gasteiz - Askoa Etxebarrieta Lasheras La Pulga bezala ezagunagoa denari, asko gustatzen zaio ikastea eta mendira joatea, baina, batez ere, dantza egitea da gehien gustatzen zaiona. Txiki-txikitatik dantza ikasketak hasi zituen, lehendabizi balletean, eta 20 urterekin dena alde batera utzi zuen flamenkoa ikasteko. Bere dantza ikasketak Andaluzian egin zituen, eta itzuli zenean gogor eutsi zion lanari, Euskadiko dantzari ezagun eta maitatuenetakoa bihurtu arte.
Flamenkoaren munduan txiki-txikitatik hasi zinen... Zer da flamenkoa dantzatzetik gehien gustatzen zaizuna?
-Nire hastapenak ez ziren flamenkoa ikasten hasi, baina dantzarekin oso lotuta dago. Oso txikitatik hasi nintzen ballet klasikoarekin, baina 20 urte inguru nituenean iritsi zen flamenkoa nire bizitzara. Hala, betidanik gehien gustatu zaidana, eta gustatzen zaidana, flamenkoa dantzatzea da. Izan ere, dantzatzean oso ondo sentitzen naiz, libre izango banintz bezala. Ezer edo inork lapurtu ezin didan sentsazioa paregabea da, horregatik sentitzen naiz hain ondo dantzatzen dudanean. Dantzan ari naizen bitartean... dena alde batera uzten dut!
Bai, balletarekin hasi zinela diozu eta, oker ez banago, gero bateriara pasatu zinen. Dena musikarekin oso lotuta.
-Bai, horixe. Txikitan ballet klasikoarekin hasi nintzen, solfeoa ere ikasi nuen eta baita biolin pixka bat ere. Baina hortik rock and rollera eta punkera pasatu nintzen. Hau izan zen bateria jotzen hasteak eragin zuena, perkusioa beti gustatu izan zaidalako, eta hor egon nintzen urte batzuk ematen. Gainera, garai hartako oroitzapen onak ditut primeran pasatzen nuelako.
Eta garai honetan da flamenkoa ezagutu zenuenean?
-Bai. Tailer herrikoi batzuen bidez ezagutu nuen flamenkoa. Tailer horietan nengoela konturatu nintzen nire bizitzan benetan egin nahi nuena flamenkoa dantzatzea zela. Gainera, flamenkoak ere erritmo handia du.
Zerk erakartzen zaitu gehien flamenkotik?
-Aipatutako erritmoa, hain zuzen ere. Flamenkoarengandik gehien erakartzen nauen lehen gauzetako bat da. Duen grina eta indarra ere asko gustatzen zait. Gainera, ijitoen kulturak eta ferianteen munduak txikitatik liluratu nau.
Gaztetatik dena alde batera utzi zenuen flamenkoa ikasteko.
-Bai. Konturatu nintzen flamenkoa ikasi nahi banuen Andaluziara joan behar nintzela eta horregatik, 20 urte inguru nituela, ikastaro trinko bat egitera joan nintzen.Zergatik?
-Hainbat arrazoigatik. Lehenik eta behin, Euskadin baino askoz irakasle gehiago daudelako. Bestetik, flamenkoaren benetako esentzia han bizi delako... flamenkoa arnasteko, Andaluzia flamenkoaren sehaska delako.Itzuli zinenean, nola jarraitu zenuen zure ibilbidea gaur egun zaren dantzari profesionala bilakatu arte?
-Borrokatuz eta lan asko eginez. Egunero lan eta ensaioak egiten... Ikasten jarraitzea da nik nahi dudana, eta posible bada hobetzen jarraitzea ere bai. Horregatik, ahal dudan bakoitzean eskoletara joaten naiz ikasten jarraitzeko.Urte hauetan guztietan, flamenkoak eboluzionatu al du?
-Bai. Flamenkoa artea da, eta, noski, eboluzionatu egin duela, jendeak ikertu, bilatu egin duelako... kantutik gitarrara eta dantzara, esentzia galdu gabe.Lan hau guztia pasio bat bezala hasi zen, eta orain zure bizimodua da. Egunean zenbat ordu eskaintzen dizkiozu dantzari?
-Egunean sei edo zazpi ordu inguru ematen ditut. Klaseak ematen ditut eta ni ere bakarka aritzen naiz egunero, praktikatzeko.
Non ematen dituzu klaseak?
-Talde desberdinak ditut. Adurtzan, esaterako, hainbat talde ditut. Hamar laguneko hiru talde; taldeetako bat hastapena da, beste tarteko maila eta beste bat maila aurreratua dena. Klase hauetan primeran pasatzen dugu. Gainera, oso pozik nago nire ikasleek lan asko egiten dutelako eta horrela oso erraza delako haiei irakastea. Espazio horretan egiten dudana da koreografia osoak egin kantuarekin, gitarrarekin... hau da, dantza oso bat, eta normalean ikasturte amaieran egiten dugu antzezpena zuzeneko musikariekin, ikasleek pasio hori senti dezaten. Entseguetan ere saiatzen naiz batzuetan abeslari edo gitarristaren bat eramaten, nahiz eta ez den erraza. Teknika ere ikasten dugu, ez koreografia bakarrik. Txandaka goaz. Eta ostegunetan ere klaseak ematen ditut Legution, nahiz eta ikasturte hau laster amaituko den, otsailean, hain zuzen ere.
Gizarte-etxeetan ere ematen dituzu klaseak, ezta?
