Belaunaldi gazteak Durangoko Azokara hurbiltzea da aurtengo erronka nagusietako bat eta atzoko Ikasle Goizak horretarako balio bazuen ere, azokaren hirugarren egunean ere gazteak izango dira protagonista nagusiak, Gazte EztanDA! ekimenaren bigarren edizioarekin. “Gazteei lekua eta indarra ematea da helburuetako bat eta koadrilan edo lagunekin etortzeko aukera bat da; bazkaria eta gero bingo musikatu bat antolatu dugu aurten azokan dauden nobedade eta berrikuntekin”, aurreratu du Irune de la Maza EuskarAbentura elkarteko kideak.

Azokaren 58. edizioaren helburua gazteak euskal kulturaren plazara erakartzea da; izan ere, etorkizuneko kontsumitzaileak eta kulturaren zaleak hauek izango dira; hau da, etorkizuneko bisitariak, eta, horregatik, haiei zuzendutako hainbat jarduera antolatu dira. Horren adibide dira Izaroren bideokliparen estreinaldia, Nakar, TOC eta Silitiaren diskoen aurkezpenak eta hain garrantzitsua den osasun mentalari buruzko mahai-ingurua.

Baina, nola ez, azokak bisitari guztiei irekita jarraitzen du eta besteak beste, gune ezberdinetan dozeka ekitaldi izango dira; Irulegiko eskua liburua aurkeztuko Aranzadik, Lide Hernando eta Karmele Jaiok ere bere azken lanak aurkeztuko dituzte eta bestalde, iazko Sormen Bekaren emaitza ezagutako da. Jon Ander Urresti antzezleak irabazi zuen, eta urtebeteko lanaren ostean, aurrestreinaldia egingo du Szenatokian.

Jazarpen kasua

Durangoko Azokak atzo iluntzean emakume batek izandako jazarpenaren berri izan du eta irmoki gaitzesten du gertatutakoa. “Atzo iluntzean Durangoko Azokan gizon batek emakume bat jazarri zuela jakin genuen antolatzaileok. Horren aurrean, hurrengoa adierazi nahi dugu: Babesa eta elkartasun osoa azaldu gura dizkiogu jazarpena izan zuen emakumeari, baita haren ingurukoei ere. Beharrezko baliabideak emakumearen eskura jartzeko prest gaude”, adierazi dute azokako arduradunek.

Eta gehitu dute “Durangoko Azokatik argi utzi nahi dugu ez dugula emakumeen aurkako inolako erasorik onartzen, ez kulturaren plaza honetan ez inon. Ez dago lekurik emakumeen eskubideak urratzen dituztenentzat. Aurrera begira, Durangoko Azoka espazio segurua izateko lanean jarraituko dugu”.