Alaia Martin nagusi BTN-ko Amurrioko finalaurrekoanGari Garaialde
    Alaia Martin nagusitu zen atzo Amurrion jokatu zen Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoetako bigarren itzuliko lehenengo saioan, 676 puntu eskuratuta. Bertsolari oiartzuarra sailkapen orokorraren buru zegoen lehenengo itzulitik eta bere markari eustea lortu zuen atzokoan ere. Finalerako bidea, beraz, zabalik dauka momentuz, eta dagoeneko esan daiteke Iruñeko oholtzako aulkietako batek bere izena daramala.  
    Eguraldia hotz eta saioa ere tankera berean joan zen atzokoan, dizdira handiko unerik gabe, baina bertsolariak oso zuzen ibilbi ziren Beñat Vidalek proposatu zizkien gaiei erantzuten. Martinen atzetik sailkatu ziren Aitor Bizkarra (651,5 puntu), Oihana Iguaran (632,5 puntu), Onintza Enbeita (632,5 puntu), Agin Laburu (624 puntu) eta Miren Artetxe (595,5 puntu). 
    1250 bertsozalek bete zuten Bañueta kiroldegia saioa bertatik-bertara jarraitzeko. Ariketa puntuagarriak aurrera joan ahala berotzen joan zen giroa eta akaso ale ederrenak bakarkako ariketetan josi zuten bertsolariek. Martinek ariketa honetan eskuratu zituen puntu gehien. “Gaur arte ez zara ausartu, oraingoan erantzun egin duzu” izan zen bertsolari bakoitzak erabakitako doinu eta neurrian erantzuteko ariketaren gaia eta Martinek edoski-tzea hartu zuen mintzagai. Parke batean bere haurrari titia ematen ari zaion ama baten paperetik abestu zuen. 
    Finalaurrekoetako lehenengo itzulian eskuratutako puntuei atzokoak batuta, bertsolari oiartzuarra sailkapenaren lehenengo postuan mantendu da, denetara 1405,5 puntu bilduz. Bertsolariek datozen asteburuetan jokatuko diren bi saioetako emaitzei itxaron beharko dute, hala ere, finalera sailkatu diren jakiteko. Izan ere, sailkapen orokorreko lehenengo zazpiak izango dira datorren abenduaren 18an Iruñeko Nafarroa Arenan ospatuko den finalera iritsiko direnak, aurreko edizioko txapeldun Maialen Lujanbiorekin batera. 
    Azkeneko bi finalaurrekoek erabakiko dute Iruñeko oholtza. Hala, datorren astean Baionako finalaurrekoaren txanda izango da. Bertan arituko dira Beñat Gaztelumendi, Eñaut Martikorena, Julio Soto, Nerea Ibarzabal, Sustrai Colina eta Unai Agirre. Hurrengo asteburuan, abenduaren 3an, Bilbon ospatuko da azken finalaurrekoa. Kasu honetan, Aitor Mendiluze, Amets Arzallus, Joanes Illarregi, Jone Uria, Maddalen Arzallus eta Saioa Alkaiza ariko dira bertsotan.
    Sarrerak www.bertsosarrerak.eus helbidean eskuratu daitezke dagoeneko.
SAILKAPEN OROKORRA
*Bigarren itzulia osatu duten bertsolariak. Lehenengo itzuliko emaitzari bigarren itzuliko puntuazioa batukok zaio eta lehenengo zazpi sailkatuak iritsiko dira finalera.     
Alaia Martin	1405,5
Aitor Bizkarra	1329
Oihana Iguaran	1321
Onintza Enbeita	1272
Agin Laburu	1301
Miren Artetxe	1240
Aitor Mendiluze	726,5
Beñat Gaztelumendi	716,5
Joanes Illarregi	711
Sustrai Colina	710
Amets Arzallus	688
Julio Soto	686
Nerea Ibarzabal	673
Saioa Alkaiza	662
Jone Uria	660,5
Unai Agirre	652,5
Eñaut Martikorena	711
Maialen Arzallus	635