Tupust kolektiboa 2016. urtean sortu zen, Donostian, komikia eta feminismoa uztartu eta emakume sortzaileen saretzea sustatzeko helburuarekin. Kolektibo bezala beste urrats bat eman du orain elkarteak: izen bereko Tupust! komiki bilduma eman dute argitara, Txalaparta argitaletxearekin. 20 sortzaile baino gehiagoren lanaren emaitza da 14 istorio laburbiltzen dituen komiki-antologia feminista. Helburua, argia: “Lan profesional bat egitea, euskaraz, eta genero ikuspegia zaintzen duena; hori izan dugu helburu hasieratik”, diote Maite Gurrutxagak eta Ainara Azpiazuk, kolektiboko kide eta irudigileek.
Tradizioz istorioen nahiz gorputzen sorkuntzan emakumeei eskaini zaien espazio eza salatzen dute Tupust kolektibotik: “Komikigin-tzan emakumeak hor izan gara beti, eta bagaude. Ez zaigu, ordea, gizonei besteko espazioa eskaini eta ematen du ez garela esparru honetan existitzen”. Uste orokor hori desegitera datoz: “Askotan entzun izan dugu emakumeok ez dugula komikigintzan, binetagintzan, umoregintzan eta satiragintzan lan egin nahi. Uste faltsu horrek talka egiten du errealitatearekin”, diote kolektibotik. Eta, hain zuzen ere, ingurumari horretan jarri dute martxan Euskal Herri mailako komiki antologia feminista, “sorkuntza zurrunekin apurtzeko”.
Nitasunetik kolektibora Egile profesionalak amateurrekin nahastuz, hogei bat pertsona inguruk parte hartu du Tupust! komiki bilduman. Kolektiboak hiru baldintza jarri ditu komiki guztien oinarrian: gaia “ni” edo “nitasunak” izan behar zuen, egileek orri kopuru jakin ba-tzuen gainean lan egin behar zuten eta bi kolore bakarrik erabili ahalko zituzten, berdea eta gorria. “Muga teknikoak jarri ditugu, baina norberaren espresioa ez mugatzeko saiakera bat egin dugu”, azaldu du Azpiazuk.
Aukeratutako gaiaren, hots, “Niaren posibilitateak” nabarmendu ditu Gurrutxagak: “Komikiei nolabaiteko batasuna emateko helburuarekin, gaiaren inguruko ideien ekaitza egin genuen, modu asanblearioan. Nia oso gai egokia iruditu zitzaigun, alde batetik gutaz hitz egiteko aukera ematen digulako eta, bestetik, oso kontzeptu zabala delako, istorioak sortzeko erraztasunak ematen dituena”. Hortik aurrera, irudigileak libre izan du gainontzeko guztia. “Batzuek euren bizipenetara jo dute, komikia bereganatuz. Beste batzuek nahiago izan dute idazle, gidoigile edota ilustra-tzaile batekin elkarlana sortzea. Norberak erabaki du nola eraiki bere kontakizuna”, kontatu du Azpiazuk.
Komiki batzuek testuaren laguntza dute, beste batzuk soilik irudiak erabiliz eraiki dira. Batzuek bineta, marrazki eta testu asko dituzte orrialde bakoitzeko, beste orrialde batzuk irudi bakarrarekin betetzen dira. Istorio eta estilo aniztasuna nagusi suertatu dira liburuan, eta nitasunaren inguruko gogoetak eman dio bildumari batasun puntu hori. Koloreak ere unitate itxura eman die istorioei: “Sortzaile ezberdinen irudizko obrekin egin dugu lan eta batasun estilistikoa bilatu nahi izan dugu. Bilatze horretan, kolorearekin egin dugu topo”, azaldu du Gurrutxagak. “Berdea eta gorria osagarriak dira euren artean eta, biak nahastuz, beltza sortzen da. Horrek ere indarra eman die istorioei”, uste du Azpiazuk.
Ezinbesteko urratsa Irudigileek “ezinbestekotzat” jo dute kolektibo bezala eman duten urratsa: “Bazen garaia, indar pixka bat hartu eta emakumeen lana eta presentzia plazara ateratzeko. Kalitatezko lan bat egiteko gai garen emakume asko gaude Euskal Herrian, eta lan honek ikusgaitasun hori ereiteko asmoz argitaratu dugu”, azaldu du Azpiazuk. Gurrutxagak, bere aldetik, egileen arteko sare bat osatzearen garrantzia azpimarratu du: “Sare hori lan eta proiektu berriak abiarazteko baliatu ahal izango dugu, izan ditzakegun zalantzak gainon-tzeko taldekideekin partekatzeko balio ahalko digu. Azken finean, elkarri laguntzeko balio dezakeen komunitate bat sortu dugu”.
Halaber, bat egin dute komikigin-tzak Euskal Herrian bide luzea egiteko duela esatean, alegia, tradizio gutxi dagoela gurean: “Komikia oso gauza murritza da Euskal Herrian. Estereotipo eta espazio jakin batzuk hartu ditu, baina komikia hori baino askoz gauza zabalagoa da. Mila modu daude komikiaren bitartez kontatzeko”, uste dute. Euskara eta komikia kontrako ertzetako kon-tzeptuak direla azaldu dute: “Euskal Herrian eta euskaraz egindako komikigintzaren hastapenetan gaude. Gero eta irakurle gehiago dago, baina arte honen abaniko zabal honetan oso eremu txikia jorratu dugu. Horrek, zorionez, eremu handi bat uzten du esploratzeko eta jorratzeko. Eman diezaiogun aukera bat euskal komikiari”.