-Bai, Gasteizko hainbat gizarte etxetan ere aritzen naiz. Adibidez, oraintxe bertan Zabalgana eta Aranan ditut taldeak. Klase hauek oso interesgarriak eta politak dira, flamenkoarekin hartu-eman bat delako eta modu berean ematen ditut leku guztietan. Hala ere, badira zenbait desberdintasun gizarte-etxeetan taldeak handiagoak direlako, hiru hilero pertsona gehiago apuntatzen eta desapuntatzen direlako... eta, azkenean, jarraitutasuna desberdina da. Horrek eragina du: ez dugu koreografia oso bat egiten, hiruhileko bakoitzean gauza desberdinak egiten ditugu.Flamenkoa beti lotu izan da gehiago dantza espainol gisa, ez euskal kultura gisa. Pentsamendu hori aldatzen ari al da?
-Niretzat flamenkoa ez da euskal kulturaren parte bi arte eta kultura desberdin direlako, munduko beste edozein kultura bezala nahas daitezkeenak. Gainera, jendea ikusten ari da gauza batek ez duela bestearekin zerikusirik. Eta flamenkoa arte bat da, beste edozein izan daitekeen bezala. Uste dut, beharbada, jendea irekiago dagoela flamenkoa ikusteko eta horregatik gero eta gauza gehiago programatzen direla ? Gainera Francok flamenkoa nahi izan zuen bezala saldu zuen, eta horrek min handia egin dio flamenkoari.Zure kasuan lan bikaina egin duzu euskal kultura flamenkoarekin lotzeko, eta bi gauzak uztartu dituzu. Nolako garrantzia dauka kulturak zuretzat?
-Nire sustraiak eta kultura oso garrantzitsuak dira. Barruan daramatzat. Horregatik egiten dut lan hau nire lanean ere ikus dadin. Bestalde, flamenkoak liluratu egiten nau, eta horixe da gehien gustatzen zaidana.Gainera, zure ikuskizunetako batek txalaparta eta flamenkoa uztartzen ditu.
-Berriketan du izena. Mikel Aveiro eta Adrian Larrañaga txalapartariak ezagutu nituenean sortu zen proiektu hau. Hainbesteko gogoa genuen elkarrekin zerbait egiteko, maiz geratzen hasi ginela, eta ohiko topaketa horietatik hiruzpalau urtera Berriketan jaio zen, formazioaren izen bera duen ikuskizuna, zeinarekin Euskal Herri osoan, penintsulan, eta kanpoan, jotzen aritu garen. Sorkuntza berri batean ari gara lanean, eta aurten estreinatzea espero dugu.Miren Amurizarekin zure lan berria ere estreinatu berri duzu duela gutxi. Zer moduz doa?
-Gorria azaroan estreinatu genuen, eta oso harrera ona izan zuen. Bistan da bertsoak eta flamenkoa daudela, baina gauza gehiago ere gertatzen dira. Legution izan gara joan den 10ean, eta Bergaran ere izango gara otsailaren 1ean.Programazio gehiago dituzu aurreikusita?
-Zorionez, agenda beteta daukat. Data dezente ditut itxita Gorria ikuskizunarekin: adibidez, otsailaren 8an Erandion gaude, 21ean Barakaldon, 22an Markinan, martxoan Barakaldora itzultzen gara, Berrizera ere joango gara... Eta hilaren 29an Gasteizen gaude! Jimmy jazzean ariko naiz Alejandro Rodriguez dantzariarekin batera. Uste dut, gainera, beste izen bat jarriko diogula ikuskizunari, eta flamenko tradizionala dantzatuko dugu. Pozik nago, asko gustatzen zaidalako Alejandrorekin dantzatzea; dantzari bikaina da, eta pertsona liluragarria. Berriketan taldearekin oraingoz ez dago data itxirik, beste ikuskizun baten sorrerarekin gaudelako, baina deitzen badigute gustora eta pozik joango gara, noski. La Pulga eta konpainiarekin, momentuz, ere ez daukat ezer itxita, baina ea laster deitzen diguten, beti oso aktibo gaudelako. Lehen ez dizut komentatu, baina Zornotzan ere klase trinkoak eman genituen, eta Emakumearen hainbat etxetan ere izan gara, Tolosan eta Donostian, esaterako. Zaila da flamenkoa dantzatzen ikastea?
-Ez, zaila ez, gogoa eta ilusioa izan behar da eta horrekin dena lortzen da. Nirekin urte batzuk daramatzaten eta flamenkoa bikain dantzatzen duten ikasleak ditut.Zer sentitzen duzu dantzatzen duzun bakoitzean?
-Libre sentitzen naiz, nire unea izango balitz bezala. Gasteiztarra izanda, zer sentitzen duzu gasteiztarrentzat dantzatzen duzun bakoitzean?
-Ja, ja, ja? batzutan Gasteizen dantzatzen dudanean, urduriago jartzen naiz beste inon baino gehiago, ze bitxia, ezta? Baina orokorrean ondo sentitzen naiz.Dantzatzeaz gain, zeintzuk dira dituzun gainerako zaletasunak?
-Bidaiatzea, adibidez, asko gustatzen zait, eta mendira joatea, natura oro har.
Nola jaio zen zure ikuskizunetara deitu eta zu La Pulga bezala ezagutzeko ideia?
-Taberna batean zerbitzari gisa lan egiten nuenean, La Pulga deitzen zidan bezero bat nuen, oso urduria eta txikia naizelako,... egun batean nire lagun min batek ezizen hori entzun zuen eta ordutik La Pulga deitzen hasi zitzaidan. Nire laguna hil zen eta haren omenez La Pulga izena eramatea erabaki nuen.Zer eskatzen diozu 2020ari?
-Zoriontsu izaten jarraitzea, eta baita gustuko dudanaren alde egunero borrokatzeko aukera izaten jarraitzea ere.