Kariñoa, maitasuna, poza... dira Daniellisen ahotik gehien entzundako hitzak Euskal Herria eta euskaldunak aipatzen dituen bakoitzean. Berriki heldu zen gure lurraldera bere ahizpa Danieurisekin batera eta, hiru hilabetez, txoko guztietan erritmo kubatarrak zabaltzeko asmoa dute. Ez edonolakoak gainera, cha, cha, chá, son, danzón, runba, baladak, abestiak, salsa? Doinu kubatarrak eta letra poetikoak nahasian. Hainbat idazle kubatarren poemei musika jar-tzen diete. Esaterako, Fina García Marruz idazle ospetsuaren testuei, baita Eliseo Diego edo Dulce María Loynazen hitzei.

D ahizpak (Moya abizenekoak) euskaraz abesten ere entzungo ditugu. Joseba Sarrionandiaren Ez diren gauzak poema edo Leire Bilbaoren Azken finean dira errepertorioan dituzten poemetako batzuk, Edorta Jimenez edo Jon Gerediagarenak ere entzun ahal izango ditugula beraien ahotan. "Oso ondo moldatzen gara euskaraz kantatzen, maitasun osoz egiten dugu; batzuetan zaila da hainbat letren ahoskatzea, baina orokorrean ondo irakurtzen denez, gustura egin dugunez eta naturaltasun osoz, ez zaigu zaila iruditu eta, esan bezala, maitasunak guztiari hartzen dio gaina", baieztatu du Daniellisek.

Bi ahizpetatik zaharrena da Daniellis; Danieuris, aldiz, urte bat gazteagoa. Euskaraz Bi D-ak dira, bien izenak D-z hasten direlako, alegia. Habanan sortuak biak, duela urte mordoa hasi ziren musikaren munduan beren lehen urratsak ematen. "Nire ahizpari duoa sortzea bururatu zitzaion; ikasketak bukatu genituenean eta zerbitzu sozialetan piano klaseak eman ostean, konposatzeko grina sartu zitzaion. Eta horrela hasi zen, bere musika propioa sortzen baina gure kubatar generoa mantenduz", dio nagusienak.

Danieurisen ideia musika berritzailea sortu eta ezagutzera ematea zen, baina Kuban ez daukate horretarako aukera askorik eta zailtasunez egin behar izan dute aurrera. "Biak egin ditugu piano ikasketak, eta beste talde batzuetan kantatzen edo ni neu pianoa jotzen eta bera abesten gauza batzuk egin genituen, entsegu zorrotzak etxean, asko konposatuz". Osagai horiek denak dira orain dauden unera eraman dituztenak, horiek eta Danieurisen lagun baten ideia: "Poemak musikatzeko proposamena egin zion nire ahizpari lagun horrek, kubatar musikako hainbat genero konposatzen jarraitu zuen arren".

Euskal Herrian oholtzaz oholtza, tabernaz taberna hedatzen dabiltzaten errepertorioan ere Danieurisek berak sorturiko piezak entzuteko aukera egongo da, musika dantzagarria eta berba sakonak. Daniellisentzat oso esperientzia polita izaten ari da poemei musika jar-tzearena. "Nire ahizpa Dulce María Loynaz poeta kubatarraren poemekin hasi zen habanerak egiten eta euskal poeten testuak musikatzen bukatu zuen. Denetarik daukagu errepertorioan: cha cha chá, danzón, son estiloa, runba, baladak, abestiak, salsa, jazz? Oso polita izan da Euskal Herrira heltzea eta jendaurrean aurkeztea hemengo idazleen poemak, musikatuta, jendea hunkituta ikustea, ondo hartu baitute gu euskaraz kantatzen ikustea".

Malko pozgarriak Pasa den ekainaren 4an ailegatu ziren gurera, baina D ahizpek euskaldunekin duten harremana aspaldikoa da. "Pozez heldu ginen, hemen ditugun lagunek oso ondo hartu baikintuzten aireportuan. Egia esan, espero dugu pozez negar egiten jarraitzea, heldu garenetik horrela egin dugu eta. Harrituta utzi gaitu zein paisaia ederrak dauden herrialde honetan, euskaldunak gure kontzertuetan zein ondo pasatzen duten ikusteak eta zelan disfrutatzen duten, zelan txalotzen gaituzten, zelan eskatzen dizkiguten abesti gehiago, zelan egiten duten irri... Oso pozgarria da hori dena guretzako", nabarmendu du Daniellisek.

Azken asteotan, bi ahizpek arrastoa utzi dute jo eta abestu duten herrietan, Gernika edo Orereta kasu. Bertaratutako askok kontzertu gehiagotara joateko asmoa ere azaldu dute. Oraindik agenda ixteke daukate, baina agertokien zerrenda luzea dute egina: Donostia, Algorta, Lekunberri, Beasain, Zumaia, Ondarroa, Maule? "Ez genuen espero hainbesteko gozotasuna eta uste dut bihotza maitasunez beteta itzuliko garela Kubara", dio Daniellisek. "Bueltatzerakoan ziur gaude negar asko egingo dugula", aitortu du beste behin ahizpa nagusienak. "Lagun batzuk badabiltza kontzertu gehiago antolatzen, baina ikusiko da zertan geratzen den kontua". Edonola ere, bizi izandakoak bizi izanda, etorkizunean Euskal Herrira bueltatzeko prest daude.