Duela bost mila urteko laba gogortuaren gainean daude Hveragerdiko etxeak. Turistak geoparke kezkagarri batera eramaten dituzte han, lurretik baporeak eta geiserrak zorrotadaka nola irteten diren ikustera, eta noizean behin norbaiti zorua hondoratu eta bota erretzen zaio.
Infernuak etxekotzen oso trebeak dira islandiarrak. Heimaeyko umeek, adibidez, euren herria 1973an laba eta errautsetan lurperatu zuen sumendiaren magal beroetan ogia egosten ikasten dute eskolan. Hveragerdiko esnetegi batean lurpeko baporeak erabiltzen dituzte esnea pasteurizatzeko eta ondoren bertako gazta marroi ospetsua egiteko. Energia termalari esker etxeak doan berotzen dituzte, baita negutegiak ere: haietatik ateratzen dira tonaka tomate eta barazki, fruta eta landare, banana, papaia, ahuakatea eta orkidea tropikalak barne, Artikoko tundraren erdian. Islandia da Europako banana ekoizle nagusia, nahiz eta kopurua txikia den (Kanariar irlak kontutan hartu gabe, geografikoki afrikarrak baitira, noski).
Hveragerdin saltoki-gune bat eraikitzeko lanak egiten ari zirela, lurpean pitzadura zabalak aurkitu zituzten 2004an, Europa eta Ipar Amerikako plaka tektonikoak bereizten diren puntuko artesiak. Kataklismoak erakargarri turistiko bihurtzeko joera islandiar horri jarraituz, agintariak ez ziren batere izutu: liburutegi bat eraiki zuten hantxe bertan, orbanaren gain-gainean, eta zoru garden bat jarri zioten, ondo argitutakoa, bisitariek hanka bat Europan eta bestea Amerikan jar zezaten.
Herriko ikuskizunik erakargarriena, ordea, lurrikaren simulagailua da. Bisitariak sala batean sartzen dira eta Richter eskalan 6 graduko sismo batek astinduko balu bezala mugitzen hasten da. 2008ko maiatzaren 25ean egon ginen Josu Iztueta eta biok Hveragerdin eta, igandea zenez, simulagailua itxita zegoen. Lau egun beranduago, maiatzaren 29an, 15.46etan, 6,1 graduko lurrikara bat gertatu zen, epizentroa Hveragerdin bertan izan zuena. Etxeak nabarmen mugitu eta koadroak, lanparak eta altzariak lurrera erori ziren. Handik gertu, Selfoss herrian, bi etxe jausi ziren inor larri zauritu gabe. Reikiavik hiriburuan, 40 bat kilometrora, biztanle askok mugimendua sentitu zuten eta kalera irten ziren korrika. Ondorengo orduetan 3 graduko beste hamar sismo txiki erregistratu zituzten Hveragerdin eta herritarrek kanpin-dendatan pasa zuten gaua, badaezpada.
Ordutik ez dute jakin-min handiegirik izan simulagailua berriz probatzeko. Eta turistak sala dardaratitik ateratzen direnean, atea ondo ixteko eskatzen diete mesedez, beste sismorik ihes egin ez diezaien.