Nola gogoratu behar nuen Juan Carlos I.a 1975eko azaroaren 22an koroatu zutela? Agian, horrexegatik jaso nuen galtzon-tzilotan Errege Etxearen gonbita zuen gutun-azala, Bilboko nire apartamentuan, Okila, basoaren laguna zioen elastiko zulatu bat jantzita (Ainhoa Larrabek aspaldi oparitutakoa) eta manta sorbalden gainetik neukala. Ilea, Amy Winehause zenaren mutil-lagunak parrandako asteburu baten ostean edukiko lukeen moduan. Eta begietan, gizonok izaten ditugun makarrak. 12:30ak ziren, 2001eko urtarrilaren egun batean. Horrela egiten dut lan. Postariak gutun-azala eman zidan, harridurazko begirada ezin disimulatuz. Kubrik-en tximinoek monolitoari bezala begiratzen zidan. Nire izen-abizenak esan zituen zezelka ate irekiaren beste aldetik, hori posible den ziurtatu nahiko balu bezala. Eta besoa nigana luzatu zuen. Makila bat eduki izan balu, gutun-azala makilaren muturrean ezarriko zukeen. Korrika irten zen eskaileretatik behera, motorraren kaskoa kopeta gainetik sartuta.
Madrilgo Errege Jauregiko ekitaldira joateko gonbita zen, Juan Carlos I.aren koroatzearen 25.urteurrenaren harira. “On ezdakitnork, Berorren Maiestatearen Etxeko buruak, atsegin handiz gonbidatzen zaitu Berorren Maiestateak hurrengo ezdakitnoiz izen handiko profesionalei eskainiko dien harrerara”.
Barre-algaragatik, goma trabatu izan ez balitz, galtzontziloak orkatiletaraino eroriko zitzaizkidan. Hura txantxa bat zen. Xehetasun guztiak ondo zainduta: “Emakumeek, soineko luzea; gizonek, jantzi iluna”. Oso ona. “Mesedez, berretsi bertaratuko zaren 91 eta abar zenbakian”. Madrilgo adiskideek adarra jo nahi zidaten. Zalantzarik ez.
Asierri deitu nion komentatzeko. Hark ere txartel berdina jaso berri zuen. Urte asko zeramatzan ordurako Asierrek Deian argitaratzen. Eta biok Diario 16en. Deitu nuen 91 eta abar telefonora.“Errege Etxea, esan?”. “Ai ene... Baieztatu ahal didazu ea gonbidatuen artean nagoen?”. “Begiratuko dut. Bai, hemen zaude. Gogoratu, jantzi iluna”.
Bertara joan ginen. Gutxigatik ez genuen R-19 1.800 aleroi belzduna jauregiko ibilgailuen gunean sartu, Audi eta Mercedes ikusgarrien artean. Bi outsider Gabilondo, Erquicia, Forges, José María García, Chumy Chúmez, Amestoy, Pedro J. Cebrian eta beste hainbatekin batera. Ospetsu baten batzuk zapaldu genituen urduriaren urduriaz, gure oin handiak direla-eta. Eskua eman genion familia osoari. Ez genituen diru-zorroak begiratu. Bertan zeuden Urdangarin, Marichalar, oraingo Erregea, Infantak, Sofi. Jauregian ez zegoen gotelerik, ezta pladurrik ere. Kanapeak eta cava hartu, eta kalera irten ginen bizirik geundela ospatzera.
Joy Slavan, Asturiasekoa zen printzesaren bat ezagutu genuen. Logela erreserbatu genuen Puerta del Sol-eko hotel batean. Gaur, Erregea ez da berbera, eta Puerta del Sol-ek ez dauka garai bateko antzik. Madril aldatu egin da, ia Bilbo beste. Hotel hura, Paris izenekoa, dagoeneko ez da existitzen. N-1 errepideak bakarrik dirau. Baita galtzontzilotan lan egiteko daukadan ohiturak ere.