Urte askoren buruan etxera itzultzen denaren gisara, Iruñeako Zitadelako Mistoen pabilioian da berriro Jesus Alberto Eslava eskulturagilea (Belaskoain, 1930). Duela 25 eta 30 urte banakako erakusketak zabaldu zituen leku berera itzuli da artista nafarra, 1980tik 2014ra bitartean egindako 60 obra jendaurrean azaltzeko; eta, haren hitzetan, “harrera ona” izaten ari da: “Ilusioz gainezka nago erakusketarekin, eta oso gustura jendearen erreakzioekin. Aberasgarria da ikusleak zure lana ontzat hartzen duela ikustea; ordainketa espiritual bat da”.
Zitadelako erakusketan aurkezten den atzera-begirako horretan, eskultore “autodidak-ta” baten lanak topatuko ditu ikusleak. “Guztiok igaro ditugu garai zailak lanean, eta horrelako egoera batean nengoela gauzatxoak egiten hasi nintzen. Pixkanaka, eskulturarekin aurrera egin ahala, benetan zer egin nahi nuen garbi ikusi nuen, eta artearen munduan buru-belarri sartu behar nuela erabaki nuen”, azaldu du Eslavak. Bide horretan, ez duela artista jakin baten ibilbidea gertutik jarraitu aitortu du. “Han eta hemen ikusten ditudan lanak miresten ditut, baina ez naiz autore konkretu baten edo ba-tzuen ibilbide artistikoen atzetik joan. Geografikoki, gertukoak ditudan artistak izan dira, ziurrenik, nigan gehien eragin dutenak, baina nire erara moldatzen saiatu naiz beti”, argitu du.
Ibilbide pertsonal horretan, material ezberdinak erabili izan ditu Eslavak bere lanak sortzeko. “Harria da gustukoen dudana”, azaldu du. “Egurra da materialik erosoena eta moldatzeko errazena; edonork zerratu dezake taula bat. Harria gogorragoa eta zailagoa da, baina hala ere asko atsegin dut”. Teknikoki eta estetikoki, gainera, azken hamarkadetan “aldaketarik gabe” egin duela lan adierazi du eskultoreak, “eboluzio” esanguratsurik jasan gabe.
Erakusketari begira, Iruñeako Zitadelako Mistoen pabilioiak otsailaren 6an ireki zizkion ateak Eslavaren obrari, eta martxoaren lehenerarte izango da zabalik. Bertan bildutako eskulturak ikusteko modua “ikuslearen araberakoa” izango dela zehaztu du artistak. “Ikusle intuitiboa edo sentibera eskulturen sentimenduen bila aritu ohi da, eta egonezina, barnerakoitasuna, laguntasuna, alhadura eta abar aurkituko ditu nire lanetan. Arteaz ulertzen duen ikusleak, berriz, beste ikuspuntu batetik begiratuko ditu obrak, eta ideiak materialean nola islatu ditudan aztertuko du”. Pertsona bakoi-tza “oso ezberdina” dela azpimarratu du Eslavak, eta zenbait “arratsalde pasa” soilik joango direla ere onartu du.
artea, nonahi Esposiziotik at, Nafarroako hainbat puntutan dozena bat obra publiko ditu Eslavak, eta eskultura gehiago jartzea gustatuko litzaiokeela aitortu du; horretarako, baina, zailtasunak izaten direla esan du: “Lan bat kalean jarri ahal izateko, erakunderen batek eskatu behar izaten du, enkargu pertsonal gisa, udalak, esaterako. Autoreok laguntza behar dugula onartzen dut, baina egungo egoera ikusita, ezin ditugu horrelako gauzak eskatu. Esaiozu etxea galdu berri duen pertsona bati hirian eskultura bat jartzeko ez dakit zenbat diru gastatu behar dugula. Ez litzateke egokia izango”.
Aurrera begira, leku ireki batean “sei edo zazpi metroko pieza bat” jartzea nahiko lukeela adierazi du eskultore nafarrak, eta, haren gustuen arabera, tokirik “aproposena” naturan izango litzatekeela aitortu du. Bitartean, baina, Mistoen pabilioiko erakusketa da lehentasuna, eta bertara joan edo ez zalantzan daudenentzat gomendioa luzatu du artistak: “Sormena eta zerbait ezberdina ikustea gustuko duenari, joateko esango nioke; Osasunak partida irabazten duen edo ez soilik axola zaionari, aldiz, hobe duela Zitadelan denbora alferrik ez galtzea”.