DATORREN larunbatean, zortzi bertsolari igoko dira Bilbao Arenako oholtzara, eta horietako bat izango da Nerea Ibarzabal Salegi (Markina-Xemein, 1994). Gaztea den arren, azken urteetan punta-puntan ibili da, belaunaldi berrien ordezkari distiratsuenetako bat izateraino. Iaz, Txapelketa Nagusiko finalaren atarian geratu zen. Bizkaikoan, datorren larunbatekoa bigarren finala izango du. Lehenengoan gozatzera irten zen; bigarren honetan, ez da horrekin konformatuko.
Beteranoak eta gazteak egongo zarete Bilboko oholtzan. Nolako finala espero duzu?
Polita geratu da, gaztea. Ni baino gazteago bat dago, Aitor Bizkarra, eta hori poztekoa da. Bestela, orain dela urte bikoaren oso antzekoa da. Itxura ona hartzen diot, lagun giroko saioa irten ahal dela uste dut.
Zerk harritu zaitu gehien aurtengo txapelketan?
Gaiek harritu naute, asko gustatu zait zer gai estilo entzun ditudan. Uste dut hor badagoela eboluzio bat, gai-jartzaile taldeari eskertu beharrekoa. Bertsoen mailari dagokionez, saio onak entzun ditut, gaztetxo batzuen lana ikusita, maila ona dago Bizkaian.
Finalean zein izango da zure jarrera?
Ahalik eta ondoen egitera joango naiz. Orain dela urte bi ere bai, baina orduko hartan lehenengo finala nuen eta esperientzia bizitzea zen inportanteena. Postuari ez nion horrenbeste begiratu, aurten ahaleginduko naiz estutzen. Gustura kantatu nahi dut eta horretarako aukera handia dudala ikusten dut.
Gauza asko aldatu dira bi urtean. Txapela janzteko faboritoen artean sartu behar zaitugu?
Finalean ez dakit. Baina finalaurrekoetan bai, lehenengo aldiz sumatu dut pasatzeko presio hori, faborito izatearen zama. Finalean, denok izango gara geure eskualdeko faborito, denok eman genezake maila ona. Ahaleginduko naiz presioa ahalik eta ondoen gestionatzen. Ez daukat ezer neure buruari eta besteei demostratzeko, inoiz baino plaza gehiago egin ditut azken hileetan. Bertsolari titulua onartu diot neure buruari, badakit bertsotan, eta finalean ere, egun ona zein txarra eduki, bertsotan egiteko gai naizela garbi daukat.
2016an Bizkaiko finalista; iaz, Txapelketa Nagusiko finalaurrekoetan lan bikaina egin zenuen. Garapen hori ikusita, noraino hazteko gai ikusten duzu zeure burua?
Goiko aldetik, mugarik ez dut ipiniko. Egia da azken bi txapelketak oso ondo irten zaizkidala. Askotan kritikatzen dugu txapelketa, asko sufritzen dela, presio izugarria... baina txapelketei esker nabil ni plazan. Orain ere, txapelketa ahalik eta ondoen amaitu nahi dut, gero etorri daitekeena horren fruitua izango delako. Ahaztu gabe bertsolari-tza urteko beste egun guztietan ere hor dagoela.
Emaitzak alde batera utzita, zure bertsokera norantza eraman nahiko zenuke?
Esan nahi dudana ahalik eta ondoen esatera heldu nahi dut. Nerearen begiradatik kantatu nahi dut, berbetan nagoenean gustura esaten ditudan gauzak bertsotan esateko gai izan nahi nuke.
Bertsolaritzaz hausnarketa egiteko orduan, ez zabiltza bakarrik. Askotan ikusi zaitugu beste bertsolari gazte batzuekin, gehienbat emakumeekin.
Denbora luzea daramagu elkartzen, hausnartzen. Emakumez osatutako saioak egiten ditugu, eta hor sor-tzen diren hizkuntza, pentsamendua eta gaiak beste plazetara eramaten ari gara. Zorteko sentitzen naiz, talde hori ezinbestekoa da, uste dut ardura handia daukagula. Oholtzan gaudela, sare bat daukagula sentitzen dugu, elkarren pozak pozten gaitu. Hori ez dakit sarritan esan daitekeen bertsolaritzan, hainbeste lehia dagoen lehiaketetan. Kolektibo moduan indarra dugu.
Txakur Gorria kolektiboan ere bazabiltza. Hor sormena da erdigunea?
Hiru urte dauzkan proiektua da, baina aurten kooperatiba bihurtu gara, zaletasun izatetik ia lana izatera pasa da. Sormena erdian dela, saia-tzen gara proiektu guztiak ahalik eta modu kolektiboenean egiten: Kartelak, antzerkiak, ilustrazioak eta abar. Honek erakusten du, taldean egiten den sormen lanak askoz ere bide luzeago eta indartsuagoa dakarrela. Hori ez zaigu ahaztu behar, sufrimendua eta presioa hor daude, eta banaka aurre egitea gogorra da, kolektiboak babesten gaitu.
Bertsolaritza afizioa ala ofizioa da zuretzat?
Ofiziora igarotzen dabilela esango nuke. Orain, pozten naiz hala delako. Orain dela pare bat urte, zalan-tza batzuk izan nituen. Ez dakit nik erabaki dudan ala bertsolaritzak aukeratu nauen, baina momentu honetan, nire bizitzaren zentroan dago bertsoa, ez dakit noiz arte, baina gustura nabil.
Hala ere, ikasketaz kazetaria zara, eta kolaborazioak egiten dituzu hainbat mediotan.
Idaztea atsegin dut, baina beharbada iritzi-zutabeak eta halakoak. Kazetaritza informatiboa baztertuago daukat. Zoragarria iruditzen zait, baina sasoi batean dezente erre nintzen, beste gauza batzuek gehiago ematen didate. Pozten naiz ikasketa haiek egin izanaz, idazteko orduan asko lagundu zidan, ideia laburrak zehatz botatzen ikasteko eta gaurkotasuna segitzeko ohitura hartzeko. Baina momentuz, bigarren planoan utzi dut.
Markina-Xemeingoa zara. Azkenaldian bertsolaritzaren inguruko mugimendua nabari da herrian.
Markina-Xemein beti izan da herri bertsozalea, baina azken urteotan bertso-eskolan ez da egon ikasle berririk. Gaztetxean hasi dira elkar-tzen, ni ere ahal dudanean joaten naiz, eta taldetxo polita sortu da. Gazte batzuk etortzen hasi dira, txapelketan ere saio guztietara joaten dira. Hori da onena, zaleak sortzen badituzu, mugimendua sortzen duzu, eta hori bermea da herrian bertsoak iraun dezan.