Batzuetan ez da erraza haurren beldurrari aurre egitea. Baina badira emozioei aurre egiteko tresnak. Literatura da lantzen diren gaiez kontzienteki eta ez kontzienteki laguntzen duen tresna horietako bat.
Patxi Zubizarreta idazleak -Gipuzkoan jaioa baina Gasteiztarra aspalditik-, Maite Gurrutxaga ilustratzailearekin batera, eta Ikaselkar argitaletxearen eskutik, ipuin berri bat argitaratu du, bi anaiek egoera ezezagun baten aurrean duten beldurrari buruzkoa. Kimu bildumako Tik, bakarrik. Tak, ikarak du izena. Bat-batean, amona gaixotu egin dela eta, etxean bakarrik geratu dira bi anai-arreba. Bakar-bakarrik. Eta denborak aurrera egin ahala, beldurra areagotu egingo zaie. Tik, bakarrik, tak, ikarak. Orduan, beldurrari aurre egiteko trikimailuak jarriko dituzte martxan. "Afaltzeko orduan, aitak dei bat jaso du eta korrika joan behar izan du ospitalera, seme-alabak etxean bakarrik utzita, eta patata tortilla zartagian... Hasieran Danel anaia zaharra eta Edda txikia ez dira konturatu, baina laster beldurra sentitzen hasi dira, eta babes falta. Nik egoera kontatu baino ez dut egin, eta haien jarrerak deskribatu, baina badago kritika moduko bat: badirudi Danelek Edda babestu beharra daukala, horixe dela anaia zaharreran rola, baina auskalo...", kontatzen du idazleak ipuinaren istoriaren gainean. Hain zuzen, idazleak dioenez, anai-arreba horiek, beren tresnekin, haurren irudimena entretenitzen eta elikatzen duten bitartean, beldurrei aurre egiten lagun diezaikete; ez bakarrik haurrei, baita helduei ere. "Beharbada pandemiak hori ekarri digu eta beldur horrek paralizatu egin gaitu, eta ahulago, manipulagarriago ere bai. Haur literatura haurrek ere irakur dezaketen generoa da eta horixe nahi dugu: helduek ere bere ikuspegitik irakurtzea, identifikatzea, urduritzea eta, azken-azkenean, gozatzea", azpimarratu du. "Haurrak zetazko paperaren an-tzekoak dira, gainetik pasatzen den guztiak arrastoa uzten du haiengan. Aspaldiko partez, aurkezpen presentziala egin genuen, baina Oiar-tzungo Haurtzaro ikastolako haurrak online konektatu ziren: liburua irakurrita zeukaten eta argi geratu zen irrikaz zeudela gu ezagutzeko, beharbada aintzat eta serio hartu ditugulako. Literatura ez da eskolako ikasgai arrunt bat, gure sekretuak jasotzen ditu eta irakurle-ikusle bakoitzari zerbait sentiarazten dio, argi txiki bat eskaintzen dio",erantsi du Zubizarreta idazleak.
Idazleak dioenez, haurrentzako ipuin bat idaztea ez da lan erraza. Poliki idazten ditu. Mimoarekin. Maitasunez. Eta denborarekin. Hain zuzen, dio ez dela gauza bera eleberri bat edo haurrentzako ipuin bat idaztea, eta idazle guztiek ezin dutela haurrengana jo lan horren konplexutasunagatik. "Ez da erraza haurrentzat ondo idaztea. José Saramago idazlea ezagu-tzeko zortea izan nuen eta haren La flor más grande del mundo ipuina maite dut, baina haurrentzat argitaratu zutenean, haur italiar batek aitortu zion ez zuela istorioa ulertu; orduan nobel saridunak esan zion arrazoi zuela, berak ez zekiela haurrentzat idazten. Ni saiatu egiten naiz, batez ere marrazkilarienkonplizitatearekin, hizkera minimoarekin emozio handiak transmititzen. Laburtasuna gero eta gehiago gustatzen zait, eta liburua, objektu moduan, ederra izan dadila: papera, usaina...", kontatu du.
Eta horregatik, mimoa eta dedikazioa kontuan hartuta, ipuin honetan urtebete inguru eman du lanean, gustatu zaion emaitza lortu arte. Testuak bi orrialde dauzka, baina "horren atzean lan handia dago". "Liburua kontuz-kontuz landu dugu: alde batetik, zer kontatzen den eta, bestetik, irudiek zer gehi-tzen duten, nola osatzen duten. Konplizitatea aipatu dut lehen, eta liburuak horixe behar du gero: irakasleen, gurasoen, bibliotekarien konplizitatea, liburua tranpa ahaztezina bihurtu dadin, gogoan gera dadin", ondorioztatu du.
Liburua antzerki obra modukoa bihurtu da, eszenategi bat dirudi, eta badago salgarri haur eta heldu guztientzat.
Patxi Zubizarretak, Maite Gurrutxagarekin batera, haurrentzako ipuin berri bat argitaratu du, 'Tik, bakarrik. Tak, ikarak' izenekoa
Bi anaiaren esperientzia kontatzen du: bakarrik egoteagatik sentitzen duten beldurra eta egoerari nola aurre egiten dioten istorioa