- Euskarak biziraungo badu pandemia garaian are indar handiagoa metatu duten streaming plataformetan egon behar dela ondorioztatu dute azken hilabeteetan hainbat ekintzailek. Bide horri ekiteko jaio da dagoeneko 10.572 sinadura biltzea lortu duen Netflix Euskaraz ekimena. Abenduaren 3ra arte zabalik egongo da sinadura bilketa, hurrengo helburua 20.000 sinaduren langa gainditzea baita. Sustatzaileek diotenez, beharrezkoa da plataforma digitalen jarduera erregulatzea euskarazko eskaintza bermatzeko. Horregatik, egun tramitatzen ari den Espainiako Ikus-Entzunezko Komunikazioaren Lege Orokor berriak egiten duten eskaera kontuan hartzea nahi dute.
"Amildegiaren ertzean gaude. Azken urteotan asko aldatu dira ikus-entzunezkoen kontsumo ohiturak. Telebista tradizionalaren kontsumoa asko jaisten ari dela erakusten dute datuek. Aldiz, ordainpeko plataformen harpide-tzak %40 hasi dira. Eta euskaldunon 10etik 6k edaten dugu iturri horretatik. Horien artean Netflix da merkatu kuotarik handiena duena", azaldu zuen atzo Izaskun Rekaldek, Netflix Euskaraz ekimenaren bozeramaileak, Durangoko Landako gunean ospatutako prentsaurrekoan. Bere esanetan, plataforma horietan ia ez dago euskarazko edukien eskaintzarik. "Netflixen, adibidez, 3.500 film eta telesailen eskaintzatik lau film baino ez ditugu euskaraz -Loreak edota Handia, esaterako-, eta telesailik ez dago bat bera ere", azaldu zuen.
"Euskaraz bizi gura badugu, ikus-entzunezkoen alorrean ere egun daukaguna baino presentzia handiagoa behar dugu", adierazi zuen. Eta datu esanguratsua eskaini zuen bere arrazoibidea babesteko: gaur egun, batez beste, hiru eta lau ordu artean ematen dira pantailen aurrean. "Horrek gure hizkuntza ohituretan eta errealitatea uler-tzeko moduan eragin zuzena dauka", ondorioztatu zuen, hainbat elkarteetako ordezkarien presentzia izan zuen prentsaurrekoan. Besteak beste, Topagunea, Euskalgintzaren Kontseilua, Euskal Hedabideen Behategia, Euskal Herrian Euskaraz edota Tokikom. "Kanpotik datorkigun kultura uholde honen aurrean, euskaldunon kon-tzientziak astintzeko momentua dela deritzogu", agertu zuen. Horregatik, euskararen presentzia digitalarekin lotutako beste bi ekimenekin bat egiten dutela azaldu zuen: Disney + eta 3.000 Twitz, hain zuzen ere.
Izaskun Rekaldek gaineratu zuenez, Netflixek betebeharrak ere baditu tokian tokiko komunitateetan. Horregatik eska-tzen diote "euskara eta plataforma honen kontsumitzaile potentzial diren 800.000 euskal hiztunak aintzat har ditzala". Izan ere, an-tzeko kasuak eman direnean, plataforma estatubatuarrak adierazi omen du benetako eskaria balego eskainiko lituzkeela edukiak hizkuntza gutxituetan. "Hemen dituzu 10.572 sinadura. Eta gehiago etorriko dira, eskaria egon, badago. Esandakoa betetzea dagokizu", azaleratu zuen.
Bestetik, bozeramaileak argitu zuenez, Espainiako Ikus-entzunezko Komunikazioaren Lege Orokor berria tramitatzen ari dira. "Aukera ikusten dugu gure indarrarekin lege horretan eragiteko. Plataforma horien jarduera erregulatu behar da euskarazko eskaintza bermatzeko", azaldu zuen; izan ere, bere ustez, beharrezkoa da lege horretan hizkun-tza aniztasuna jasota geratzea. "Streaming plataformetan Estatuko hizkuntza ofizial guztietan izan beharreko edukin kuotak zehaztu eta bermatu behar ditu".
Eta hori horrela izan dadin, alderdiek ere dagokien erantzunkizuna har dezatela eskatu zuen. "Datozen asteetan, Espainiako Kongresuan alderdi politikoek euskal hiztunen defentsan bat egin dezatela eta Kataluniako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak lege orokarri jarritako alegazioak babestu beharko lituzkete". Gainera, Euskal Herriko erakundeei dagokienez, ikus-entzunezkoetan euskal hiztunen eskubideak betetzen direla ziurtatzen duen egiturazko tresna publiko bat sortzea aldarrikatu zuten: hau da, Ikus-entzunezkoen Euskal Kontseilua sortzeko beharra azpimarratu zuten.
"Netflixen, adibidez, 3.500 film eta telesailen eskaintzatik lau film ditugu euskaraz"
Netflix Euskaraz-en bozeramailea