Hitzak, hitzak eta hitzak. Xabier Lete hil zenetik hamar urte bete dira gaur. Oiartzuarra ertz askoko gizona zen eta, horregatik, bere figurari eta obrari errepaso bat ematearren NOTICIAS DE GIPUZKOA Alex Gurrutxagarekin kontaktuan jarri da, Leteren pentsamolde eta obra aztertuko dituen hiztegi txiki bat sortzeko asmoarekin. Gurrutxaga Literaturan doktorea da eta bere tesia Xalbadorren heriotzean lanaren bilakaeran oinarritu zuen. Alberdaniak, gainera zarauztar honen Xabier Leteren poetika; aldaeren azterketa eta bilakabidearen irakurketa bat ikerketa lanaren bertsio laburtua liburu dibulgatibo moduan kaleratu zuen orain dela ez asko, Xabier Lete, aberriaren poeta kantaria izenburupean.
Hiztegi honek, noski, hitzaurre bat behar du, hain zuzen ere, kontzeptu guztiak bere barnean laburbiltzen dituen gizakia definitzeko. Nor zen Xabier Lete? "Bera ulertu nahi baldin badugu, funtsezkoa da ulertzea beste artista guztien artean nabarmentzen duena, artista askotarikoa izan zela", esan du Gurrutxagak. Poeta, kantaria, bertsozalea, antzerkigilea, saiakera-idazlea, Zeruko Argia eta Muga aldizkarietan ere idatzi zuen... Letek diziplina asko jorratu zituen. Bera baino kantari "hobeak" bazeuden; baita, "ziurrenik", letragile eta poeta "hobeak" ere. "Baina ez dakit baden inor hain espektro zabalik landu duenik, ezta hain eraginkorra denik esparru bakoitzean", azaldu du ikertzaileak. Bide horretan, artista "osoena" izatera iritsi zen, "kortse" eta "generoen mugei" ihes egiten ziena gainera. Halere, moduren batean definitu beharko bagenu, berak bere burua ikusi zuen moduan egin beharko genuke, hau da, "poeta" gisa.
Xabier Lete 1944. urteko apirilaren 5ean sortu zen Oiartzunen. 1960ko hamarkadaren hasieran Lartaun antzerki taldean ibili zen. Bere kantagintzaren eta poesiaren hastapenak, aldiz, hamarraldi horren erdikoak dira –kantari gisa, urte askotan Antton Valverde pianista eta Lourdes Iriondo izan zituen bidaide–. Egunetik egunera orduen gurpilean bere lehen poema liburua izan zen, 1968an kaleratutakoa.
Zoritxarrez, hamarkada horretan bere azken urteak baldintzatuko zituen digestio-aparatuan gaixotasun kroniko bat pairatzen hasi zen. Gerora, gaixotasunak bere plaza-lana baldintzatu zuen.
Jarraian, Leteren ertz esanguratsuenak laburbiltzen dituzten hamaika hitz bildu ditugu:
Gurrutxagaren esanetan, Europa mailan Ez Dok Amairu "kultur fenomeno esanguratsua izan zen". "Taldeak momentu batean kanalizatu egin zuen Euskal Herriak zuen sentipen bat. Bozgoragailu bat izan zen sentimendu, bizipen eta amets askorentzat". Euskal gizarteari "duintasuna" eman zion "ispilu" bat izan zen; "bere elementu kulturalez harro egoten" erakutsi zion. "Ez dakit gure historian horrelako beste kasurik baden; ez dut uste", esan du ikertzaileak.
Horretan guztian, Lete figura "fundamentala" izan zen, kantari gisa 1966tik, baina partaide moduan 1965etik. "Oso bat" joan ziren Ez Dok Amairuren asmo kulturalak, artistak zituenekin. Baina taldeak bere "autonomia" kolokan ikusi zuenean hasi ziren arazoak. "Besteak beste, Ez Dok Amairun krisia sortu baldin bazen, izan zen politika hasi zenean kultur esparrua inbaditzen edo kontrolatzen saiatzen", dio, eta Leteren moduan, beste artista askok ere, "artea esparru independientea" izan behar zuela aldarrikatu zutela.
Testuinguru horretan zioen "filosofia materialistek" –beste gauzen artean, hil ondoren hutsa besterik ez dagoela diote– ez dutela heriotzaren atean bizi dena "kontsolatzen". Horregatik, bizitzan aurrera egiteko "beste zerbait" behar zuela aldarrikatu zuen eta, horrela, arrazionalki argudiatu egin zuen nola fedeak "itxaropenean eta kontsolamenduan" lagundu egiten zion.
