Bilboko lantegi zahar, ilun eta itsusien artean, irribarrez, sormenez eta kolorez beteriko txoko bat aurkitu daiteke. Pertsonak hegan, salto eta bueltak egiten dituzte bertan eta uztaiak, pilotak, mazoak eta sudur gorriak dira nonahi. Zirkoko alderdi guztiak lantzen dituzte, non eta Zirkozaurre zirko gunean.
Zirkoa diziplina gisa zabaltzeko eta praktika-tzeko abiatu dute Gorka Pereirak, Ana Clara Cuevasek eta Roger Peñak Zirkozaurre. "Hiru pertsonen artean abiatu dugun proiektua da. Eskutik doazen zirkoa edo kaleko artea entsea-tzeko leku faltagatik egin dugu eta jendearengandik erantzun ona jasotzen ari gara", azaldu du Roger Peña (Debote Enbote konpainia) komunikazio arduradun eta Zirkozaurre elkarteko kideak. Zirkozaurre proiektuarekin pozik daudela aitortu du Peñak, eta zirkoa zabaltzeaz gain, haien helburu nagusia jendeak entrenatzeko, espektakuluak erakutsi ahal izateko aukera eskaintzea dela azaldu du. Baina, batez ere, Zirkozaurre zirkoaz gozatzeko lekua da.
Peña, Cuevas eta Pereira zirkoan arituak dira eta Zirkozaurre ireki baino lehen ere eskain-tzen zituzten ikuskizunak eta ikastaroak. "Koblakari-rekin Kukutzan egon ginen, baina eraikina bota egin ziguten eta zer egin jakin gabe geratu ginen. Jende askok zentro zibikoetara joateko aukera hautatu zuen, baina guk gremio honetarako gune batean sinesten genuen". Horrela, fabrika zahar baten bila hasi eta Zorrotzaurren daukatena aukeratu zuten. Alokairua garestia dela iritzi du Roger Peñak, baina, alde on bat ere aurkitzen dio, Zorrotzaurre Bilbon dauden industria guneen artean ondo komunikatuta dagoenetariko bat dela, alegia.
Sortzaileen artean egin dute bertan ikusi daitekeen guztia eta gutxika-gutxika ari dira industria-nabea apaintzen. "Lan gogorra izan da, bi hilabetez goizeko hamarretan hasi eta hamabietan etxera joan gara. Onena da gure esku propioekin egin dugula eta horrek xarma berezia ematen dio. Proiektua haur bat bezala maite dugu", esan du Peñak. Ingurukoen laguntza izan dute lokala atontzeko eta haien konfiantza ere eskertu nahi dute: "Hiru pertsonen lan gogorra izan da, baina asko eskertzen dugu jendearengandik jasotzen ari garen elkartasuna".
Industria-nabera sartu eta harrera txiki bat antolatu dute, bertan jatekoa eta edatekoa eskaintzen dizkiete bertaratzen direnei. Lokalak 350 metro karratu ditu osotara eta harreratik aurrerago aurkitzen diren entseatzeko hiru zonalde nagusitan sailkatu dute: berdea, urdina eta oholtza. Azken biak irakaskuntzarako erabiltzen dituzte; urdinean, adibidez, burdinazko egitura berezia eraiki dute airezkoak egin ahal izateko. Gune berdea, berriz, konpainia ezberdinek erabiltzen dute haien ikuskizunak entseatzeko.
Laugarren hilabetea da bertan daudela eta industria-nabea progresiboki eraikitzen ari direla azaldu du Peñak: "Lehenengo zatia ireki genuen lehenengoa izan zen, gero urdinarekin jarraitu genuen eta duela hilabete bat inguru egurrezko oholtza bukatu dugu". Autogestionatua izateko asmoarekin abiatu zuten proiektua, baina, "larri-larri" dabiltza. "Autogestionatu nahi dugu, baina gustatuko litzaiguke laguntzaren bat edukitzea. Harpidedunek haien ekarpenak egiten dituzte, baina, horrekin ez dugu guztia betetzen", aitortu du Peñak. Oraindik badituzte gauzak konpon-tzeko. Atzeko aldean dauden aldagelen ondoan, esate baterako, ohe bat jarri nahi dute. Zailtasunak zailtasun, proiektuan maitasun eta ilusio asko jartzen ari direla azaldu du Roger Peñak.
