Letren lurraldean egin dira ezagun, eta edozein liburu-dendatan aurki di-tzakegu euren izena daramaten lanak. Errotatibak gelditzen direnean, idazmakinak nahikoa dela garrasi egiten duenean, baina, kolorez margotzen dute mundua. Artea dute pasio eta mota guztietako lanak sortzen dituzte; sarritan, baina, euren begientzat soilik.
Euskal literaturak azken urteetan eman duen libururik arrakastatsuenetako baten egilea da Unai Elorriaga (Bilbo, 1973). SPrako tranbia lanarekin egin zen ezagun 2001. urtean, eta harrezkero beste lau eleberri argitaratu ditu. Algortan hazitako idazle bilbotarrak badu, baina, beste pasio bat: margotzea.
Umetan ekin zion Elorriagak margotzeari: “Bederatzi urte inguru izango nituen eskolak hartzen hasi nintzenean”. Denborak aurrera egin ahala, testuak itzultzeari eta idazlan propioak sortzeari ekin zion bizkaitarrak eta arlo hori bihurtu zen garrantzitsuena, margolaritza itzalean utziz: “Ezkutuan mantendu izan dudan pasio bat da, ziurrenik, beti iruditu zaidalako inori ez zi-tzaiola interesatuko, familiari bakarrik. Pertsonalki, gainera, ez dut uste balio handiko ezer egin dudanik”, kontatu du.
Literaturaren eta pinturaren artean dantzan, idazleak argi du bakoitzak zer eskaintzen dion: “Margotzeak lasaitasuna ematen dit; literaturak, aldiz, urduritasuna”. Arte figuratiboa eta ez-figuratiboa nahasten dituzten margolanak dira, Elorriagaren esanetan, gustukoen dituenak, eta horrelako lanak sortzen ahalegintzen dela azaldu du. Oso gustuko izan arren, ordea, gaur egun “guztiz alboratuta” duen afizioa dela aitortu du idazleak. “Denbora falta da arrazoi nagusia, eta gainera, beste sorkuntza mota batzuk ere interesatzen zaizkit. Nik uste dut sorkuntza maite dugun pertsonak gaudela mundu honetan; ez da arte estilo bat edo beste maitatzea, sorkuntza bera baizik. Hortxe sentitzen gara gustura”, adierazi du.
Elorriagaren kasuan bezala, Jose Enrike Urrutia Capeau idazlea ere (Iurreta, 1954) haurtzaroan hasi zen pinturarekin jolasean. Kolegioan zegoela, hamabi urterekin, liburu guztiak “zirriborroz beteta” izaten zituela oroitzen du bizkaitarrak. Bizitza guztian zehar izan du presente artea, eta Batxilergoko ikasketak amaitzean, Arte Ederrak ikasi edo ez zalantzak izan zituela kontatu du: “Artearen bidetik jo edo ez erabaki behar izan nuen, eta azkenean, sasoi hartako egoerak politikara bultzatu ninduen. Izan ere, pintatzen jarraitzeko aukera, nola edo hala, beti izango nuela pentsatu nuen; politikan aurrera egin ahal izateko, ordea, ekonomia eta antzeko gaiak ikastea beharrezkotzat jo nuen”, kontatu du.
Etxean bertan ere, pinturarekiko zaletasuna elikatzen zuen Urrutiak: “Aitak entziklopedia erosi zuen, eta bertan ikusten nituen Tiziano, Rubens, Velazquez eta gainerako artisten lanak. Denborarekin, Picasso hartu nuen begiko, haren aro urdina, batez ere”. Urteek aurrera egin ahala, pintore surrealistak miresten hasi zen iurretarra, eta “gustuko osagaiak koktel-ontzian nahastearen emaitza” ziren garai hartan sortu zituen lanak. “Jose Julian Bakedanok argitu zizkidan nire estiloaren inguruko zalantza guztiak; jakin gabe, surrealista nintzela esan zidan”, azaldu du idazleak.
Egun, bere helburua “argitasunaren lilura” islatzea dela adierazi du Urrutiak. Sortzen dituen lanak, gainera, “lagunei eta ezagunei” opari-tzen dizkie sarritan: “Beti pentsatu izan dut nire egitekoa pintatzea dela”. Idaztea eta margotzea, biak ditu gustuko bizkaitarrak, eta batetik bestera “jauzika” ibiltzen dela azaldu du: “Aldika pintatzen aritzen naiz, aldika idazten. Nire aburuz, bata naturari omen egiteko modua da; bestea, aldiz, euskara erabiltzeko parada”.
