Konpost talde gasteiztarrak bere lehen diskoa kaleratu berri du eta Jimmy Jazz aretoan aurkeztuko dute hilaren 13an. Ruben Sanchez Bakaikoa taldeko kideak egunkari honetan adierazi duenez, zaila izan da diskoa koronabirusaren pandemiarekin amaitzea. Baina lortu dute. Txerra Bolinaga, Ruben Sanchez, Bingen Mendizabal eta Jon Aranburuk osatzen dute taldea, eta hamar abestik osatzen dute diskoa.

Bi urteko lanaren ondoren, zuen lehen diskoa atera berri duzue Erraia diskoetxearekin. Pozik lortutako emaitzarekin?

-Bai oso pozik. Abestiak diskoan sartu aurretik maiz joak genituen jende aurrean, eta, nolabait, beren bizitza autonomo hori eginda, nahiko helduta sartu dira. Bestalde, zuzenekoa eta diskorako grabatzea ez da berdina, eta oinarria zuzenean talde moduan dugun soinua bada ere, nahikotxo jolastu dugu diskorako, musika-tresna gehiago, ahotsak, riff berriak, bateriaren soinuak€ Horrek gure zuzenekoan ere eragina izango du gainera (abestiei buelta gehiago eman dizkiegulako). Finean: lana egin dugu eta gustura geratu gara. Azpimarratzekoa da Joseba B. Lenoir jaunak egin duena lana. Izugarria izan da. Artista bat da.

Zenbat hilabete daramatzazue disko honetan lanean?

-Gorabehera asko izan ditugu. Bingenen lokalean Josebarekin grabatzen 2019ko irailean hasi ginen, dena sartu genuen gitarrak izan ezik, Jonek eskua lesionatua zuelako kirolaren erruz. Gero eskua osatu eta pandemia etorri, beraz gitarrak 2020ko udaberri hasieran eta etxean grabatu behar izan zituen. Azkenean, uda etorri zen berriz ere denok elkartu eta amaierako kontuak egin ahal izateko. Diskoa egina zegoen udan, baina nahasketak egitea ere luzatu, gero ezin aurkeztu€ en fin, azkenean 2021.

Bi urteko lana eta, bitartean, pandemia bat. Suposatzen dut horrek zaildu duela zuen lana, ez?

-Une batzuetan hilda sentitu gara, guretzat musika eta kultura oro har, ezinbesteko beharra da egunerokoan. Zer egiten duzu disko batekin ezin baduzu zuzenean erakutsi? Ondo dago internet eta musikaren digitalizazioa, baina, guri dagokigunez, zuzenean jende aurrean jotzeko aukerarik gabe ez genukeen musika talde bat egingo, ez ginateke izango. Gainera, zuzeneko musikari bere ingurunea ematen dioten profesional, taberna eta musika aretoak ere itolarrian daude: batzuk betiko itxita edo lana galduta, beste batzuk nola edo hala eusten. Horrek nahitaez eragiten dio edonori.

Kontzertu bat eskainiko duzue datorren hilaren 13an, Jimmy Jazz aretoan. Zaila izaten ari da horrelako kontzertuak antolatzea?

-Iritsi da une bat eszena-tokira jauzi egitea erabaki duguna. Nonbait jo behar genuen, ezin genuen hau guztia bukatu arte zain egon. Eskaini izan baligute, katedral gainean ere joko genuke! Baina, Jimmy Jazz aretoa oso ondo portatu da, ze zaila oso zaila da kontzertuak lortzea, eta bertakoek dena erraz jarri digute.

Diskoa aurkezteko kontzertu gehiago dituzue programatuta?

-Mugitzen ari gara hori, baina, esan bezala, oso zaila dago. Gure lehen diskoa da, areto txikiak eta tabernak dira gure inguru naturala gaur-gaurkoz. Oso zaila da inork dirurik galdu gabe zerbait antolatzea. Beraz, gustura onartuko genuke edozein eskaintza.

Duela hiru urte inguru sortu zenutela musika-taldea, nola sortu zen taldea sortzeko ideia?

-Une berezi batek elkartu gintuen, lehendik ezagutzen genuen elkar, baina esango genuke hamaika bizitza izan eta galdu eta gero, gure bideak elkartu zirela, baduzu adintxo bat, bizi izan duzu jadanik argazki beilegi bat den Euskal Herri bat, joan den mundu bat. Ados, kitto. Baina kantatu dezagun, sortu dezagun, heldu diezaiogun gaurkoari musika jotzen, gu ere ez gara lehengoak, ez dugu jotzen lehen bezala, ez dugu berdin hitz egiten.

Disko bat eta hamar abesti. Zertaz hitz egiten duzue haietan?

-Musikalki oso estilo ezberdinak daude, ez da nahita bilatua izan, baina orain diskoa aurkeztean, estiloak eta hitzak ze modu itxian uztartu diren! Badira bi kanta iraganaz hitz egiten dutenak -batean hilketa bat deskribitzen da, bestean espetxetik ateratze bat- eta nahiko blueseroak dira; badira kanta eszeptikoak eta distopikoak eta eroagoak, baita maitasunari eta sexuari kantatzen diotenak, edota, Gasteiz alternatiboari edo lan ez egiteari kantatzen diotenak, batzuetan hip-hopera eta reagge edo skara hurbiltzen dira, eta eliza eta gizonkeriaren kontrakoak, aurrerapen kantua, esaterako.

Zer izan da egoera honetan lan egiteko zailena?

-Zaila eta gogorra izan da ezin elkartzea. Bat-batean ez gara talde bat, ezin elkartu garen heinean. Sentitzen genuen taldea itzaltzen zihoala, ez genekiela noiz joko genuen berriz.

Eta goxoena?

-Berriz elkartzea, diskoan ez dauden abesti berriak sortu ditugu, ondo pasatu dugu berriro inprobisatzen, bakoitzak sentitu du jotzeko gogoa eta elkarri transmititu diogu. Talde terapia ederra izan da.

Bideo bat ere baduzue martxan, ezta?

-Bai, ikusteko eta erakusteko amorratzen gaude: kamarek jaso badute Unai Lopez de Armentia Txaston jaunak egin duenaren erdia, eta berari guk talde moduan gure konpostegitik egurrean pixka bat lagunduz gero€ latza izango da. Adi, laster dator!