- Otsailaren 25 ean hasiko du bere ibilbidea 2022ko Laburbira film laburren zirkuitoak, Areatzan. Lantaronen amaituko da, apirilaren 4ean. Orotara, Euskadiko 29 herritan ikusi ahal izango da bederatzi filmez osatutako bilduma ikusgarri hori. Araban, sei udalerritan izango da euskaraz film labur horiek ikusteko aukera.
Hain zuzen ere, Araban film labur horien ibilbidea martxoaren 11n hasiko da, 19:00etan, Espalditzan. Oraingo horretan Hogeitalau Euskara Elkarteak antolatuko du eta Udal Aretoan egingo da. Gainera, egun batzuk geroago, hilaren 20an hain zuzen, beste saio bat izango da ordu berean Aramaioko Kultur Etxean, Txirritola Euskara Elkarteak antolatuta. Hirugarren saioa martxoaren 22an izango da, arratsaldeko zazpietan, Gasteizen, Oihaneder Euskararen Etxean, Geu Elkarteak antolatuta, eta martxoaren 27an, 19:30etan, Lan eta Jolas Elkarteak antolatutako Izarrako Kultur Etxean izango dute aukera herritarrek. Azken film laburrak martxoaren 24an Biasterin (Ttipi Ttapa Elkarteak antolatua) eta apirilaren 4an Lantaronen (18:30etan) izango dira, (hemengoan Udalak antolatuta). “Euskal zinemagintzaren erakusgarri aparta da Laburbira, 2021 urtean zehar ekoitzitako film-labur adierazgarrienak ezagutu eta berauetaz gozatzeko aukera eskaintzen baitie herritarrei. Urtero lez, gainera, aurtengoan ere zuzendariekin solasaldia egiteko aukera izango da hainbat emanalditan”, azaldu zuten antola-tzaileek. XIX. edizioa beteko du 2022an Laburbirak, euskaraz ekoitzitako film laburren zirkuituak eta urtez urte sendotzen doa egitasmoa. Horren erakusgarri, aurtengo ediziora aurkeztutako lan kopurua: 19 lan aurkeztu dira Laburbirara eta horietarik, 9 film hautatu dira herriz herri ikusi ahal daitezen.