Helduaroko ametsa Umetatik margotzen aritu ez arren, inoiz ez da beranduegi pasio berriak aurki-tzeko. 34 urte zituela izan zuen artearekin lehen kontaktua Karlos Linazasoro idazleak (Tolosa, 1962): “Gaixoaldi luze baten ondoren, idazteko gogorik eta indarrik ez nuen, eta denbora pasa gisa hasi nintzen margotzen”.
Literatura da, tolosarraren hitzetan, bizitzeko aukeratu duen “etxea eta babesa”; pinturak, aldiz, beste zeregin bat betetzen du haren egunerokotasunean: “Sosegu handia ematen didan jarduna da, baina nik ez dakit marrazten, sekula ez baitut eskolarik hartu. Autodidakta kaxkar bat baino ez naiz”. Idazteak kentzen dizkion “bakea, lasaitasuna eta harmonia” ematen dizkio margotzeak Linazasorori. Izan ere, gehienetan beretzat soilik sortzen ditu lanak, eta, literaturaren munduan ez bezala, “presiorik gabe” aritzeak lasaitasun handia ematen dio idazleari.
Hitzak izan ohi dira idazle gi-puzkoarraren margolanen inspirazio iturri nagusia: “Nire marrazkiek poemekin lotura izaten dute; nolabait esatearren, hitzetatik sortzen dira irudiak. Bi munduak osagarriak dira”. Gainera, pintura “betidanik” mirestu izan du Linazasorok, eta horri esker, “liburuetan eta erakusketetan milaka eta milaka margolan” ikusi dituela adierazi du; erreferente zehatzik, ordea, ez duela aipatu du Bota gorriak liburuaren egileak: “Na-hiago nuke erreferenteren bat izatea nire marrazkietan, baina ho-rren ordez, miresten ditudan pintoreak ditut. Espresionista amerikarrak eta alemaniarrak ditut gustuko, eta Paul Klee da nire kuttunena”, kontatu du.
Linazasorok beretzat soilik margotzen du gehienetan; zenbait kasutan, ordea, lan batzuk “lagunei eta senideei oparitzeko” sortu izan dituela adierazi du: “Oso lotsagabea edo zinikoa izan beharko nuke nire lanari ez daukan balioa emateko”. Bere margolanek, tarteka-marteka, idatzi dituen lanen azalak ilustratzeko ere balio izan diotela aipatu du tolosarrak.
Etorkizunera begira, margotzearen kontua seriotasun gehiagorekin hartzea gustatuko litzaiokeela azaldu du Linazasorok: “Erretiroa har-tzen dudanean, marrazten ikastea nahiko nuke; olioak hartu eta mihise erraldoi baten aurrean jarrita, ea zer zirrara sentitzen den jakin nahi dut”. Ordura arte, tarteka pintatzen jarraitzearekin konforma-tzen dela dio.
BATETIK BESTERA jauzika Sarritan, denbora-pasa soil gisa hasten dena, zerbait gehiago izatera igaro-tzen da urteek aurrera egin ahala. Garbiñe Ubedak (Ibarra, 1967) txikitatik izan du gustuko marraztea, margotzea eta ilustrazioak egitea: “Arteak betidanik liluratu izan nau, eta hamasei urterekin diseinura egin nuen jauzi. Horrela, kartelak, Argia aldizkariko azalak, triptikoak, jaietako programak, liburuak, disko azalak eta abar sortu izan ditut”, kontatu du.
Garai hartan ez zegoen egungo aurrerapenik, eta guztia eskuz egiteko “sekulako lanak” hartu behar izaten zituela aitortu du gipuzkoarrak. Izan ere, dakien dena “praktikan” ikasi du Ubedak, “egunkari eta aldizkari ezberdinak estudiatu eta probak eginez”. Huraxe izan zen bere lehen ofizioa, idazteari serioago heldu zion arte.
Gaur egun, afizio edo “erdi-afizio” moduan, “ilustrazioak eta jolaserako marrazkiak” egiten dituela azaldu du ibarratarrak, eta “edozerk” inspiratu dezakeela adierazi du: “Garai batean, Argia-ren azalak sor-tzean eta enpeinu berezia jartzen nuen, euskal prentsak moderno eta berezi itxura izan zezan. Gaur egun, dibertimendua bilatzen dut batez ere, eta marrazkiekin eta ilustrazioekin haurrak zirikatzea”.
Marraztea eta idaztea, biak ala biak dira garrantzitsuak egun Ubedaren egunerokoan. “Burmuineko parte ezberdinak kitzikatzen dituzte biek: batek irudia eta kolorea ditu lehengai, eta besteak, aldiz, hitza. Emo-zioak lantzeko baliatzen ditugu biak, baina bietako bat baztertzea, bi hizkuntza jakin eta bakarra erabiltzea bezalatsu litzateke”, aitortu du Ubedak.