Ildo honetatik, Gurrutxagak, Literaturan aditua den heinean, beste gai bat mahaigaineratu du, hain zuzen ere "fedeak konponente estetiko oso garrantzitsua duela" eta gogora ekarri du Lete asko hunkitzen zela, adibidez, musika erlijiosoarekin. "Ez dut esango konponente nagusia denik, baina ez dezagun ahaztu erlijioaren zabalkundea pertsonak hunkitzeko pentsatuta dauden elementu estetikoei oso lotuta dagoela", nabarmendu du, eta kontu estetiko horiek "garrantzitsuak" direla Leteren obran; hainbesteraino, azken garaietako bere poesiak "de facto kutsu erlijiosoa" hartu zuela.
Hori horrela izanda, Gurrutxagak azpimarratu egin du Letek gaixotasunaren inguruan izan zuen "diskrezioa". "Nik dakidala, pare bat aldiz edo kontatu zuen zerbait publikoki, baina oso-oso gutxi. Eta hori gizartearekiko hautu etiko batekin erlazionaturik dago, bere gaixotasunarekin erlazionaturiko kontuak ez friboloki, ez modu noblean ere komentatzeko garaian", azaldu du. Horiek kontatuta, uste zuen zabaltzen zuen ideia izango zela "bera sufritzen ari zela eta besteak ez". "Paradoxikoki askotan esaten da Lete iluna zela, baina gauza batzuk ezkutatu egiten zituen, bera publikoan zegoenean eraikitzaileagoa izaten lagundu egiten ziolako", gehitu du.
Dena dela, Letek "oso garbi" izan zuen beti "kantagintza oso bitarteko ona zela poesia, artea eta ideia filosofiko eta etikoak zabaltzeko". Kantari moduan, "oso ezberdina" zela esaten zuten 60ko eta 70eko hamarkadetan: "Kantari hau oso poeta da, esaten zuten. Eta hori horrela zen, beste kantariek ez zuten zerbait zuelako".
Gurrutxagak azaldu du Iriondok Leterengan "lilura sortu zuela". Euskal Joan Baez moduan ezaguna, 1965 eta 1966an bitartean prentsan oso ezagun egin zen. Letek berak "komunikabideetatik" ezagutu zuen eta, gerora, Ez Dok Amairun idazkari lanetan ibili zelako.
"Lourdes Iriondo da euskal kanta berriaren sorrerako ahots nagusienetakoa", aipatu du Literaturan doktoreak Aberriaren poeta kantaria obran. Donostiarra "neurriko" kantaria izanik, bide bat ireki zuen bere lan musikalarekin eta, baita ere, haur literaturan egin zuen lanarekin. 1978an, berriz, kantagintza egin zuen.
Lete eta Iriondo ezkondu egin ziren "elkarrekin ateratzen hasi eta handik bi urtera"; halere, gorabehera asko izan zituzten erlazio horretan. 70eko hamarkadan elkarrekin abestu zuten, baita Antton Valverde eta Pantxoa eta Peiorekin ere. "Letek zioen erlazioan hiru fase pasa zituztela: hasierako lilura moduko bat, nola halako krisiak eta, azkenik, sufritu eta desleialtasunak bizi ondoren, oreka batera iritsi ziren eta, nolabait, egindako gauzen gainetik egotera pasa ziren. Moduren batean, elkarri leial izatera pasa ziren. Hori, esango nuke, azken urteetan landu zutela, jada, biak gaixo zeudela", sakondu du adituak.
Erlaziotik kanpo, Leteren obran, bere azkeneko poema liburuan, nabaria da Lourdes Iriondoren figura zentrala dela, atal oso bat "hila den maiteari eskainitako" poemak direlako, Iriondo zuzenean eta espresuki aipatzen ez duen arren: "Ez dira hain konkretuak, poemak unibertsalagoak dira, baina isilpean dagoen figura hori Lourdes Iriondo da".
Halere, "irakinaldi" hori hozten joan zen. Abertzaletasunari eta kulturgintzaren esparruari dagokionean, "iraunkorragoa eta sakonagoa da" bere interesa. Hasierako lanetan, jada, badaude aldarrikapen politiko zuzenik ez daukaten baina aberriarekiko atxikimendu garbia daukaten piezak. Horien artean kokatu behar dira, esaterako, Nafarroa arragoa edo Altzateko jaun, ezhoiko protesta kantuak direnak, aldarri politikorik gabeak. Halere, "mami bat badute", Letek lurraldeari, hizkuntzari, izate kultural bati dion atxikimendua erakusten duena.
"Politikak benetan nazkatzen eta gaixotzen duenean, hori da irauten duena", azaldu du, eta oiartzuarrak berak zioen zerbait gaineratu du: "Niri Caro Baroja kabitzen den Euskal Herri bat interesatzen zait". Ikuspegi kulturalak bilatzen zituen modu "integratzaileak" lortzeko aukera ematen zion.