Elikadura burujabetzaren inguruko ikastaro batean elkar ezagutu eta dokumental bat egiten amaitu zuten Sorginatxurrak taldeko sei kideek. Lan horretan, nekazal munduan sarri ikusezin diren hainbat gai azaleratu dituzte ikuspuntu feministatik: nekazaritza lanak lehen eta orain, generoaren araberako baserriko lanen banaketa, kontsumo eta ekoizpen eredu desberdinak, nekazaritzaren transmisioaren etena, errenta duinaren aldeko borroka, emakume baserritarren eskubideak€
Euskal Herriko hainbat txokotako emakumeen ahotsak jaso dituzte horretarako. Belaunaldi eta eskualde ezberdinetakoak dira eta horregatik baserria oso modu diferentean ezagutu dute, Maribi Ugarteburu lantaldeko kideak azaldu duenez. Bizipen desberdinak izanagatik ere, kezka komunak dituzte. Kasurako, zelan lortu nekazaritza lanbide duin bat izatea eta belaunaldi arteko erreleboa mantentzea.
Erroa eta geroa lanak ez dakar irakaspen edo formula magikorik. Lanaren helburua xumea da: jendea pentsaraztea eta zer berba egin ematea. "Nekazaritzaren etorkizuna guztion gaia da, ez soilik baserritarrena. Nekazariak oso gutxi gara, baina denok gara kontsumitzaile. Gainera, planetaren etorkizuna ere jokoan dago, eta horren atal garrantzitsua da eguneroko janari sanoa baserritarren duintasuna zainduz ekoiztea".
Dokumentalaren hazia Proiektuaren ideia, gidoia eta elkarrizketak sei emakumeren lana dira: Vane Calvo, Nadia Ayuso, Zuriñe Perales, Ane Gorosabel, Mirene Begiristain eta Maribi Ugarteburu. Baserritik Mundura ikastaroan ezagutu zuten elkar 2017-2018 ikasturtean. EHUko Hegoa Fundazioaren eta EHNE Bizkaia sindikatuaren arteko lankidetzatik sortutako elikadura burujabetzari buruzko ikastaroa da. Formakuntza orokorra lan praktikoekin uztartzen zuten eta lantalde txikietan banatuta bakoitzak ikerketa edo ekintza parte hartzaile proiektu bat egin behar zuen. Horrela sortu zuten Sorginatxurrak taldea. Proiektua ikuspegi feministarekin lantzeko gogoa zuten sei emakume elkartu zirenean. Zenbait material aztertu eta elkarrizketak egin zituzten, eta idatzizkoa dokumental bihurtzea erabaki zuten. "Tresna oso erraza bihurtu nahi genuen, edonon erabiltzeko modukoa".
Mimo handiz Esan eta egin. 2018ko udan grabatu zituzten elkarrizketa guztiak. "Mimo handiz" egin zituzten, emakumeak eroso senti zitezen. Lea-Artibaiko, Durangaldeko, Debagoieneko eta Nafarroa Behereko hamabi emakumerekin egon ziren. Haien bizipenak bildu nahi zituzten hainbat gairen inguruan. Ondoren, jasotako guztia ordu erdiko piezan sintetizatu behar izan zuten. Hori izan zen lanik zailena, Ugarteburuk aitortu duenez.
Bizkaiko Foru Aldundiaren diru-laguntza bat lortu zuten eta horri esker ikus-entzunezkoa modu profesionalean egitea lortu zuten. Izan ere, Sorginatxurrak taldekoak ez datoz ikus-entzunezkoen mundutik. Batzuk nekazariak dira, hezitzaileak beste batzuk, irakasleak, sukaldariak€ denetarik dago. Ikasketa bezala eta elikadura burujabetzatik eta feminismotik ardura hartuta ekarpena egin nahi zutelako erabaki zuten idatzizko lana dokumental bihurtzea.
Dokumental sakona da, baina ikusteko erraza eta atsegina. Errealizazioaz eta muntaiaz Itziar Bastarrika eta Ainhoa Olaso arduratu dira. Animazioak Susana Martin Somozarenak dira eta Musika Ines Osinagak eta Lorea Argaratek propio egindakoa da. Katia Madina eta Maitane Diezek egin dituzte itzulpenak. "Artistak dira horretan eta estetikoki oso polita geratu da. Gustura eta erraz ikusten den ordu erdiko dokumentala da", dio Maribi Ugarteburuk.
Pandemiak irakatsitakoa Covid-19aren larrialdiak irakaspen argi bat eman digula uste du Maribi Ugarteburuk. "Ikusi dugu oso mendekoak garela eta elikagaiak oso urrunetik ekartzen ditugula". Bere iritziz, eredu hau ez da iraunkorra eta zerbait aldatu beharra dago. Bide horretan emakumeek zeresan handia dutela pentsatzen du. "Haiei esker mantendu da nekazaritza eredu iraunkorra, lurrari eta osasunari lotutakoa, eskala txikikoa eta gertuko harremanak zaintzen dituena ekoizle eta kontsumitzaileen artean", argitu du.
Dokumentalaren aurkezpen lanetan ari zirela harrapatu zituen Sorginatxurrak Covid-19aren osasun larrialdiak. Hainbat herri eta hiritan ari ziren proiekzioak egiten eta programatutako asko bertan behera utzi behar izan zituzten. Horregatik, Erroa eta geroa sarean eskegitzea erabaki dute orain, "edozeinen eskura egon dadin". Argia astekariaren eta Hamaika Telebistaren webguneetan dago ikusgarri ordu erdiko dokumentala. Nolanahi ere, lotuta zituzten erakustaldiak burutzeko asmoa dute, batez ere elkarrizketetan agertzen diren emakumeen hurbileko herrietakoak. "Haiei zuzenean esker ona emateko modu bat da", azaldu du Ugarteburuk. Proiekzioekin amaitutakoan, zikloa itxi nahi dute, baina ez diote aterik ixten etorkizunean beste proiekturen bati ekiteari.