NAFARROAN literatur sari esanguratsu baten hutsunea zegoela-eta ekin zioten Etxepare sariak antolatzeari, 2004an. Haur, gazte eta helduentzako literatura sariak banatu zituen bi urtez. 2006tik aurrera, haurrentzako albumak sortzeko beka bihurtu zen Etxepare, eta helburu zuen euskaraz sortutako albumen produkzioa sustatzea. Azkenean, beka izateari utzi eta sariketa bilakatu zen. Aurtengo edizioan, guztira, 23 lan aurkeztu dira lehiaketara. Asier Iturralde eta Aintzane Usandizaga izan dira irabazleak, Etxe honetan album ilustratuan eginiko lanarengatik.
Egileek azaldu dute ez zutela espero saria irabazterik, baina egindako lanaren ostean, “merezi” izan duela diote.“Biko-teka ikastaroa zela-eta jarri genuen martxan proiektua; behin urratsak emanda, istorioa gustatu zitzaigun eta erabaki genuen amaitu eta sariketara bidaltzea”, kontatu du Usandizagak. Iruñeko Udalak eta Galtzagorri elkarteak antolatzen duten ikastaroa da Biko-teka, eta Etxepare sariketak bezalaxe, euskarazko albumen produkzioa handitzea du helburu. Iturraldek azaldu du bertan parte hartzeko bi aukera daudela: “Batetik, bikoteka izena emateko aukera dago, istorio jakin batekin; bestetik, bada idazle edo ilustratzaile gisa apuntatzeko aukera ere, bakoitzak nahi duena”. Eta hala egin zuten bikoteko kideek. Usandizaga idazle gisa apuntatu zen, eta Iturralde ilustratzaile. Antolatzaileek batu zituzten ikastarorako
UMOREA oinarri Ez zuten elkar ezagutzen, eta beraz, erabaki zuten jakin behar zutela norberaren gustuak zeintzuk ziren. Hala, Usandizagak azaldu du saiatu zirela “elkarren arteko topalekua” bilatzen, norberaren nahi eta gustuei jarraika. “Konturatu ginen umorea zela komunean genuen puntuetako bat; horrez gain, ez zitzaizkigun gusta-tzen irakaspen bat zekarten istorioak”, gaineratu du Iturraldek. Hori dela eta, umorea oinarri hartu, eta “argumentu sakonik gabeko” istorio baten aldeko hautua egin zutela argitu dute.
Lanaren izenburuak dioen eran, etxe batean gertatzen diren abenturak kontatzen ditu istorioak, hitzak eta irudiak lagun dituela. Aitona bat eta haren iloba dira ipuineko protagonista nagusienak. “Istorioa irakurriz gero, sakontasuna baduela nabari genezake; iloba urakan bat da aitonaren mundu neurtu eta perfektuan, baina asko laguntzen diote elkarri”, esan du Usandizagak. Eta Iturraldek ere bat egiten du idazleak esandakoarekin. Haren esanetan, haien arteko harremana da kontakizunaren oinarrietako bat. Hala ere, ilustratzaileak gaineratu du harreman eredu hori ez dela horren “esplizituki” azaltzen, eta beraz, irakurleak “interpretazioak” egiteko aukera duela.
AZKEN UKITUAK Bakoitza bere kasa. Hala apuntatu ziren Usandizaga eta Iturralde lehen urratsak emango zituzten Biko-teka ikastaroan. Ordu artean, ez zuten pentsatu ere egin Etxepare saria irabaziko zutenik. Hala ere, epaimahaikideek haien lana aukeratzeaz gain, hura argitaratuko du Pamiela argitaletxeak, udazkenean. “Saria irabazi izana pozteko arrazoia da, baina liburua atera ahal izatea are ederragoa”, azaldu du Usandizagak. Eta gaineratu du gustatuko litzaiokeela istorioa inguruan dituen haurrekin irakurtzea eta haiek gozaraztea. Horretarako, ordea, Iturraldek nabarmendu du “azken ukituak” eman behar dizkiotela lanari: “Pamiela argitaletxearen gomendioak jarraitu eta lana txukundu beharko dugu”.
Aurrera begirako lanei dagokienean, egileek azaldu dute oraindik ez dakitela elkarlanean beste zerbait egingo duten ala ez. Idazleak esan du promozioarekin lana izango dutela, eta horretan jardungo dutela, nahiz eta aterik ez itxi. Iturraldek, ordea, argi ttipi bat ikusten du: “Gustatuko litzaidake zerbait gehiago egitea; gainera, uste dut landu ditugun pertsonaiek jarraipen bat izan dezaketela beste album batean”.