena galdu nuen. Hauxe da nire aurreko bizitzatik geldi-tzen zaidan bakarra. Hemen zorion-tsu naiz”.