Bertso Eskolaka, Kuadrillaka, eskualdeka antolatzen den taldekako ekimena da Kuadrilla artekoa. Ekimen kolektibo eta herrikoia, Arabako bertso-eskolek sortzen duten egituran oinarritzen dena. Ekimen honetan taldeka parte hartzeak bertsogintza eta inguruko bertsolaritza mugimendua astintzen ditu, parte hartzea errazten du, bertso-eskolak indartzen ditu eta bertsozaletasuna sustatzen du. Atzo Arabako Bertsozale Elkarteak Kuadrilla Artekoaren zazpigarren edizioa aurkeztu zuen Maeztuko Udaletxean. Txapelketa hilaren 27an hasiko da eta martxoaren 25ean bukatuko da.

Hala, eta ildo beretik, Arabako Bertsozale Elkartetik jakinarazi zutenez, urte honetako Arabako Kuadrilla artekoak, 2018 eta 2020ko Kuadrillartekoari jarraiki txapelketa formatua izango du. Edizio guztietan bezala izaera kolektibo, herrikoi, eta taldeen autoantolakuntzan oinarrituko da. Zehazki, sei eskualdetan talde ezberdinen arteko hamabi saio antolatuko dira. Ondoren hiru finalaurreko eta finala. Bi modalitatetan parte hartzeko aukera izango da: Bat-batean eta idatzizkoan. Lehenengoaren kasuan, hamabi taldeen parte hartzea aurreikusten dute: Aiaraldean talde bat –Altubepekoak–, Mendialdean beste talde bat –Bertsolarriak–, Lautadan bi talde –Beeeeeertsolariak, Egurrak eta ezpalak–, lau talde Gorbeialdean –Aramaion hiru (Izena pentsau bida, Tratamendurik gabeak, Ibarrako periferiak) eta Urkabustaiz-Zuian bat (Gorbeialdea)–, Gasteizen beste hiru talde –Katuko muinoak, Errexala, Bertxilika– eta Araban Errioxan azkena –Txandrio–. Taldeak 9-12 lagunez osatuta egongo dira: Hiru-sei bertsolari, gai-jartzailea, epailea, audio grabatzailea, bideo grabatzailea, trikitilari/musikariak, kronista, sukaldaria... 64 lagunbertsotan, 16 epaile lanetan, 16 lagun gai jartzaile lanetan. Idatzizkoan, aldiz, bertsoak prestatu, idatzi eta jende aurrean edo jendearekin batera kantatu beharko dira. “Hau da beste aukera bat, herrikoia, edozein kolektibok parte har dezakeena, trikitilariak, lagun kuadrillak.... Ez da txapelketa bat izango, lehiarik gabe izango da. 16 talde aurreikusten ditugu, Arabako 8 Kuadrilletako partaideak”, azaldu zuten atzoko aurkezpenean.

Xehetasunez

Hainbat dira txapelketa horien helburuak. Besteak beste, bertsozaletasuna hedatzea, bertsogintza herrikoiaren eredua zabaltze;, bertso-eskolak bultzatzea, indartu daitezen eta aurrera egin dezaten; zenbait lekutan bertso-eskola edo talde berriak sortzea, herriak eta eskualdeak aktibatzea; jende berria erakartzea bertsogintza, antolaketa, epailetza eta gai jartzailetzara; bertsolarien eta bertso-eskolen arteko harremana bultzatzea eta baita belaunaldi ezberdinen artekoa ere; euskararen erabilpena ahalbideratzea, euskaldunentzat guneak eta uneak sortuz; eta eskualde eta herri mailako erakunde eta elkarteekin elkarlan bide berriak irekitzea. Elkarteari buruz, Arabako Bertsozale Elkartea 1993an sortu bazen ere 1982an hasi ziren egituratze lanak Gasteizko eta Laudioko bertso-eskoletan. Diru-irabazpen asmorik gabeko elkarte soziokulturala da eta bertsolaritza sustatzea du helburu. Bertsolaritzaren geroa ziurtatu asmotan lau alor lantzen ditu: bertsolaritzaren sustapena, transmisioa, ikerkuntza eta komunikazioa. Horretarako lan profesionala eta borondatezkoa uztartzen ditu eta gainontzeko elkarte eta herri instituzioekin elkarlanean lantzen ditu proiektuak.