Zirkoa eta kaleko artea "Goizetan momentuz mugimendu gutxi dago, gu eta entseatzen duen konpainiaren bat egoten gara. Arratsaldean eta gaueko hamarrak arte mugimendu gehiago dago; entseatzera, ikastaro arruntetara eta praktikatzera datozenak daude". Entsea-tzeko gune izateaz gain ikastaroak ere eskain-tzen dituzte Zirkozaurren eta konpainiei haien materiala gordetzeko eta ikuskizunak erakutsi ahal izateko tokia eskaintzen diete. "Oso polita da ikuskizun bat prestatu eta gero hemen bertan erakutsi ahal izatea".
"Zirkozaurre elkartearen bitartez, ikastaroak egiten ditugu: bertikalak, akrobazia duoa, airezkoak..., eta orain ateratzeke dago clown-ekoa", azaldu du Peñak. Zirkoko diziplinak eta kaleko artea lantzen dituzte eta horretan dabiltza Ana Clara Cuevas (El Sainete konpainia), Gorka Pereira (El Sainete), Maider Ybarra eta Mariano Di Franco (Que par che teatro!) irakasleak. Eskuen bidezko oreka, bi pertsonen arteko irudiak, lurreko akrobaziak eta oihalak edo trapezioa erabiliz irudiak egiten dituzte Zirkozaurren, praktikoki zein teorikoki.
"Ikastaro normalak egiteaz gain, ikastaro trinkoak ere antolatzen ditugu", azaldu du Peñak. Aipatu lau irakasleekin batera atzerriko irakasleak ekartzen dituzte; beraiek ematen dituzte ikastaro trinkoak eta bizpahiru egunekoak izan ohi dira. "Arazoa da ez dagoela zirkoa egiten duen jende asko", aitortu du, eta dio "zirkoa egin nahi duen jende gehiago" behar dutela. Horregatik, adin guztietako pertsonentzako ikastaroak egiten dituzte eta larunbatetan haurrentzat egokitutako ikastaroa antolatu dute. "Adin guztietako pertsonak ditugu, gazteak baino heldu gehiago, agian", argitu du Roger Peñak.
Neke gozagarria Roger Peñaren aburuz zirkoaren bidez gorputza eta adimena trebatu daitezke, biak aldi berean: "Gimnasioarekin konparatuz, gauza dinamikoagoak eta ezberdinagoak egiten dira, baina gorputza gimnasioan bezain ondo trebatu daiteke". "Ordu asko sartu behar da ariketa berdina praktikatzen, baita sortzen eta ikuskizuna gustagarria izateko nola egituratu behar den pentsatzen. Aurrera jarraitu ahal izateko, une txarrak ere bizi behar dituzu. Oso polita da, baina neke-tsua ere bai", azpimarratzen du Peñak. Dena den, patxadaz hartu daiteke kontua, zirkoaren ikaskuntza mailakakoa baita. "Progresiboki hasten zara normalean. Errazenetik hasten gara eta gero eta gauza zailagoak egiten ditugu. Nire esperientzia, adibidez, ez da oso luzea. Bi urte daramatzat zirkoan sartuta, lehen malabarismoa baino ez nuen egiten eta orain akrobaziekin nabil".
Zirkoak harrapatu egiten zaituela dio Peñak: "Gehiago nahi duzu beti. Oso polita da zuk ikasi duzuna publikoari erakutsi eta gustatzen zaiela ikustea; sentsazio horrek asko balio du eta sartutako ordu guztiak konpentsatzen ditu". Zirkoa aurrez aurre ikusteko, bizitzeko eta sentitzeko proiektua da Zirkozaurre, zaletuen fabrika ederra Bilboko Zorrotzaurren eraiki dutena. Ikastaroetara hurbiltzen direnen irribarreak hala erakusten du.